Aldizkari Digitala

Maurizia Aldeiturriaga, pandero-jotzailea

Panderoa jotzen, irribarretsu eta "Aupa Maurizia!" esanez gogoratuko du batek baino gehiagok Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzailea. Musika ibilbidea Benantzio soinu-jotzailearekin, Leon albokariarekin eta Fasio eta Basilio trikitilariekin osatu zuen, batez ere. Bere ahots eta kantatzeko modu bereziagatik egin zen ezagun; panderoaren astindu bakoitzean dena ematen zuen.

Maurizia Aldeiturriaga Zabala Zeberion (Bizkaia) jaio zen, 1904ko irailaren 22an. Urri lehena esaten diote irailari inguru horretan, eta akaso horregatik, berak, urriaren 22an jaioa zela uste izan zuen zendu baino urte batzuk lehenagora arte. Amak Bilbotik ekarritako pandero batekin ikasi zuen jotzen, bere kabuz. Aita eta neba zaharrena pandero-jotzaileak ziren, baina batez ere osaba Kalisto izan zuen irakasle. Hari entzundakoa ikasten aritzen zen igande arratsaldeetan bere gelan, ezkutuan. Horrela eman zituen lehen urratsak.

Maurizia eta Benantzio senar-emazteak ospakizun batean. Iturria: Bidegileak

Musika-bikote eta senar-emazte
Langilea zen; baserritar saiatua eta arduratsua. Bederatzi urte zituela neskame joan zen Basurtura, baina hamabi urterekin itzuli zen Zeberiora hari-fabrikan lanean hasteko. Garai beretsuan hasi zen plazarik plaza kopla zaharrak abesten eta panderoa jotzen. Ahots berezia zuen, grabea. Ahots jokoak egiten zituen abesten zuenean, baxutik kantatzen hasi eta goitik amaitzea gustatzen zitzaion, eta modu horretara erakusten zuen indarrak eta naturaltasunak eman zion ospea.
Panderoa jotzen eta kopla kantari zebilela ezagutu zuen ibilbide musikalean bidelagun izan zuen Benantzio Bernaola, Karakol, bere senarra izango zena. 17 urte zituen Mauriziak, bat gehiago Benantziok. Azken honen jotzeko modua gustatu eta elkarrekin jotzen hasteko proposamena egin zion Mauriziak. Plazarik plaza ibili ziren soilik bikote musikal moduan hasieran, eta ondoren, bikote musikal izateaz gainera baita senar-emazte gisa ere. 1927ko azaroaren 5ean ezkondu ziren. Bikoteak seme bat izan zuen.

Maurizia, Fasio eta Leon. Iturria: Bidegileak

Leon, Fasio eta Basilio
Gerrak bete betean harrapatu zituen eta plazarik plaza ibiltzea eten egin zen garai hartan. Urte gogorrak izan ziren, baina ondorenean, poliki-poliki hasi zen Maurizia berriz ere batera eta bestera taula gainera itzultzen. Benantzio eta Maurizia bikoteari Leon Bilbao alboka jotzailea batu zitzaion bikoteari sasoi hartan. Benantzio 1978ko urtarrilean hil zen, baina lehenagotik utzia zion soinua jotzeari, osasun arazoak tarteko. Hala, Mauriziak eta Leonek Bonifazio Arandia, Fasio, trikitilariarekin osatu zuten hirukotea, eta Fasio zendu ostean Basilio Undagoitia soinu-jotzaile, pandero-jotzaile eta trikitilariak jarraitu zuen Maurizia eta Leonekin.

Umoretsu eta alai agertu ohi zen jendaurrean, baina oso serio hartzen zuen bere lana Mauriziak. Plazetan egindako urteetan beti bera arduratu zen jardunaldi bakoitzaren aurretik egin beharrekoak lotzeaz. Emanaldi egunetan ere denboraz ibiltzea gustatzen zitzaion, emanaldi bakoitza bakarra baitzen beretzat. Jantzi tradizionalarekin joaten zen beti emanaldietara, baita estudioetan eginiko grabazioetara ere. Emanaldien aurretik, edonon zela ere, erritu bera errepikatzen zuen: egunkari horri batzuei sua eman eta panderoaren larrua berotzen zuen saiorako prest uzteko.
Mauriziak zendu arte jarraitu zuen panderoa jotzen. Oholtza gainean erakusten zuen indar eta naturaltasunarekin jendea harrapatzea lortu zuen, Leon lagun zuela. Euskal musikari askorentzat erreferente izan ziren, kantatzeko modu libre hark askoren miresmena sorrarazi zuen. Kortatu taldeak, esaterako, “Tolosa Inauteriak” abestiaren hasieran sartu zuen Mauriziaren ahotsa.
 

1988ko maiatzaren 19an hil zen Maurizia, baina haren doinuek bizirik jarraitzen dute grabazioetan, eta baita semearengan eta bilobengan utzi zuen oinordekotzan.

Mauriziaren bizitzari buruz argitaratu dira liburu bat baino gehiago. Bidegileak liburuxka da horietako bat. Liburuxka hori osorik ikus dezakezu hemen.

Aupa Maurizia! liburuan, berriz, Mauriziaren biografia pertsonala eta musikala aurki ditzakegu. Fredi eta Xabier Paia anaiek idatzitako liburua da. Bertakoa da ondoko pasadizoa, Mauriziak bere burua aupatzeko erabiltzen zuen "aupa Maurizia!" oihuari buruzkoa da,Teodora errainarekin izandako elkarrizketa: 

- Maurizia.
- Zer, Teodora?
- Jende askok galdetu dit ea zergatik esaten duzun “aupa Maurizia” plazan jotzen ari zaren bitartean. Eta egia esan, neuk ere ez dakit zergatik egiten duzun.
- Teodora, horrek erantzun erraza dauka ba! Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean…eta Fasio totela da! Bietako zeinek animatuko nau ni?
- Arrazoi!
- Horregatik esaten diot nik neure buruari…Aupa Maurizia!


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 10, 2019
Number: 47477485
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 179