Aldizkari Digitala

Alice Guy-Blaché, pantailatik kanpo utzi zuten zuzendaria

Zinemaren sorreraz ari garenean, Lumière anaiak edo George Meliès aipatu ohi ditugu. Inor gutxik daki, ordea, haien garaikidea izan zen Alice Guy-Blaché frantziarra aitzindaria izan zela zinema-arloko hainbat kontutan: filmak istorioak kontatzeko erabiltzean, edo fikziozko zinemaren sorreran, esate baterako.

Alice Guy-Blaché Parisen jaio zen 1873ko uztailaren 1ean. Frantzian, Txilen eta Suitzan pasatu zuen haurtzaroa hainbat ikastetxetan, eta aita hil ondoren, 17 urterekin, mekanografia eta takigrafia ikasi eta lanean hasi zen etxera diru pixka bat eramateko. Argazkigintzako enpresa garrantzitsu batean idazkari-postua atera zuen 1894an, eta urtebete geroago, enpresako buruetako batek (Leon Gaumont) zinemagintzari lotutako negozio propioa sortu zuen, Gaumont konpainia (L. Gaumont y Cie), eta Guy-Blaché berarekin eraman zuen idazkari gisa. Horrela gerturatu zen Alice Guy-Blaché zinemaren mundura.
 
Filmak istorioak kontatzeko
Lumière anaiek antolatutako erakusketa batera joan zenean, Guy-Blachék argi ikusi zuen ideia: filmek istorioak kontatzeko balio zuten. Horri fikziozko antzerkian zuen eskarmentua erantsita, sortu zuen bere lehen filma, 1896an: La Feé aux Choux, historiako lehenengo fikziozko filma, hain zuzen. Minutu bat baino gehiago irauten zuen lehenengo pelikula izan zen, istorio bat kontatzen aitzindaria eta, gainera, garai hartarako teknika berriak erabiliz egin zuen.
 
Gaumontek zinema-ekoizpenerako atal bat sortu zuen enpresan, eta Alice Guy-Blaché izan zen atal horretako buru 1896tik 1906ra. Guy-Blachék egin zuen, halaber, 1906an, historiako lehendabiziko superprodukzioa, The Life of Christ. 25 minutuko filma zen, 300 estraren parte-hartzearekin. Ordurako hasia zen irudia eta gramofono batekin grabatutako audioa sinkronizatzen, eta baita efektu bereziak erabiltzen ere. Horretan ere aitzindari.
 
Frantziatik AEBra
1907an Herbert Blaché kameralariarekin ezkondu zen eta Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) joan ziren biak, lanera. 1910ean, beste kide batekin batera The Solax Company sortu zuten, Hollywood-en aurretik izan den estudiorik handiena. Alice Guy-Blaché izan zen konpainiak egindako film askoren zuzendari eta zuzendari artistikoa. Produktore exekutibo ofizioaren sortzailetzat ere hartua izan da. Eta are gehiago, lehenengo pertsona izan zen zinema ogibide moduan izan zuena; alegia, hortik bizimodua ateratzeko adina diru irabazi zuena.

Herbert Blaché eta Alice Guy-Blaché senar-emazteak.
 

Bere bizitzan zehar 1.000 film baino gehiago filmatu zituen. AEBn eta Frantzian zenbait ekoiztetxe sortu zituen, eta zuzendari, aktore eta ekoizle gisa egindako lanaren aitortza jasotzeko borroka egin zuen. Izan ere, zinemaren historiak ezabatu egin zuen Guy-Blachéren lana, hark egindako filmak senarrari edo anonimoei egotziz. Batetik, 1919an Hollywooden fenomenoak Solax konpainiaren itxiera ekarri zuen; bestetik, bikotea banandu egin zen, eta Guy-Blaché Frantziara itzuli zen 1922an. Gertaera horiekin batera itzali zen bere izarra.

 

Egindako lana aitortzeko ahalegina
Ondorengo urteetan Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuen artean ibili zen, eta azken horretan egin zituen bere azken urteak. 1964an itzuli zen hara, eta New Jersey hirian hil zen 1968ko martxoaren 24an, 94 urterekin. Urte batzuk lehenago Ohorezko Legioko saria eman zioten eta Zinemateka Frantsesak ere omenaldi bat egin zion.


2018an bete ziren 50 urte hil zenetik, eta urteurren horren inguruan, Alice Guy-Blachéren bizitzari buruzko liburua argitaratu zuten lehenik, eta 2019an, zineman aitzindari izan zen emakume honen dokumentala aurkeztu dute: Be natural, the untold story of Alice Guy-Blaché. Dokumentala dagoeneko ikusgai dago AEBn, eta urtea amaitu aurretik Europara iristea aurreikusten dute. Pamela Green-ek zuzendu du eta Jodie Foster aktoreak egin ditu ekoizle- eta narratzaile-lanak.

'Two Little Rangers' filma, 1912koa, Alice Guy-Blachék zuzendua Solax konpainian.

Urte asko eta ahalegin handia behar izan dira Alice Guy-Blachéren izenak ezkutatuta zegoen zokoa utzi eta zinemagintzan merezi duen tokia har dezan. XX. mendearen bukaeran hasi zen haren figuraren berreskuratze-lana, eta gero eta maizago agertzen da zinemaren fundatzaileen artean.

 

Alice Guy-Blachéri buruzko dokumentalaren trailerra, segidan.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 8, 2019
Number: 45720536
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 652