Aldizkari Digitala

Guggenheim Bilbaon, atzera begira: Giorgio Morandi eta antzinako maisuak

"Ezer ezin da izan irrealagoa eta abstraktuagoa zuzenean ezagutzen duzuna baino"
Giorgio Morandi

Giorgio Morandiren atzera begirako honetan, bere ibilbide artistikoa eta garai bateko maisuekin izan zuen harremana aztertzen da. Giorgio Morandi 1890. urtean jaio zen Bolonian eta bertan hil zen 1964. urtean. 1907an, bere jaioterriko arte akademian hasi zen marrazkia eta grabatua ikasten. Han ezagutu zuen futurismoa deituriko joera artistiko berria. 1919. Urtean, Chiriko eta Carlo Carrárekin batera, arte metafisikoa landu zuen.
 

 

Morandik ez zuen bere ikuspegi estetikoa abstrakziora eta joera berrietara mugatu nahi eta aurretik Espainiako Urrezko Aroko maisuen koadroak, Jean-Baptiste Siméon Chardin margolariaren obra eta Italiako "quattrocento" eta "cinquecento" garaiko margolanak ezagutzea izan zen bere buruari ipini zion betebeharra. Museo eta elizetara egindako bisitetan Zurbaran, Velazquez, Fra Angelico, Piero della Francesca, Masaccio eta Giottoren bodegoi eta freskoak ederretsi zituen.
Morandiren lehen lanbidea irakaskuntza izan zen. Emilia-Romagnako eskolan gaztetxoei geometria, futurismoaren oinarriak eta grabatugintza irakatsi zien. 1920tik aurrera natura hilak lantzen hasi zen.
Morandiren lengoaia artistikoa oso pertsonala, bakarra eta berezia da eta isiltasunera bultzatzen zaitu. Bere irudiek egitura purua, garbia eta poetikoa dute. Aipatutako zentzu metafisikoaz gain, artelanen estetika ekialdeko margolanen tankerakoa da. Bodegoiak estatikoak, isilak, sakontasun handikoak eta emozioa eragiten dutenak dira. Roberto Longhik dio Zurbaranek, XVII. mendean, argitasun soil eta hotzaren bidez, giro intimoa eragiten zuten irudiak sortzen saiatu zela, eta Morandik ere teknika bera erabili zuela natura hilak gauzatzerakoan.


Natura morta, 1953

Morandiren obra esanguratsuenak natura hilak, paisajeak eta grabatuak dira. Natura hilak margotzeko eskuartean zituen tresna ezberdinez baliatu zen: upategiko tresnak, janariak gordetzeko kutxak, edalontziak, pitxer edo txarroak ... Objektu hauen irudiak balio sinboliko eta kutsu metafisiko handikoak dira. Morandiren artelanen gaurkotasuna ukaezina da.

Morandi eta Federico Fellini adiskideak ziren eta "La Dolce Vita" filmeko eszena batzuetan, bere margolanak ikusten dira. Petra Joos da Guggenheimeko erakusketaren komisarioa.


Artelan hauek urriaren 6ra arte egongo dira ikusgai Bilboko Guggenheim museoan.

Informazio gehiago, helbide honetan.
 

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 21, 2019
Number: 43693627
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 289