Aldizkari Digitala

Homeopatiaren ezaugarriak

Homeopatia aipatu orduko diziplina horren inguruko kezka eta galdera ugari sortzen dira. Gaia pixka bat argitzen, homeopatiaren ezaugarriak azaltzen eta medikuntza tradizionalarekin dituen aldeak adierazten ahalegindu da Iñigo Altuna mediku homeopata.

1796. urtean, teoria homeopatikoei buruzko lehenengo artikulua argitaratu zuen Samuel Hahnemann  mediku alemaniarrak. Ordutik gaur egun arte homeopatiak bere bidea egin du, baina hautsak harrotu dituen gaia bilakatu da azken aldian. Batetik, “zientzian oinarririk ez izateagatik” Bartzelonako unibertsitateak homeopatiako graduondoa bertan behera utzi zuen eta, bestetik, farmazietan saltzen dituzten sendagai homeopatikoak arautu egin dituzte.

Iñigo Altunak Valladoliden ikasi zuen medikuntza eta homeopatia, berriz, Bartzelonan.

200 urte baino gehiago bete dira homeopatia sortu zenetik; hala ere, gaia pil-pilean dago une honetan, eta, alde daudenen eta aurka daudenen arteko istiluak, eztabaidak eta ika-mikak handitzen ari dira. Iñigo Altuna mediku homeopata da eta Zarautzen du kontsulta. Medikuntza Valladoliden ikasi zuen; ondoren, lau urtez Zamoran aritu zen mediku tradizional gisa lanean; eta 30 urte baino gehiago igaro dira mediku homeopata izatea erabaki zuenetik. “Nire izaeragatik, mediku homeopata izatea erabaki nuen”. Zarautzen duen kontsultako ateak ireki dizkigu gure galderei erantzuteko prest.

Homeopatiaren eta medikuntza tradizionalaren arteko aldeak
Askotan alderatu dituzte medikuntza tradizionala eta homeopatikoa. Eta guk ere horixe eskatu diogu Iñigori, biak zertan bereizten diren azaltzeko: “Homeopatiak antzekoekin sortzen ditu sendagaiak. Beraz, gaixotasunak sortzen dituen sintoma berdinak sortzen dituzten sustantziak erabiltzen dira sendagaia egiteko. Adibidez, insomnioa kafetik, dosi txikian, eratorritako botikak sendatuko luke, eta tipula erabiliko genuke konjuntibitisari aurre egiteko. Medikuntza tradizionalak, berriz, kontrarioak erabiltzen ditu, ‘anti’ aurrizkiak adierazten duen bezala: antidepresiboak, antibiotikoa…”. Homeopatiaren printzipio nagusia horixe da, antzekoak erabiltzea: “Duela 200 urte, gaur egun edo hemendik 200 urte barru ere printzipio horri eutsiko diote mediku homeopatek”.

1796. urtean, teoria homeopatikoei buruzko lehenengo artikulua argitaratu zuen Samuel Hahnemann  mediku alemaniarrak.

Horrez gain, sendagai homeopatikoek ez dute albo-ondoriorik sortzen eta “haurdun daudenek edo etxeko txikiek ere hartzen dituzte, ez baitago kalterik eragiteko arriskurik”, azaldu digu Iñigok. Gainera, medikuntza pertsonalizatua da: “Zure buruko minak eta nire buruko minak ez dute zerikusirik agian. Bakoitzak dugu izateko eta sufritzeko modu bat, bakoitzak berea. Horren arabera hautatzen ditugu medikamentuak homeopatok”. Beti galdera berberak egiten dizkiote pazienteari: “Zer duzu? Noiztik? Zergatik dela uste duzu?”.

Farmazietako sendagai homeopatikoen erregulazioa
Oinarri zientifikorik edo ebidentzia terapeutikorik ez izatea argudiatzen dute homeopatiaren aurka daudenek, hau da, plazebo hutsa izatea. “Hori horrela balitz, ni ez nintzateke nire kontsultan lanean ariko azken 30 urtean, ez duzu uste? Homeopatiarekin gaixo bat tratatuz gero ez ditugu botikak soilik erabiltzen, eta horrek pazienteari osasuna ikusteko modua ere aldatzen dio askotan. Horregatik, industria farmazeutikoak gure aurka daude, eta horrek piztu du elkarren arteko gerra hau”, kontatu digu Iñigok.

Farmazietan sendagai homeopatikoak arautu egingo dituzte.

Farmazietatik hainbat sendagai homeopatiko kenduko dituzte eta, egunkarietako titularretan irakurri dugunez, ebidentzia terapeutikorik ez izatea da horren arrazoia. Iñigok, berriz, “erregulazioaren ondorioa” dela esan digu: “Sendagaien Europako Kontseiluak homeopatiako produktuak medikamentuak direla uste du eta farmazietan saltzeko arautu egin behar dela. Horretxegatik, hainbat sendagai homeopatiko kentzen ari dira, guztiek ez dituztelako eskatutako irizpideak betetzen. Baina erregulatzen ari direlako, ez guztiak kentzea erabaki dutelako edo oinarri zientifikorik ez dutelako”.
Frantzian, Austrian eta Alemanian ere araututa daudela esan digu Altunak: “Maltan, Grezian eta Espainian falta da erregulatzea; suitzarrek, adibidez, erreferendum batean bozkatu zuten. Eta zer daukate? Sistema publikoan onartuta dago medikuntza homeopatikoa, akupuntura bezalaxe”.

Eta zu inoiz joan zara mediku homeopata batengana edo joango zinateke? Zure ustez, sendagai homeopatikoak farmazietan saldu beharko lirateke?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Lehenengo medikuntza tradizionalean egin zenuen lan eta, ondoren, homeopatian.
Nola iritsi zinen homeopatiara?

Nik medikuntza tradizionala, oso hurbileko medikuntza, egiten nuen Zamorako iparraldeko herrietan eta Sanabriako lakuan. Eta han medikuntza hurbila egiten zen, porque (zeren) guk pertsonak askotan ezagutzen genituen, tratatzen genituen pertsonak. Baina nik neukan lagun-min bat, medikua zena, eta homeopata zena, eta beti hitz egiten zidan homeopatiaz. Eta berak zioen nire izaerarekin eta nire pentsatzeko moduarekin oso antzekoa zela homeopatia, nik neukan ikuspegiarekin. Eta horrexegatik hasi nintzen, esan zidan aprobetxatzeko Mexikotik zetozenak Bartzelonako mediku homeopatikoen akademiara, eskola ematera eta hiru urtean joaten jardun ginen eta, gero, beste urtebete oso bat egin genuen Mexikon, han egunero homeopatiako kontsulta pasatzen. Horrelaxe homeopata egin nintzen.

2. Edozein gaixotasun senda daiteke homeopatiaren bidez?
Bai, edozein gaixotasun tratatu leike (daiteke) homeopatiarekin. Orain, sendaezinak daude, guk ikasi genuen medikuntza batean bezala. ELA bat sendatu al leike (daiteke)? Ez. Edo minbizia terminal bat daukan bat sendatu al leike (daiteke)? Ez. Orain,  homeopatiak beti asko lagun diezaioke, baita heriotzako orduan ere. Porque (Zeren) gu(k) heriotzako orduan ere, hartu egiten dugu kontuan, gaixoak beldurra daukan, egonezina daukan, konpainia nahi duen ez duen… Gauza horiek guztiak, horren arabera medikamentu bat emateko. Baita ere, kimioa (kimioterapia) hartzen ari direnak (direnei) ere, lagundu egiten diegu. Jakina da zirujia (kirurgia) behar duenak zirujia (kirurgia) behar duela, ez diola (duela) homeopatiak soluzionatuko (konponduko).

3.  Nor etortzen da zure kontsultara?
Adin guztietako jendea etortzen da, baina esango genuke gehienak umeak direla, 7 urtetik beherako umeak. Zein etortzen dira? Hemen anbulategian (anbulatorioan) lan egin nuenetik ezagutzen nautelako orain dela ia 35 urtean… O sea que (Beraz), familia batzuetan tratatu izan ditut birraitonak, aitonak, semeak eta bilobak. Eta gero, beste batzuek (batzuk) etortzen dira kezkatzen direlako. Badakizu estatistikak egiten dituztenean, esaten dute, gehienak, denetik etortzen da, baina batez ere emakume gazteak eta gehienak estudioak (ikasketak) dituztenak, bere semeentzako (seme-alabentzat) aukera hobeago (hobe) baten nahian.. Eta gero, beste asko eta asko medikuntza alopatian, medikuntza ofizialean, soluziorik (konponbiderik) topatu ez dutenak, nigana etortzen dira.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
May 24, 2019
Number: 43884128
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:18
Number of visits: 591