Aldizkari Digitala

Txantxarreka gaztetxetik Txantxafrika harrera-etxera

Donostiako Antigua auzoan dago Txantxarreka gaztetxea. 2018az geroztik migratzaileentzako harrera-etxe ere bihurtu da, eta horregatik esaten diote Txantxafrika. Hona iristea eta euren egoera egonkortzea oztopoz betetako prozesua dela azaldu digute.

Herrialdea gerran egotea, baliabiderik ez izatea, etorkizun hobe baten bila joatea, diktadura batetik ihes egitea… Pertsona batek jatorrizko herrialdea atzean utzi eta bidaia luzeari ekiteko arrazoiak asko izan daitezke.

Luciano, 22 urteko gaztea, Kamerungo Doualla herrian jaio zen eta bertako egoera gatazkatsuak Donostiaraino ekarri zuen 2018. urteko abuztuan: “Afrikatik Europara heltzeko urte eta sei hilabeteko bidaia gogorra egin nuen”. Nigeria, Aljeria eta Maroko zeharkatu ondoren, hamar ordu igaro zituen patera batean Tarifako kostaldera iritsi aurretik. “Nigeriako basamortuan astebete pasatu nuen janaririk eta edaririk gabe. Oso gogorra izan zen”, kontatu digu.

Paul Ibarrak Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko gradua ikasi du.

Berarekin eta Paul Ibarra donostiarrarekin Gipuzkoako hiriburuko Txantxarreka gaztetxean elkartu gara. Luciano Donostiara iritsi zen garai berean erabaki zuten aipatutako gaztetxeko kideek harrera-etxea irekitzea. Izan ere, urte bereko ekainean 46 migratzaile iritsi ziren Donostiako autobus-geltokira egun bakarrean. Eta ordutik aurrera gehiago etorri dira.

Herritarren erantzuna
“Ez genekien nola, baina lagundu egin nahi genuen”, adierazi du Ibarrak, eta migratzaileen olatuari erantzuna emateko, boluntarioak bildu eta Txantxafrika ekimena abiatu zuten gaztetxean bertan; hau da, harrera-etxea ireki zuten eraikineko zati bat egokituta, “gizarteak erreakzionatu egin behar zuelako”.

Ez dira bakarrak izan, beste gaztetxe batzuetan ere bide bera hartzea erabaki baitute: “Irungo Lakaxita edo Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeekin hainbat gai landu ditugu. Hala ere, zaila da elkarrekin aritzea, bakoitzak bere errealitatea duelako”, azaldu digu Paul Ibarrak.

Lucianok urte eta erdiko bidaia gogorra egin zuen Afrikatik Europara etortzeko.

Luciano Donostiara heldu zenean, ez zekien non zegoen ere: “Ez nekien zer herri zen. Frantziara joatea zen nire asmoa, frantsesez gaztetatik hitz egiten dudalako”. Gipuzkoako hiriburuko Gurutze Gorriaren aterpetxe batean hiru gau pasatu zituen: “Ez dugu denbora gehiago igarotzeko aukerarik. Hiru gau pasatu eta kalera”. Orduan, Irunera joan zen, baina ez zioten Frantziara pasatzen utzi: “Berriro Donostian, gobernuz kanpoko erakundeen ateak jo nituen eta, azkenean, harrera-sare baten bidez, Txantxarrekako gazteengana heldu nintzen”. Hamar hilabeteren ostean, bertan jarraitzen du: “Txantxarreka kolonizatu egin dugu, orain Txantxafrika da. Gazte hauekin familia bat osatu dugu”.

Txantxafrikako familia
Familia lehen baino pixka bat txikiagoa da orain, zazpi pertsona baitaude une honetan harrera-etxean. “Hasieran emakumeak, haurrak eta gizonezkoak iritsi ziren. Une batean, hamasei lagun izan genituen”, kontatu digu Ibarrak. “Ezin genuen jende gehiago artatu. Orain, berriz, gutxiago dira, guztiak gizonezkoak eta 20 eta 35 urte artekoak”.

Hasieratik 40 migratzaile inguru pasatu dira Antiguako gaztetxetik, guztiak afrikarrak: Ginea, Burkina Faso, Kamerun, Senegal, Uganda… “Leku askotako jendea egon da, leku bat eman digute, baita janaria ere. Hori da garrantzitsuena”, esan digu kamerundarrak. Eskertuta dagoen arren, badaki laguntza hori ere amaitu daitekeela: “Berez gaztetxea ez da bizitzeko leku bat eta hori beti dugu buruan”. 

 

Txantxarreka gaztetxea Donostiako Antigua auzoan dago.

Goizez Helduen Hezkuntza Iraunkorrera joaten da ikastera eta arratsaldez elektrizitateko ikastaro bat egiten du: “Kamerungo tituluak hemen ez dit balio. Goizekoa Caritasen laguntzari esker egiten dut eta arratsaldekoa, harrera-etxea bihurtu denetik Lanbideri esker”. Lucianok bazekien gaztelaniaz Euskal Herrira heldu aurretik: “Migratzaile askok ez dakite ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz hitz egiten, eta horrek asko zailtzen du beraien egoera. Ni, ordea, hiruretan mintza naiteke”.

Paperak lortzeko zailtasunak
Migratzaileen egoera arautzeko prozesua “luzea eta oztopoz betea” dela esan digu Paul Ibarrak: “Hiru urtez hemen erroldatuta egon behar dute eta urtebeteko lan-kontratua izan. Guztia da zailtasun”. Lucianok badaki bidea luzea izango dela: “Nola lortuko dugu urtebeteko lan-kontratua paperik gabe? Bere egoera arautzea lortu duen lagun bat daukat eta neuk ere lortuko dut, ziur nago. Hau da nire herria; euskalduna naiz”. Berak independentziarekin egiten du amets: “Zoriontsu izateko paperak, lana, eta emakume euskaldun batekin ezkontzea lortzea da nire gogoa”.

Migratzaileen arazoari aurre egiteko elkartasun-proiektua da Txantxafrika.

Erakundeei erantzukizuna eskatu die Ibarrak: “Txantxafrika proiektuak jendea elkartu du, eta horri esker, gizarteak sistema nolakoa den ikusi du. Errealitatea oso gogorra da, baina jendea nola mugitzen den ikusteak itxaropena ematen dit. Nik uste dut asko ikasi dudala”.

Ekimena martxan jarri zutenean lantalde handiagoa zeukaten, azpitaldeetan banatuta. Orain autonomia handiagoa dute migratzaileek. “Janaria elikagai-bankutik lortzen dugu, eta oheak eta gauza materialak jada baditugu. Nolanahi ere, egia da arazo juridikoak ez direla inoiz amaitzen eta dirua beti dela ongietorria. Batez ere bizilekua eta lana behar dituzte”, adierazi digu Ibarrak.

Ezagutzen duzu Txantxafrika egitasmoa edo antzekorik? Erakundeek zer egin beharko luketela uste duzu? Zer egingo zenuke zuk migratzaileei laguntzeko?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Nola bururatu zitzaizuen Txantxarreka gaztetxean harrera-etxea martxan jartzea?
Munduko testuinguruan, migrazio-prozesua edo olatua hasten da, batez ere, azkeneko urteetan mundu-mailan, bai ikus(i) dezakegunez Mediterraneoko krisiak, karabanak Latinoamerikan eta horrelakoak gertatzen dira azkeneko urteetan; eta Euskal Herrira iristen zaigu 2018ko udaran. Horren aurrean, ez Euskal Herriko instituzioak, ez Europako beste herrialdeetako instituzioak ez daude prest, ba bueno, horren aurrean zentzu duin batekin jokatzeko; eta beraz, ba bueno, instituzioen utzikeriarengatik gizarteak erreakzionatu behar izan zuen eta erreakzionatzen ari da ere bai. Eta horren aurrean hainbat gaztetxetan, hainbat kolektibotan hasten da hau lantzen. Guri iristen zaigu abuztuaren lehenengo astean proposamen bat, ea Donostiako migratzaileei ea tokia utz(i) diezaiekegun, eta bueno guk baietz esaten diegu inongo ideiarik izan gabe.
 
2. Nolakoa izan zen hasiera hura? Zer behar izan zenuten?
Horrekin bueno hasten dira etortzen eta abar. Hasieran pila bat ziren eta bueno, guk ere ez genekien zer egin. Honetaz ere ideiarik ez, eta bueno, hainbat, Donostiako, eskualdeko edo probintziako jendearen laguntzaz edo kolektiboen laguntzaz eta abar, ba bueno, hona jendea biltzen hasten da, hasten gara pixka bat elkar elikatzen eta formatzen honetan eta abar. Eta bueno, lantalde, azpitalde desberdinak egiten ditugu: ba izan daitezkeenak itzulpengintzakoak, osasungintzakoak, azpiegitura, juridikoa eta arlo horietakoak. Eta bueno, pixkanaka hasten gara etengabeko bucle (kiribil) horretan sartzen.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 18, 2019
Number: 47738417
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:02:55
Number of visits: 382