Aldizkari Digitala

Eskupekorik ematen dugu?

Eskupekoa emateko garaian ohitura desberdinak daude munduan zehar. Toki batzuetan derrigorrezkoa da, beste batzuetan, aldiz, gaizki ikusita dago. Gure inguruan borondatezkoa da eskupekoa ematea, baina garai batetik hona ohiturak aldatzen ari dira.

Bidaiatzen dugunean, bisitatuko dugun herrialdeko ohiturak zein diren jakitea komeni zaigu; batez ere, hanka hondoraino sartu nahi ez badugu. Horren adibide garbia da eskupekoa edo propina: zein herrialdetan ematen da? Zenbat diru utzi behar dugu?

Pixka bat begiratuz gero, konturatuko gara leku batetik bestera alde handia dagoela eskupekoa emateko ohituraren inguruan. Herrialde batzuetan derrigorrezkoa da eta zerbitzariek soldata osatzen dute jasotakoarekin; beste batzuetan, jaso dugun zerbitzuaren arabera geuk erabakiko dugu zenbat eman edo ez ematea ere; azkenik, bada propina ematea gaizki ikusita dagoen herrialderik ere.


Hainbat adibide
Ameriketako Estatu Batuen kasuan, adibidez, film askotan ikusi dugu jatetxeetan edo tabernetan zerbitzariari eskupekoa eman behar zaiola. Izan ere, beraien soldata diru-kopuru horrek osatzen du. Bezeroak barran edo mahaian eserita zerbait hartu, zerbitzua ona edo txarra izan, gastatutakoaren  % 15 eta % 20 artean utzi behar izaten du propina gisa. Arrazoi horregatik, hain justu, ahalik eta zerbitzurik onena ematen saiatzen dira. Gainera, jatetxeetan, tabernetan edo hoteletan propina uzteaz gain, taxi eta ile-apaindegietan ere emateko ohitura dute.

Hala ere, txanpon honek badu beste aldea: Txinan, Paraguain edo Japonian gaizki ikusia dago propina uztea. Langilearentzat umiliazioa izan daiteke, gutxietsita senti daiteke, irabazten duen soldatarekin nahikoa izango ez balu bezala. Beraz, nahikoa dute irabazten duten soldatarekin.


Frantzian edo Herbeheretan, adibidez, jatetxe edo tabernetako kontuetan % 15 gehiago kobratzen dute, kontuan bertan eskupekoak bere lekua baitu. Horregatik, ez da ordaindu behar kontuan eskatzen dena baino gehiago.

Azkenik, Errumanian, Italian edo Hego Euskal Herrian eskupekoa ematea guztiz borondatezkoa da. Normalean, bezeroak zerbitzu ona jaso duela uste badu, zerbait ematea erabaki lezake, lan onaren sari. Baina garai batetik hona, ohitura horiek ere aldatu dira.

Propinaren bilakaera
Lidia Irazabalbeitia zerbitzariak badu eskarmentua gai horretan. Hamahiru urte daramatza Donostiako Txola taberna-jatetxean lanean, eta aurretik beste hiru tabernatan ere egin du lan. Guztira hogeita hamabi urte daramatza lanbidean: “Duela hogei urte eskupeko handiagoak ematen zituzten bezeroek. Orain ere hasita daude ematen (krisi-garaian ez baitzuten ia ezer uzten), baina lehen baino gutxiago”.

Donostian lan egin beharrean, New Yorken egingo balu, argi du ematen dizkioten propinekin ez lukeela soldata osatzeko nahikoa izango: “Hemengo menua merkea da eta jendea joan-etorrian ibiltzen da. Eskupekoekin irabazitakoarekin ez nuke txikle batzuk erosteko ere izango. Kontuan hartu, lauzpabost hilabetean, zerbitzari bakoitzarentzat 50 euroko estra izaten dela eskupekoen kontura”.

Ostalaritzakoek jasotzen dutena ez dela asko aitortu digu, eta guk barraren bestaldean dagoenean zer egiten duen galdetu diogu: “Beti uzten dut zerbait, lanean ari denak merezi duelako, eta badakidalako zer poza ematen duen eskupekoak jasotzeak”.

Eskupekoen etorkizuna
Irazabalbeitiaren ustez, propina ez da erregulatu behar: “Nahi dugulako eman behar dugu, ez behartuta gaudelako. Nire ustez, paperean jarriz gero, zerga bat izango litzateke eta ez luke zentzurik izango”. Aspaldiko garaiei buruz hitz egin dugu, baita oraingoei buruz ere; eta etorkizuna? Lidiaren iritziz, desagertu egingo da eskupekoa emateko ohitura: “Gaurko gazteek ez dute ematen, agian dirurik ez dutelako. Ohitu ez direnez, nik uste dut helduagoak direnean ere ez dutela emango, galdu egingo dela”.


Zure ustez, propina emateko ohitura galdu egingo da etorkizunean? Zuk ematen duzu? Hemendik kanpo ibili zarenean, ematen al zenuen eskupekorik?

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Bezeroek eskupekorik ematen dizuete?
Bai. Nik uste dut 20 urte atzeraka gehiago ematen zela, ez? Baina oraintxe bertan, gero krisiarekin jada jendeak ez zuen ematen ezta xentimo bat ere. Baina bai ikusi da orain jendea askatzen ari dela, eta ematen duela jada pixka bat gehiago… Uzten du igual kafearekin, pintxoarekin bost xentimo, hamar xentimo… Menuarekin pixka bat, bueltatzen ari da, bai, pixka bat.

2. Lehen orain baino gehiago ematen zuten?
Bai, nik uste dut baietz, lehen zen normala ematea, bada, zerbait uztea. Orain jada ez, orain bakoitzak… Batzuk daukate hori sartuta buruan eta ematen dute. Baina, gazteak, kostatzen zaiote (zaie), ez dute ematen. Nik uste dut ere dirua (dirurik) ez daukatela poltsikoan.

3. Inoiz pentsatu duzu bezeroa oso eskuzabala izan dela propinarekin?
Bai, batzuetan bai. Orain gutxi, menu bat hartu zuten eta menua hemen merkea da eta hamar euro utzi zuten (zituzten) propina. Eta esaten duzu, bueno, a ver (ea), hori da jada menuaren prezioa eta hor bai, nondik atera dira horiek? Baina arraroa da, ez da, normalean ez da…

4. Zer egiten duzue aparteko diru horrekin?
A ver (ea), leku batzuetan, bakoitza gelditzen da bere eskupekoarekin. Baina hemen dena sartzen dugu pote batean eta, batzuetan joan gara afari bat egitera eta beste batzuetan banatu egiten dugu.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2 / B1
May 8, 2019
Number: 42969651
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:02:43
Number of visits: 1210