Aldizkari Digitala

Interneten informazioa bilatuta, medikuaren kontsultara

Internetek ematen dituen aukerak baliatuta gure osasunari buruz informazioa bilatzeko ere erabiltzen dugu sarea. Medikuarengana joan aurretik egiten dugu askotan. Horren inguruan medikuek diote informazioa gune fidagarrietan bilatu behar dela, eta aurkitutakoa zuhurtziaz interpretatu.

Teknologia berriek goitik behera aldatu dute gure bizimodua. Egungo gizartean badirudi ezin dugula teknologia berririk gabe bizi, duela gutxira arte halakorik gertatzea pentsaezina iruditu arren. Horrek egunerokoan alor askotan du eragina: gaixorik baldin bagaude, esaterako, sarean begiratzen dugu zer egin behar dugun “jakiteko”. Medikuarengana joan aurretik, gero eta jende gehiagok dituen sintomei erreparatu eta sarean bilatzen du horri buruzko informazioa.  

 

 Adinekoekin lan egiten duela kontatu digu Peñak.

Iñaki Peña Bandres sendagilea Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kidea da, eta berarekin hitz egin dugu, besteak beste, interneten begiratzearen onurez eta kalteez. 23 urte daramatza barne-medikuntzako espezialitatean lanean, eta azken urteetan, zainketa aringarrietan aritzen da, sendabiderik ez duten gaixoekin. “Adinekoekin egiten dut lan, eta beraiek paziente klasikoak badira ere, seme-alabak askotan etxeko lanak eginda etortzen dira”, azaldu digu Peñak.

Alde biko aldaketa
Internetek gizarte osoan izan du eragina, baita medikuntzan ere. Eragin horrek bi alde dituela azaldu digu Peñak: “Klik batzuk eginda, informazio guztia eskura dugu, eta horrek profesionalen artean lan egiteko modua ere zeharo aldatu du. Lehen liburu eta aldizkarietan begiratzen genuen, eta, orain, berriz, sarean”.

Medikuen eta pazienteen arteko harremanean Internetek zeresana izan du.

Medikuen artekoaz gain, pazienteekin duten harremana ere aldatu dela aitortu digu: “Lehen ez zegoen horrelakorik eta ezagutza osoa sendagilearen esku zegoen. Egun, kasu batzuetan, jendeak konfiantza handiagoa du makinetan…”. Horixe argitu nahi izan digu barne-medikuntzako sendagileak, bere ustez, pazienteek irakurtzen duten guztia ez dela egokia. “Teoria gauza bat da, eta bestea praktika. Nik hogei urte baino gehiagoko lan-esperientzia dut, eta horrek sarean topatzen dudanetik zeri kasu egin eta zeri ez bereizten laguntzen dit”, azaldu digu.

Azalpen horrekin lotuta, Iñakik Interneten begiratzen duen pazienteari jarraibide batzuk ematen dizkio: “Lehenengo, non begiratu behar duen argi izatea; ondoren, irakurtzen duen horretatik baliagarria dena aukeratzea; eta azkenik, zalantzak izanez gero, medikuaren kontsultara joatea. Hori egin ezean, jende askok alferrik sufritzen du, irakurritakoa sarritan oso negatiboa izaten delako”.

Pazienteak sarean bilatzen duen informazioak askotan beldurtu egiten du. 

Modako gaia
Pazienteek irakurritakoarekin sufritu ala ez, argi dago zerbait ez dakigunean, Interneten ia guztiok begiratzen dugula. Modako gaia dela aitortu digu Iñakik: “Kongresuetan eta jardunaldietan horri buruz hitz egiten dugu, Internetek, sare sozialek edo blogek zertan eragiten duten gure lanean. Gainera, mediku, erizain eta gaixoen artean hainbat komunitate birtual ere osatzen ditugu, eta oso interesgarriak dira”.

Argi izan behar dugu telebistan ikusi, irratian entzun edo sarean zerbait irakurrita ere, horrek ez duela egia bihurtzen. “Agian jendeak bestelako medikuntzetara edo sendabideetara jotzen du, horren inguruan zerbait irakurri duelako. Zerbait naturala dela pentsatzen dute, eta behin baino gehiagotan larrialdietan amaitzen dute. Beraz, pazienteek gauza bat kontuan hartzea nahiko nuke: Interneten begiratu bai, baina badaude arautu gabeko arloak eta arriskutsu samarrak direnak”.

Gaur egun, klik batzuk eginda informazioa gure esku dugu. 

Peñak profil jakin bateko gaixoak aipatu dizkigu, berarentzat salbuespena direnak: “Pazientea kronikoa bada eta urte luzez badago gaixorik, sarean ibili eta kontsultatzeko gai izan daiteke. Hala ere, kasu gehienetan, bi alde dituen tresna da: batetik, ona, eta, bestetik, kontuz ibili beharrekoa”.

Etorkizunean, bide horretatik jarraituko dugula esan digu Peñak, paziente zein mediku-egoiliar gazteen artean horixe ikusten baitu.

Zuk ere medikuarengana joan aurretik, Interneten begiratzeko ohitura duzu? Inoiz eman dizu beldurrik irakurri duzunak? Iñakik arrazoia duela uste duzu pazienteari emandako jarraibideetan?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Gaur egun, jende askok Interneten begiratzen du zer gaixotasun duen edo zer egin sendatzeko…
Hori gero eta gehiagotan ikusten da. Nik igual konkretuki (zehazki) nire kontsultan igual ez hainbeste, baina egia da asko aldatu egiten dela adinaren arabera. Eta gure pazienteek pues (ba) bueno, pues (ba) igual, modelo zaharra dauke (daukate), modelo klasikoa: etortzen dira, galdetzen deutsue (dizute) zuri, fidatzen dira zutaz, eta zu zara erreferentea… Baina egia da seme-alabak eta jada 40 urterekin edo pues (ba) jada etortzen direla pixka bat etxeko lanak eginda, batzuetan.
 
2. Zure ustez, norberak bere kabuz bilatzea, onuragarria edo kaltegarria da?
Bestela, orokorrean, Interneten, nik ikusi dodana (dudana) da beldurtzeko toki bat dela, argi eta garbi. Zeren azkenean jendeak ez daki filtratzen (iragazten) zer den iturri ona eta iturri ez hain ona, ez? Eta orduan, horretarako bai gaudela gu, ez? Kontsultan pixka bat esateko: “Begira, pues (ba) nahi baldin baduzu hau irakurri, sartu hemen, edo hemen. Baina bestela, azkenean jendea etortzen da beldurtuta, eta beti be (ere) gelditzen da informaziorik kezkagarrienarekin. Eta orduan, etortzen dira erabat nerbioetatik jota eta pentsatzen okerrenean. Batzuetan, tamalez, pues (ba) igual bete egiten da, baina gehienetan ez. Gehienetan pues (ba) gauzak dira askoz normalagoak eta irakurri dabena (dutena) Interneten da bueno, zerbait apokaliptikoagoa. Edo eurek interpretatu dabe (dute) askoz apokaliptikoago moduan.
 
3. Askotan ez dakigu iturria fidagarria den…
Hori alde batetik eta gero informazio hori zelan (nola) interpretatu. Hori da gauza bat nik uste dut jendeak argi jakin behar duena, eta beti be (ere) pues (ba) guregana jotzea hain zuzen be (ere) horregatik.
 
4. Pazienteek Internet erabiltzen dutenean, zer egin beharko lukete?
Lehenik eta behin, jakitea non sartzen ari den, non begiratu, eta gero, begiratzen daben (duen) hori edo irakurtzen daben (duen) hori, ondo filtratzen (iragazten) jakitea. Eta ez baldin bada horrela, beti be (ere) guregana jotzea. Zeren bestela igual egoten dira alferrik sufritzen eta pentsatzen okerrean eta hori da gauza bat pixka bat, bueno, honen albo ondorioak.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 5, 2019
Number: 47315390
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:02
Number of visits: 284