Aldizkari Digitala

"LANTEGI". Jose Ramon Andaren eskulturak Kubo-Kutxan

"Jose Ramon Anda, Oteizaren antzera, proiektu razionalista batetik abiatuz, eskulturaren ezaugarri espazialetara bideratzen da"
M.S. Alvarez.
 

Jose Ramon Anda 1949. urtean jaio zen Nafarroako Bakaiku herrian. Gaztetxo zelarik, bere aitaren aroztegian azaldu zuen eskulanetarako zaletasuna. Hogei urterekin, Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademiara sartu zen eskultura ikastera. Hogeita bost urte betetzean, beka bati esker, Erromara joan zen bere prestakuntza artistikoa osatzera. 1975ean, Donostian, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan ... hasi zen taldeko eta banakako erakusketak egiten.
Kutxako erakusketa hau, lau aretotan dago banatua, Bakaikuako bere tailerraren antzera.

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa

Kubo-kutxara sartu eta eskuineko gelan, azken urteetako bere lan nagusiak eta diseinuak ikus ditzakegu: Ondarretako lorategiaren erdian kokatutako "Hiru zutabe Donostiarentzat", "Pilotara zuzen", pilotaren larruari egindako omenaldia, "Kuboaren deskonposizioa", Mesopotamiako "Zigurat-a eta Obeliskoak" ... Jose Ramonek erabiltzen dituen egitura gehienak geometrikoak dira: kuboa, piramidea, karratua, triangelua, zirkunferentzia ... Elementu geometriko hauen artean nagusiena kuboarena da. "Oteizarekin elkarrizketa" (1979) artelanean, Jorgeri gorazarrea egiteko, sinbolo gisa, modulu ezberdinetan zatitutako Kuboaren formaz baliatuko da.

Gune nagusian, hau da, 2. eta 3. Aretoetan, tamaina handiko artelanak ikus ditzakegu. Hormetako muralak planoak dira eta behe-erliebez landuak. Kantoietakoak eta leiho tankerakoak zintzilik kokatuak. "Ni eta nire itzala" obrak horma izkina eta zoruaren arteko elkarrizketa eragiten du, hutsunea mugatuz. Ezpela, hagina eta platano egurraz baliatu da eskultura hauek gauzatzeko. Sail honetako obrarik bikainenen artean "Hodei arteko eguzkia" eta "Hodei arteko ilargia" aipa ditzakegu. Platano egurrezko erretaula bat da. Kutsu astrologiko handia duen lana. Zoruan, berriz, barrutik hustutako enborrak, forma biribilduak, haritzezko pieza bat tente, txirbilez inguraturik, gorantz begira.

Laugarren aretoan, XX. mendearen bukaeran tailatutako altzari-eskulturak eta erretratuak daude ikusgai: "Romeo eta Julieta", "Erretilua", "Aitaren eta Amaren aulkiak", "Kirolari zaharra", "Nabarzabal mahaia" eta Lazkao Txiki, Unamuno, Picasso eta Karmenen irudiak.

Romeo eta Julieta (1987-90)

Erakusketa honek amets gune bat izan nahi du, Urbasako basoaren oinean jaiotako artista batek, intxaurrondoak, gaztainondoak, pagoak, haginak, ezpelak, ezkiak, haritzak, akaziak, astigarrak, lizarrak, jaiotetxearen atarian baititu.
Javier Balda da erakusketako komisarioa.


Jose Ramon Andaren erakusketa hau abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai Donostiako Kubo-Kutxaren aretoan.

Erakusketaren gaineko informazio gehiago, helbide honetan.

Artistaren webgunea, hemen.

 

 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 8, 2019
Number: 46588873
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 313