Aldizkari Digitala

Aitor Beltran aktorearekin solasean

"Ona da hainbat diziplinatan jardutea, ahalik eta eskarmentu handiena edukitzeko". Horrela adierazi digu Aitor Beltran aktoreak, 'Soinujolearen semea' filmeko protagonistetako batek. Aktore gisa egin duen ibilbideaz eta filmaz hitz egin dugu berarekin.

Aitor Beltran (Donostia, 1975) aktorea da, eta zineman, telebistan eta antzerkian egin du lan. Aktorea ez ezik, musikaria ere bada: eskusoinua, txalaparta, harmonika eta perkusioa jotzen ditu, baita abestu ere. “Fernando Bernues zuzendariak kontuan hartuko zuen eskusoinua jotzen nuela Soinujolearen semea filmean parte hartzeko”, kontatu digu Beltranek. Izan ere, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberria antzerkira egokitu zuten, eta orain, filmaren txanda da. Bietan hartu du parte Beltranek: oraingoan ere, David protagonista hezur-haragitzen du. Berarekin elkartu gara proiektuaren eta bere lan-ibilbidearen inguruan gehiago jakiteko.

1. Noiz eta zergatik erabaki zenuen aktore izatea?
Ez daukat urte jakin baten oroitzapenik, bat-batean erabaki nuen aktore izatea. Txikia nintzenean, filmak ikustea edo antzerkira joatea gustatzen zitzaidan, eta gelako pailazoa nintzen, askotan gertatzen den bezala. 16 urterekin, Loiola kultur etxeko antzerki-lantegi batean hasi nintzen parte hartzen. Asko gustatu zitzaidan antzerki-obra bat muntatzea, mundu horrek erabat liluratu ninduen! 18 urterekin, Donostiako beste eskola batean sartu nintzen eta han ezagututako bost lagunekin Madrilera joan nintzen. Nik uste dut momentu horretan aukeratu nuela ogibidea.

2. William Layton interpretazio-eskolan diplomatu zinen. Zer moduzkoa izan zen garai hura?
Nire bizitzako garai onenetako bat bezala gogoratzen dut. Irakasle oso onak genituen eta antzerki-testu oso garrantzitsuak ezagutzeko aukera eman ziguten: Shakespeare, Arthur Miller, Chejov… Bat-batean, mundu berri baten ateak ireki zitzaizkigun eta irakasle horiekin lan egitea oso ona izan zen. Garai estimulatzailea izan zela gogoratzen dut.

3. Zineman, telebistan eta antzerkian egin duzu lan…
Ona da hainbat diziplinatan jardutea, ahalik eta eskarmentu handiena edukitzeko. Batean beharrean, hiru diziplina horietan lan egiteko aukera izan dut, eta horri esker, asko ikasi dut. Lengoaia bakoitzak ditu bere berezitasunak.

4. Hainbat musika-tresna jotzen dituzu. Aktore izateko, hainbat dohain izatea komeni da?
Bai, noski. Oso ona da aktore batek abesten, dantzan edo musika-tresna batzuk jotzen jakitea… Nire ustez, musika-tresna bat jotzen jakitea denontzat da oso gustagarria eta ona.

5. Nork eman zizun Soinujolearen semea proiektuaren berri?
Filma egin aurretik, antzerki-obra egin genuen eta hura ere Fernando Bernuesek zuzendu zuen. Antzerkia egin genuenez, Bernuesek filmerako gurekin kontatu du, eta ziur nago kontuan hartuko zuela eskusoinua jotzen nuela jakitea, Daviden papererako neu hautatzeko. Lehenago ere, Tanttakaren Ekaitz txorien eskua antzerki-obran ere musika-tresna hori jotzen nuen eta nik uste garrantzitsua izan dela lana niri emateko garaian. Behin antzerki-obra eginda, asko eskertzen diot filmerako nirekin kontatu izana. Izan ere, zinemaren industriak pertsonaia nagusietarako nahiago izaten ditu aurpegi ezagunak…

6. Liburu baten egokitzapena izanda, asko aldatzen da zuen lana?
Bernardo Atxagaren liburua errespetatu dugu, nola ez! Patxo Telleriak egindako gidoiak aldaketa batzuk baditu hala ere, eta liburuan agertzen ez diren eszena batzuk sortu ditu. Nire iritziz, oso ondo idatzita dago, kontuan hartu behar baita zinema beste mintzaira bat dela. Hortaz, beste behar batzuen aurrean, beste konponbide batzuk behar izan ditugu.

7. Nolakoa izan da Fernando Bernuesen aginduetara lan egitea?
Oso gustura egin dut lan bere aginduetara. Fernando zuzendaria nahiz pertsona oso maitekorra da, baita lanerako zorrotza ere. Berarekin tratua oso gozoa da, nik asko maite dut, aspalditik ezagutzen dut, eta askotan egin dut lan berarekin. Oso erraza da berarekin lan egitea, familia-giroa sortzen duelako.

8. Giza Eskubideen Zinemaldia ireki du zuen filmak. Zer sentitzen da?
Ilusio handia eta ohorea da horrelako zinemaldi batean parte hartzea. Kontuan hartu beharra dago ni donostiarra naizela eta etxean jokatzen dudala. Hemen izatea beste puntu positibo bat da.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Filma: Nire haurtzaroko aberria, herri txiki bat da: Obaba.

1. Soinujolearen semea eleberria irakurri zenuen zure pertsonaiaren azalean sartzeko?
Bai, eleberria irakurri nuen, bi aldiz irakurri dut: bai antzerkirako eta bai filmerako. Eta nire kasuan, oso lagungarria izan zen. Egia da pertsonaia hau oso pertsonaia isila dela eta gertatzen zaizkion gauzak bere barrenean gordetzen dituela, baina nik irakurtzea bere barrenak, asko erakusten zidan pertsonaiari buruz… Eta nahiz eta gero filmean hori ez esplikatu, nik arma hori edukitzea(k), batzuetan, lagundu zidan erabat eszena bat ulertzeko.
Gogoratzen naiz, adibidez, nire emaztea izango dena ezagutzen dudan eszena, bi eszena, ez nekien nondikan (nondik) hartu, eta berriz liburua hartu, eta irakurri nuenean Davidek zer zeukan buruan restaurante (jatetxe) hartan, de repente (bat-batean) argia piztu zitzaidan eta ikusi nuen zer bide hartu. Bai, bai, oso lagungarria.
 
Filma: Erabakiarekin sartu nintzen borroka armatuan, “azkar erabaki”, Josebarengatik, “ez zagok betarik”, bera han egon izan ez balitz… Edo aitarengana sentitzen nuen gorrotoarengatik… “David”… “denagatik David, denagatik”.
 
2. Euskarazko zinemak loraldia bizi duela esan daiteke. Hala dela uste duzu?
Bai nik hau uste dut ere bai, argi dago. Ikusi beharra dago Handia pelikulak lehengo urtean eduki zuen arrakasta, edo bueno, aurretik ere bai. Gure filmean, adibidez, teknikari guztien lana eta ekipo guztien, alor guztiak landu dituzten ekipoen lana izan da bikaina. Oso jende profesionala… Benetan euskal zinema langilegoa (langileria) oso ondo prestatuta dago. Eta joaten zara Madrilera edozein filmetan parte hartzera edo telesail… Eta gehienetan jende euskalduna aurkitzen duzu. Zeren bueno, ohitura handia dago, ez bakarrik kamera aurrean jartzen garen jendea, baizik eta, batez ere, teknikarien artean eta kamera atzean dagoen jende guzti honen (honen guztiaren) artean, euskaldun jende asko dago.
 
Filma: Horrela buka zitekek istorioa, amaiera zoriontsuaz, baina nik jada ez diat nire burua engainatzen, prezioa oso altua izan huan denontzat.
 
3. Beraz, euskarazko zinemak badu etorkizunik?
Bai, bai, baina es que (izan ere) zinema beti da… oso diziplina garestia da, bueno, gero eta gutxiago digitalaren sorkuntzarekin, baina beti da zaila, eta beti izango da pentsatzen dut. Uste dut arazoak gehiago daudela ikuslegoa zinemara joanarazte horretan, zeren bueno, gaur egun edozein portatiletan (ordenagailu eramangarritan) ikusi dezakezu Netflix, HBO, Movistar, Amazon eta askoz gehiago. Eta orduan, zinemara joatearen erritu hori galtzen ari da. Eta pena da, a ver (ea) lortzen dugun mantentzea.

Filma: Niretzat ere, beti sentitu nauk errudun.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Apr 11, 2019
Number: 41666570
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:04:24
Number of visits: 754