Aldizkari Digitala

Mobbing-a, isilpeko arazoa

Lan-jazarpena edo mobbing-a askotan izkutuan geratzen den osasun-arazoa da. Beste jazarpen mota batzuei buruz hitz egitea ohikoagoa da, baina ez mobbing-ari buruz.

Euskal Herriko langile guztien artean, % 15ek sufritzen omen du mobbing-a edo lan-jazarpena. Hala ere, isilpeko gaia da, ez baitugu honi buruz ia hitz egiten eta komunikabideetan ere ezer gutxi ikusten baitugu. Eskola-jazarpena edo bullying-a ezagunagoa da, eta horri aurre egiteko sortutako tresnak ere ezagutzen ditugu; baina duela 30 urte? Bullying-ak egindako bidearen hasieran ote dago mobbing-a?

Pertsona batek edo pertsona-talde batek beste baten edo askoren aurka indarkeria psikologikoa erabiltzean gertatzen da lan-jazarpena. Sistematikoki egiten da, denbora-tarte luze batean eta lan-eremuan.

Juanan Diez bilbotarrak bere hezur-haragitan sufritu du lan-jazarpena. Hainbat modutan azaldu digu berarentzat zer den: “Izu psikologikoa, laneko terrorismoa, jazarpen morala, indarkeria psikikoa, ezkutuko pertsekuzioa… Eragindako mina ikusezina da, markak ez dira azalean ikusten; beraz, oso zaila da antzematen”. Juananek laguntza behar zuenean ezagutu zuen Euskadiko Laneko Jazarpen Moralaren Kontrako Hirigoyen elkartea. Geu ere Bilboko egoitzara hurbildu gara, lantzen duten dinamika gertutik ezagutzera.

Hirigoyen elkartea
Lan-jazarpenari aurre egiteko laguntza eskaintzen duen elkarte bakarra dago Euskal Herrian: Bilboko Hirigoyen elkartea. “Asteartero elkartzen gara eta taldeko terapia egiten dugu. Laguntza psikologikoa eta juridikoa eskaintzen dizkigute, besteak beste”, kontatu digu Diezek. Hala ere, bere ustez garrantzitsuena da itsasargi bat topatzea informaziorik gabeko itsaso horretan, “laguntza asko eskertzen da eta”.

Hirigoyen izena Marie-France Hirigoyen mediku psikiatra, psikoanalista eta psikoterapeuta frantsesagatik jarri zioten, “lan-jazarpenean eta jazarpen psikologikoan espezializatua baita”.

Biktimaren profila
Mobbing-a jasaten duten langileen multzoan denetik aurkituko dugu, ez baitu adin edo jatorri jakin bateko jendeak soilik jasaten. Hala ere, profil unibertsala dutela edo antzeko egoerak bizitzen dituztela esan dezakegu.

Alde batetik, askok lanpostu berean jarraitu nahi dute; horregatik, egoera horretatik ihes egitea oso zaila dela iruditzen zaie eta bertan jarraitzen dute. Bestetik, nagusiak eragindako indarkeria psikologikoa bada, aurre egiteko zailtasunak izango dituzte: “Lan-jazarpena bertikala izan daiteke, nagusiek egindakoa; edo horizontala, lankide batek beste bati eragindakoa”.

Gainera, batzuek momentu jakin bateko arazoa soilik dela uste dute, garai hobeak helduko direla. “Hamabost urtez mobbing-a jasan ondoren esan dit medikuak zer dudan”, azaldu digu bilbotarrak. Azkenik, kontatzeko beldur handia ere badute biktimek. Zergatik? Salatuz gero, egoerak okerrera joko duela uste dutelako.

 



Informaziorik ez
Ez dago prebentziorako tresnarik, ezta aurre egiteko protokolorik ere: “Nik lankide txar bat neukala uste nuen, medikuak diagnostikoa egin zidan arte. Aurretik, lan-jazarpena igartzeko informaziorik ez dugu, eta, medikuak horixe jasaten ari garela esaten digunean, zer egin ez dakigu”.

Laguntza psikologikoa jaso, lankideekin edo nagusiarekin hitz egin, egoera aldatzen saiatu… Bide horiek lantzen ahalegindu ondoren konponbiderik lortzen ez bada, salaketa judiziala da geratzen den aukera bakarra: “Azkeneko irtenbidea da eta oso erabaki zaila izaten da. Lanpostuan jarraitu nahi badugu eta egoera jasangaitza bada, zer egin? Hala ere, beti galtzen dugu zerbait bide horretan”. Enpresariak, epaileak eta gizartea arazo honetaz jabetzea nahi du Hirigoyen elkarteak: “Oraindik asko dago egiteko”.

Eta zuk, ezagutzen duzu horrelako kasurik? Bazenekien mobbing-a zer den? Nola aurreikusi daiteke? Eta egoerari aurre egin? Enpresariek neurri batzuk hartu beharko lituzketela uste duzu? Zein, adibidez?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zertan eragin dizu lan-jazarpenak?
Batez ere, osasuna galtzea, hori da, argi eta garbi, osasuna galtzea, psikologikoki edo fisikoki. Ba bueno, ni joan nintzen medikuarenera eta bueno, pues (bada) takikardiak eta batez ere oso nekatuta sentitzen nintzen… Eta pues (bada) hori, medikua hasi zen galderak egiten eta bera pues (bada) hori, galderarekin (galderekin) konturatu zen neukala arazo bat lanean. Lankide batekin arazo bat neukan eta… Baina, claro (noski), baina luzaro… Hamabost urte sufritzen. Eta claro (noski) azkenean pentsatzen duzu aurrera eraman ahal duzu(la) arazoa, baina keba (ezin)…

2. Zer egin daiteke horri aurre egiteko?
Egia esateko, oso gutxi, oso gutxi. A ver (ea) arazo hau batzuetan erabiltzen da enpresak garbitzeko. Adibidez, krisi garaian, enpresari askok erabili dute biolentzia hau enpresak garbitzeko. Orduan, zu txarto sentitzen zara; azkenean ihes egiten duzu. Joaten zara beste enpresa batera eta punto (kito), eta berak kendu du arazo bat. Baina claro (noski) zuk mantendu behar baduzu zure familia, eta zuk mantendu behar baduzu zure lanpostua, segitu behar zara (duzu) han… Orduan,  enpresarioek (enpresariek) ez badute hartzen kontzientzia oso zaila da, oso zaila da, aurrera eramatea. Eta claro (noski) gainera, zuk salaketa bat ipintzen baduzu, jada enpresaren kontra zoaz, jada zara txarra bi aldiz.

3. Zergatik ez da gai honi buruz hitz egiten?
Sufritzen duzu arazo hau bakarrik, zure etxean, zure familiarekin… Orduan aislatzen (bakartzen) zara, orduan, ez dago kontaktu handirik. Adibidez, orain, zorionez, neskak edo emakumeak elkartu dira eta haien arazoa, oso larria, pues (bada) hori, ateratzen ari da, eta kontzientzia hartzen ari gara. Baina gu, nahiz eta pertsona asko izan, desperdigatuta (sakabanatuta) gauz (gaude) eta indarrak ez dira biltzen. Orduan, ez… Orain, gu elkarteari esker, saiatzen gara publizitatea, ez dakit, bidaltzen gizarteari, baina oso, oso zaila da.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 21, 2019
Number: 40718519
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:26
Number of visits: 533