Aldizkari Digitala

Fikzioak erakarritako turistak

'Handia' filmak Miguel Joaquin Eleizegiren, Altzoko Handiaren, bizimodua kontatzen digu. Filmaren arrakastak jende ugari erakarri du Altzo herrira, Handiaren nondik norakoak hurbilagotik ezagutzeko asmoz.

Handia filmak (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) euskarazko zinemagintzaren historian bere lekua egin du: euskaraz filmatutako pelikularik ikusiena da eta, gainera, hainbat sari jaso ditu: hamar Goya, Feroz Sarietako bi edo Donostia Zinemaldiak emandako beste bi, besteak beste.

Lurdes Murua Altzoko Kultura arduraduna da.

Marka guztiak hautsi ditu Miguel Joaquin Eleizegi Arteagaren historiak. Altzon (Gipuzkoa) jaio zen XIX. mendean, eta Handia ezizenez ezaguna egin zen. 2,27 metroko garaiera zeukan (2,42 neurtzera heldu zela esaten dute beste batzuek) eta 203 kilo pisatzen omen zituen. Hori guztia garai hartan ezezaguna zen gaixotasun baten ondorioz: akromegalia. Orduan ikusmin handia sortu zuen, eta filmak berriro ere lau haizetara zabaldu du Miguel Joaquinen kondaira. Berari buruz gehiago jakin nahian, turista asko bertaratu dira Handiaren jaioterrira.

Altzo Tolosa, Lizartza edo Alegiatik gertu dagoen 400 biztanle inguruko herria da (358 lagun bizi ziren zehazki 2016. urtean). Filmaren ondorioz, udalak bisita-gidatuak, interpretazio-zentro txiki bat eta dokumental labur bat abiarazi zituen, bazekitelako pelikulak bisitariak erakarriko zizkiela. Horri buruz gehiago jakiteko, eta Handia efektua zenbaterainokoa izan den jakiteko asmoz, Altzoko udalera gerturatu gara. Han, Lurdes Muruarekin, Ongizatea, Berdintasuna eta Kultura arduradunarekin, egoteko aukera izan dugu.

Miguel Joaquin Eleizegiren eskultura bat ikus daiteke interpretazio-gunean.

Bisitariarentzat eskaintza
Handia filma estreinatu aurretik ere jada ezaguna zen, izan ere, Loreak pelikulari esker, jendea estreinaldiaren zain zegoen. Hori dela eta, bisitariak izango zituztela aurreikusi zuten Altzoko udalean: “Miguel Joaquinen etxea, apaizek bera neurtzen zuten eliza edo arrastorik egon zitekeen edozein leku ikusi nahiko zutela bagenekien. Hori dela eta, hainbat ekimen jarri genituen martxan: Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntza bati esker, turistentzako harrera-bulegoa ireki genuen; herriko ostatua; bisitariei erakusteko dokumental labur bat; haren abarkak, jateko ontziak edo eskultura bat biltzen dituen erakusleihoa eta hainbat panelen bidez azaldutako ibilbidea”.

Eleizegiri buruz gehiago jakin nahi duenak, Altzoko udalean hitzordua eskatu behar du eta taldeak eskaera-mailaren arabera izaten dira: “Hasieran asko egiten genituen, orain, gutxiago. Bisitak herriko gazteek gidatzen dituzte eta ordubeteko ibilbide zirkularra izaten da, gutxi gorabehera”.

2,27 metro neurtzen zituen gizona izanik, bere oinetakoak ere oso handiak ziren.

Leku guztietako bisitariak izan dituzte, eta gertuko probintzietatik etorri direnez gain, badira urrunetik bertaratu direnak ere. “Valentziarrak eta katalanak etorri dira, baita japoniarrak ere. Azken horiei bisita ingelesez egin behar izan genien”, kontatu digu.

Leku gehiagotan ere bai
Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro, 2014) filmak ere turista ugari erakarri zituen Getaria, Zumaia edo Leitzara. Azken horretan zeuden Amaia protagonistaren etxea, herriko taberna edo plaza. Fikzioan Argoitia izena zuen herrira, Leitzara, autobusak heldu ziren eta hor ere bisita-gidatuak antolatu zituzten, jakiteko gogoz zetozen turista-uholdeei erantzuna emateko.

Pelikulek soilik ez, nazioarteko telesailek ere eragina izan dute Euskal Herriko turismoan. Game of Thrones famatuak Zumaiako flyschetako harri ikusgarriak eta Gaztelugatxeko eskailerak hautatu zituzten zazpigarren denboraldirako. 2017. urtean estreinatu zen eta ordutik Bermeoko (Bizkaia) itsasertzean dagoen Gaztelugatxe ermitara telesailaren mundu guztiko jarraitzaileak heltzen hasi ziren. Urte hartako uztailean, adibidez, 75.000 izan ziren 241 eskailerak igo zituzten bisitariak; egunean 2.419 lagun, hain zuzen ere.

Gaztelugatxe 'Game of thrones' telesailean agertu zen.

Film eta telesailez gain, liburuek ere jarri dituzte gure inguruko parajeak turisten jopuntuan. Horren adibide da, esate baterako, Baztango trilogia, Dolores Redondo donostiarraren Zaindari ikusezina (2013), Hezurren ondarea (2013) eta Ekaitzari eskaintza (2014) liburuek osatzen dutena. Amaia Salazar inspektorea dute protagonista eleberriek, eta Elizondo, Elbete, Lekaroz, Arizkun… ezagutuko ditugu bere bitartez. Ez hori bakarrik, liburuak pelikula bihurtu dituzte (oraindik lehenengoa soilik estreinatu badute ere zinema-aretoetan) eta horien errodajeak ere bertan egin dituzte. Bide batetik edo bestetik, Baztanen ere bisitariak biderkatu egin dira eta bisita-gidatuak antolatzen dituzte liburuetan aipatzen diren lekuak bisitatzeko.

Zu inoiz joan zara zure film, telesail edo liburu kuttunaren lokalizazioak bertatik bertara ezagutzera? Aipatu ditugun bisita-gidatuetatik, zein egingo zenuke?

Transcription:[+] Transcription:[-]

Filma: Nire hezurrak entzuten dizkiat, nola hazten ari diren entzuten diat… Indar guztiekin ahalegintzen nauk gelditzen, baina ez diat lortzen…

Miguel Joaquin Eleizegi Arteaga, ‘Altzoko Handie’ (Handia), zen hemengo gizaseme bat, familia handi batekoa, bederatzi senide zirela uste dut, oker ez baldin banago, eta, bueno bada, bere garaian, izango zen pertsona bat arrunta behintzat ez zena. Hau jaio zen 1818an eta hil zen 1861. urtean, nahiko gazte. Mutil honek, hau zen mutil bat osasunez eta normala, baina 17-18 urterekin hasi zen hazten, eta hasi zen oso… neurri ikaragarri batean, ezta? Hori ez zen hazi berez hazten hasi zelako, eta neurri normal batera iritsi zelako, baizik eta jasan zuelako gaixotasun bat. Gaixotasun hori zen akromegalia.

Garai hartan ez zen izango hemengo sendagileentzako (sendagileentzat) eta behintzat, oso ezaguna, eta hori zela medio, bada nolabait erabili egiten zuten eta hau eraman zuten zirkuetan eta hasi zen erakusten, bere burua erakusten hasi ziren, ez? Baina horrek sona handia hartu zuen eta orduan munduan zehar erabili zuten.

Kondairaren bat entzungo zenuen…
Bada, kontatzen zuten, nola joaten ziren sorora, ba garai hartan ez dakit artoa edo zer egingo zuten edo bueno, garia ere bai ereitera edo dena delakoetara, eta bada, bere amak prestatzen zuela lapiko bat janariarekin eta etortzen zela eta dena jaten zuela eta abar… Guk pentsatzen dugu hori dena ez zela egia, baina gauza horiek kontatzen zituzten. Baita ere, nola soldaduskara joan zenean, zeren han hazi izango zen gehienbat, etortzen zenean, Altzo azpiko erretoreak neurtu egiten zuela eta abar. Gainera, han daude markak, Altzo azpiko elizaren atarian daude markak nola joan zen gizon hau hazten eta zenbateko garaiera zuen zutik eta baita ere neurtzen zuen eskuak zabalduta; Alegiara joaten zenean, bada, jartzen zuela, bueno, garai hartan sagardotegi asko ziren eta, sagardoa hartzen zuela, eta udaletxeko balkoian uzten zuela basoa (edalontzia); baita ere kontatzen zuten egur garraioan ibiltzen zirela eta garraio horretan bera Tolosara joaten zenean, edo egurra eramatera eta abar, bada azaltzen zela bera gurdiaren gainetik, egia da ikusgarria izango zela eta segur aski atentzio asko deituko zuen (atentzioa emango zuen)…

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 30, 2019
Number: 44215007
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:30
Number of visits: 478