Aldizkari Digitala

Zuloaga (1870-1945) Bilboko Arte Ederren Museoan

"Lerro zuzenak egin eta ezker-eskuinera batere begiratu gabe, margotzen jarraitu zuen" Ignacio Zuloaga

Ignacio Zuloagaren atzera begirako hau hiru zatitan dago banatuta: Lehenengoa, XIX. mendearen bukaerakoa errealismo sozialaren estiloko obraz osatua. Bigarrena, XX. mendeko lehen bi hamarkadei dagokiena, Gaztelako egoera sozialari buruz egindako margoak. Hirugarrena, 1925. urtetik aurrera margotu zituen natura hil eta erretratuetan oinarritua.
Ignazio Zuloaga 1870. urtean Eibarren jaio eta 1945ean hil zen Madrilen. Gurasoek, karlisten gerra zela-eta, Ipar. Euskadira ihes egin zuten. Berak ez zuen Iparraldean denbora askorik egin eta berehala Parisera joan zen bizitzera. Zumaia, Segovia (Pedraza), Madril, Erroma, Andaluzia eta Paris izan ziren bere bizilekuak.
Zuloagak, lehen heziketa artistikoa, Eibarko aitaren tailerrean jaso zuen, han ikasi zuen marrazkia eta grabatua lantzen. Berezko trebetasun handia zuen eta bere kabuz ikasi zuen olioz margotzen. 1886an Paris utzi eta Madrilera joan zen. Zuloaga El Prado museoan hasi zen lanean. Museoan, bi urtez, koadro klasikoak kopiatzen jardun ondoren, Espainiako hiri eta herrixkak bisitatu zituen. Herri haien atzerapen egoera benetan tristea iruditu zitzaion Zuloagari.
Parisen, urte haietan inpresionismoa zegoen modan eta Zuloaga, Uranga, Etxeberria, Zubiaurre eta abarrekin Montmartreko giroan murgildu zen. Zuloaga berehala konturatu zen inpresionismoa berarentzat bigunegia zela. Ribera, Velazquez, Goya eta zenbait margolari barrokoen irudi  ezkor eta ilunak ikusi ondoren, pastel-koloreko pintzelkada goxoak eta ikus-sentsazio hutsaletan murgiltzeak ez zion kilika handirik sortzen. Berak irudi sakonagoak pintatu nahi zituen. Parisen bere lagunekin erakusketa bat edo beste egin ondoren, Italiara joatea erabaki zuen. Florentzia eta Erromako artelanak ezagutu nahi zituen.

Ignacio Zuloaga, 1925ean.

Zuloaga kontraesan handiko pertsona izan zen. 98ko belaunaldiko intelektualekin harreman estua izan zuen. 1936ko Espainiako gerra zibilean, Francoren alde jarri zen eta Toledoko Alkazarraren Setioa zela eta, "Toledo en Llamas” koadroa margotu zuen.
Ignacio Zuloagaren estiloa Errealismo sozialaren inguruan garatu zen. Marrazkilari eta erretratugile bikaina izan zen eta Espainia Beltzaren egoera sozio-politikoa, Gaztelako baserri-giroa, kale-bazterretan aurkitutako elbarrien, ijitoen, eskaleen, prostituten ... bizimodua jasotzen saiatu zen. Gizon eta emakume ospetsuen irudiak ere islatu zituen: "La Condesa de Noailles" (Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913), "La Merienda" eta "Segovia Hiria", "La del abanico", "La Hilandera" eta "Zahagi eta zahatogilearen etxea" dira horren adibide batzuk.

 

 

Alcala de Guadairako emakumea (1896)

Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913)

Arte Ederren Museoko erakusketa hau ehun bat artelanek osatzen dute. Ikusgai dauden obra batzuk Bilboko museoaren funtsekoak dira eta beste batzuk Espainiatik eta atzerriko museoetatik ekarritakoak. Javier Novo eta Mikel Lertxundi dira erakusketa honen komisarioak.

Margolan hauek 2019ko urriaren 20ra arte egongo dira ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan.

Informazio gehiago, helbide honetan.

 

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 6, 2019
Number: 44495542
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 554