Aldizkari Digitala

Barrexerka, umorea egiteko modu berriak landuz

Euskaraz eta gazteentzat, bi irizpide horiekin umorea egiteko sortu da Barrexerka. 12 laguneko lan-taldea osatu dute, eta dagoeneko eskaini dituzte emanaldi batzuk.

Euskarazko umorearen eremuan dagoen hutsunea betetzeko, eta bereziki ikusle gazteei bideratutako saioak egiteko asmoz sortu da Barrexerka proiektua, Donostian. Antzerkia eta bideo-esketxak tartekatzen dituzten 50 minutuko emanaldiak egiten dituzte, eta euskal “ospetsu” bat gonbidatzen dute zuzeneko saio bakoitzera. Ikuskizunari berari ere Barrexerka izena jarri diote.
 
Maialen Sorzabalbere donostiarra Barrexerkako kideetako bat da, eta hark esan digunez, “Wazemank izan da gure abiapuntua, euskaraz umorea egin zitekeela erakutsi zuten saio hura egin zutenek, euskaldunok horretarako grazia bagenuela. Ordutik ez dugu izan horrelako erreferentziazko saiorik. Agian bai formatu txikiko eskaintzaren bat, antzezlanen bat… Baina ez hark bezainbeste markatu gaituenik”.

Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta donostiarrak Barrexerka ikuskizuneko kideak dira.
 

Guztira hamabi laguneko lantaldea dago Barrexerkaren atzean: Maialen Sorzabalbere bera, Peru Ansorena, Amaia Iraundegi, Garazi Mitxelena, Paul Murua, Nerea Aranburua, Maddi Olazagoitia, Amaia Rojo, Ekain Arrieta eta Mikel Irazusta donostiarrak, Graxi Arregi markinarra eta Beñat Bidegain ondarroarra, hain zuzen ere. Gazteak dira guztiak: “Denok dugu antzerkia egiteko eta gauzak sortzeko ilusioa”.
 
Gu Barrexerka taldeko bi kiderekin elkartu gara: Maialen Sorzabalbererekin eta Mikel Irazustarekin. Lehenengoa Zuzenbide eta Komunikazio ikasketak egiten ari da eta 23 urte ditu; bigarrena, berriz, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da eta 22 urte ditu. Barrexerka eta euskarazko umorea izan ditugu mintzagai Donostiako Gros auzoan elkartu garenean.

Mikel Irazustak bideo-esketxen sorrera nolakoa izaten den azaldu digu pausoz pauso.


Gazteak gazteentzat
Euskaraz umorea egitea jada bada erronka beraientzat, baina Sorzabalberek esan digu ez dutela hori bakarrik egin nahi: “Gaur egun gazteek umorea gaztelaniaz edo ingelesez kontsumitzen dute, batik bat. Guk lehen Wazemank geneukan, baina une honetan ez dago aukera handirik euskarazko umorea kontsumitzeko”. Hutsune hori bete nahi dute beraien ikuskizunarekin.
 
Taldekide guztiak gazteak dira, baita hurbiltzen zaizkien ikusleak ere. “18 urtetik gorako gazteentzat da gure lana eta azken saioko aretoan horixe ikusi genuen. Gainera, bideo-esketxez gain, zuzeneko antzerkia euskaraz eta gazteentzat? Horrelakorik ez dago asko”, azaldu digu Sorzabalberek. Ikuskizuna duela bi urte sortu bazuten ere, lehenengo emanaldia 2018ko otsailean eskaini zuten.

Martxoaren 30ean Donostiako Gazteszenan izango da hurrengo emanaldia.

Emanaldiak
Mikel Irazustak esketxen prestakuntza nolakoa izaten den azaldu digu: "Lehenengo, brainstorminga egiten dugu eta bururatzen zaizkigun ideiak botatzen ditugu… Hurrengo saiora oinarrizko gidoia eramaten dugu, taldean osatzeko. Ondoren, grabatzeko geratzen gara eta, azkenik, editatu, muntatu eta ikuskizunerako dena prest uzten dugu”.
 
Esketxez gain, zuzeneko emanaldian antzerkia ere egiten dute eta, kasu horretan, gidoiak lanketa handiagoa eskatzen diela kontatu digu Irazustak: “Guztiok antzeko testu kopurua izaten saiatzen gara, entseguak egiten ditugu, emanaldia egingo dugun lokalera joaten gara… Dena prest uzten dugu ekitaldirako”.
 
Martxoaren 30ean izango dute hurrengo emanaldia Donostiako Gazteszenan: “Hirugarrena izango da eta Miren Amuriza izango da gonbidatua”, kontatu digu. Lehenengoan Xabier Madariagak hartu zuen parte eta bigarrenean, Kike Amonarrizek. “Esketxetan eta zuzenekoan agertzen dira. Madariagak, adibidez, telebistan serioa dirudi eta gurekin itxura horrekin haustea lortu zuen; eskertzekoa da erakutsi zuen prestutasuna”, esan digu Irazustak.

Bigarren emanaldian hartu zuen parte Kike Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezleak.
 

Etorkizuna
Hiru ikuskizun horiez gain, maiatzean edo ekainean Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan parte hartzea aurreikusten dute. “Donostian emanaldi horiek egin ostean, egia da beste herri batzuetara joan nahiko genukeela eta, gainera, pare bat eskaintza jaso ditugu: Markinatik eta Azpeititik. Esketxak birziklatu, antzerkia prestatu eta udako bira bat egitea aukera ona litzateke!”. Horrez gain, Mikelek argi utzi digu horretarako aukera eta indarra duten bitartean, Barrexerkari eusteko asmoa dutela.
 
Ezagutzen zenuen Barrexerka? Badago hutsunerik gazteei euskaraz zuzendutako umorean? Zer iruditzen zaizu proposatzen duten formatuan egitea?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Zer da Barrexerka?
MAIALEN: Barrexerka taldeak egiten dituena (duena) da, uztartzen ditu ikus-entzunezko esketxak eta zuzeneko antzerkia. Orduan, guztira osatzen da emanaldi bat, 50 minutukoa, eta, bertan, aurki ditzakezu proiektatuta umorezko esketx horiek eta zuzeneko antzerkiak. Eta horrek guztiak dauka berezitasun bat, dela guztian parte hartzen du (duela) euskal ospetsu batek gonbidatu bezala.

2. Gazteek egindako umorea gazteentzat eta euskaraz. Hutsune bat zegoen?
MAIALEN: Ez dago, horrela, ikus-entzunezko produktu asko eta umorezkoa izatea eta euskaraz eginda egotea, gazteei zuzenduta eta gazteei esaten dugunean, da 18 urtetik gorako jendearentzako. Zeren jada igual Goazen!-entzat zaharregiak dira eta ez dago beste horrelako edukirik. Eta gainera, oso interesgarria iruditu zitzaigun antzerkiarekin nahastea ere, zeren antzerkia ezta ez dago bereziki, bai dago denetarik, baina justu gazteentzako eta umorezko zerbait izatea ez da asko ikusten… Orduan, iruditu zitzaigun egokia izan zitekeela eskaintza hori egitea.

3. Saturday Night Life eta Herri Txiki, Infernu Handi programak izan dituzue eredu. Funtzionatzen du antzerkia eta esketxak tartekatzeak?
MIKEL: Hasteko, bai, Herri txiki, infernu handi da oraintxe bertan arrakasta gehienetakoa (handienetakoa) duena ETBn eta formatuari igual asko zor zaio…Eta bestetik, Saturday Night Life ere bai 43 denboraldi dijoa (doa) Estatu Batuetan… Orduan, formatu horrek funtzionatzen duela ikusi genuen eta, hala ere, gure ustez, ere bai nahiko garbi genuen pixka bat dinamikotasuna emateko ere bai ez zuela izan behar denbora guztian antzerkia edo denbora guztian esketxak, eta horren aldeko apustua egin genuen.

4. Nolako harrera izaten ari zarete?
MIKEL: Lehenengoan, batez ere, bai etorri zirela pixka bat gure inguruko jendea: bai lagunak eta bai familia… Nola hamabi garen taldean, hamabion ingurukoekin jada casi (ia) bete genuen antzoki guztia. Baina bigarrenera, bigarrenean bai etorri zen askoz ere jende gazte gehiago, baina ez (ezta) ere ez horrela 18ko asko ez, pixka bat 25etik gora ere bai etorri ziren asko eta berriak, hori da, ez genuena beraiekin harremanik edo. Eta iruditzen zaigu hirugarren honetarako oraindik gehiago etorriko dela, zeren biek nahiko harrera ona eduki dute, bai bertan, eta gero sare sozialetatik idatzita eta orduan, espero dugu hirugarren hau (honetan) ere bai antzokia betetzea.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 14, 2019
Number: 40391332
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:55
Number of visits: 984