Aldizkari Digitala

Zaporeak proiektua: janari duina errefuxiatuentzat

Zaporeak proiektuak jaten ematea eta elkartasuna lotzen ditu. Boluntarioz osatutako talde baten ekimena da, Donostian sortua. Etiopian lan eginez hasi zuten ibilbidea, baina gaur egun Grezian ere ari dira bertako errefuxiatuei otordua emanez.

Zaporeak proiektua gastronomia eta elkartasuna uztartzen dituen elkarte baten ekimena da. Donostiako Intxaurrondo auzoan sortu zuten, baina gaur egun Euskal Herri osora zabaltzen ari da. Boluntarioz osatutako talde bat da, eta elikatzeko beharra edo bestelako premiak dituzten herrialdeetako pertsonei laguntzen die.

Oraitz Garciak hasieratik hartu du parte Zaporeak proiektuan.

Etiopian hasi zuten ibilbidea 2011. urtean, zehazki Wukro izeneko herrian. Han, Angel Olaran Aita Zuri hernaniarrarekin batera, Ostalaritza eta Gastronomiako Eskola, kontserbategia eta gaztandegia abiatzea zuten helburu. “Zazpi urteren ostean, oraintxe bidaliko dugu eskola muntatzeko materiala”, kontatu digu Oraitz Garcia egitasmoko kideak. Afrikako herrialde horretan bakarrik ez, 2015. urtetik aurrera, Grezian ere ari da lanean Zaporeak proiektua, bertara iristen diren errefuxiatu edo iheslariei “era goxo eta duinean” jaten emanez. Elkarteak Donostian duen egoitzan elkarrizketatu dugu Oraitz Garcia.

1. Greziara iristen diren errefuxiatuei buruz gauza asko irakurri eta entzun ditugu. Hala ere, une honetan ez ditugu komunikabideetan gehiegi ikusten.
Ikusten ez baditugu ere, hor daude eta laguntza behar dute. Gure lana bozgorailua izatea ere bada eta jendearen laguntza behar dugu gure erantzuna ematen jarraitzeko. Grezian gobernuz kanpoko erakundea izatea lortu dugu eta hainbat lekutan egon gara: Kiosen hasi ginen, Atenasen gero eta Lesbosen gaude orain. Hiru urte hauetan, 500 boluntario inguruk lagundu digute eta ia milioi bat otordu banatu ditugu iheslarien artean. Horretan lanean jarraitzeko asmoa dugu.

Errefuxiatuak otorduak hartu eta lurrean jaten Kioseko portutik gertu, Grezian.

2.Iritsi zinetenetik aldaketarik sumatu duzue hango egoeran?
Hasierako gure helburua sei hilabetez aritzea zen eta jada hiru urte daramagu. Zaporeak egitasmoa asko handitu da; horretarako, jendearen laguntza ezinbestekoa izan da eta hala da gaur egun ere. Epe motzean ez dut konponbiderik ikusten; izan ere, Sirian gerrak jarraitzen du eta errefuxiatuen uholdeak iristen ari dira oraindik ere. Lotsagarria da armadak eta catering-enpresek nolako elikagaiak ematen dizkieten; horregatik, askotan zakarretara bota behar izaten dituzte. Catering-enpresa horiek dirua irabazten dute iheslariei janaria banatzeagatik. Gu goxotasuna ematen saiatzen gara beti, kezkatzen garela ikus dezaten.
 
3. Nola jarri zenuten martxan Zaporeak proiektua?
Intxaurrondoko elkarteko kideok gastronomiarekin lotutako hainbat gauza antolatu izan ditugu, eta, Grezian errefuxiatuekin gertatzen ari zena ikusita hara joatea erabaki genuen. Hasiera hartan, proiektuko boluntarioak zazpi erretiratu eta ni soilik ginen. Lehenengo bidaia hartara lau joan ziren eta 800 otordu prestatu zituzten. Ondoren, boluntarioak lortzeko deialdiak egiten hasi ginen, proiektuari bultzada emateko. Sarean zabaltzeari esker, Kiosen egon ginen urtebetean boluntario asko igaro ziren: 15 eta 20 pertsona arteko taldeak izaten ziren eta, bidaia eta egonaldia geuk ordaintzen genizkien. Horiez gain, batzuk beren kabuz joaten ziren, gure hiru asteko egonaldiak luzeegiak zirelako, eta zeuzkaten egunak gurekin pasatzen zituzten. Jende guztia ongietorria da. 

Iheslariak otorduak jasotzen Soudako zelaian (Grezian).

4. Edonor izan al daiteke boluntarioa?
Guk ez dugu baldintza berezirik eskatzen, ezta sukaldaritzari buruzko jakintzarik ere. Lana egiteko gogoa eta jarrera egokia, horiexek behar ditugu. Azken batean, sukaldeko lana gogorra da: zazpi edo zortzi orduz aritu behar izaten dugu, hogeita bat egunetan. Zaporeak proiektuaren bidez, boluntarioek iheslariekin zuzenean lan egiteko aukera dute; horrela, lan gogorraren ondoren, behar duenari otordua eskuetara ematen diogunean, esker-hitzak, begiradak, irribarreak… jasotzen ditugu.
Une honetan, aldiz, aldaketak egiten ari gara antolaketan; hiru urte nekagarri izan dira eta profesionalizatzea erabaki dugu; jendea soldatapean hasi da lanean, baina boluntarioek izaten jarraitzen dute izaten proiektuaren bizkarrezurra, beraiek baitira gure eskuak eta arima. Lan gogorra, baina aberasgarria da.
 
5. Zer egin behar du  parte hartu nahi duenak?
Bi aukera daude: batetik, Greziara joatea; eta, bestetik, hemengo lana egitea. Egia da gehienek kanpora joan nahi dutela, zuzenean lagundu eta hango errealitatea ikusteko. Hala ere, argi izan behar dugu hori ezinezkoa dela hemengo lanik egin gabe.
Arropa-bilketa egin genuen duela gutxi, eta arropa hori antolatzen laguntzeko deialdia egin dugu. Parte hartu nahi duenak ateak irekita ditu; www.zaporeak.eus webgunean boluntario-fitxa betetzeko aukera du.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet laguntzen digutenei. Besteak beste, Fagor eta Lacor enpresei sukaldeak muntatzeko materiala musu-truk eman digutelako, eta Irungo Argitrans  garraio-enpresari, elikagaiak Greziara doan bidaltzeko aukera luxu bat delako guretzat.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Noiz eta zergatik sortu zen Zaporeak proiektua?
Zaporeak proiektua 2011. urtean hasi ginen horretan, lanketa horrekin, eta, herri honetan sukaldaritzak eta gastronomiak duten indarraz baliatuta, elkartasun proiektuak eginez, bada, bueno, elikadura beharra duten pertsonak laguntzeko helburuarekin.
2. Zein bide egin duzue?
2011n Etiopian hasi ginen, Wukron, Angel Olaran Aita Zuri hernaniarrarekin batera eta, bertan asmoa zen Ostalaritza eta Gastronomia Eskola bat sortzea. Eta lanketa horrekin, bueno, urte asko izan dira eta borroka asko izan da. Eta gaur da eguna bueno bada ia bidaltzekotan gaudela material guztia eskola muntatzeko, 7 urteren ondoren.
Eta horretaz gain, 2015eko amaieran, 2016ko urte hasieran, errefuxiatuen gaia pil-pilean zegoenean, erabaki genuen errefuxiatuak laguntzeko proiektu bat martxan jartzea eta horretan dihardugu azkeneko hiru urte hauetan. Arazoak, azkenean, hiru urte hauetan, batez ere, errefuxiatuen egoerarekin etorri da, azkenean, aldaketa asko izan ditu egoera horrek eta aldaketa horiek eragin zuzena izan dute gure proiektuan, ez? Eta horiei aurre egitea askotan kostosoa (nekeza) izan da, baina bueno lortu dugu lanean jarraitzea eta laguntzen jarraitzea.
3. Komunikabideetan Greziako errefuxiatuen berri izan dugu, baina ez da hainbeste agertzen azken aldian…
Bai, errealitatea are gordinagoa da, ez? Azkenean, komunikabideetan gaia pil-pilean zegoenean, azkenean, jende askok laguntzen du, eta jendea askok jotzen du gu bezalako proiektuetara laguntzeko asmoarekin… Baina komunikabideetan itzaltzen denean gaia, zoritxarrez, jendearen, ez interesa, baizik eta laguntzeko joera hori pasa egiten da, azkenean, ez direlako kontziente ere hor nola bizi diren. Jende askok, agertzen ez denez, pentsatzen dute jada ez dagoela krisirik. Eta horregatik, esango genuke egoera are okerragoa dela: azkenean, laguntza hori ez da iristen, errefuxiatuek Grezian jarraitzen dute geldirik, erantzunik gabe, etorkizunik gabe momentu honetan, azkenean bertan geldirik daude ate guztiak itxita eta ikusten ditugun egoerak oso gordinak dira: ikusten dituzu errefuxiatuen zelaiak, adibidez, Lesbosekoa, Moriakoa, 2.500 pertsonentzako kapazitatea daukana, 10.000tik gora pertsona biltzen dira bertan eta, batez ere, orain, negua gerturatzen denean, ikusten dituzu egoera oso kaskarrean daudela ez?
4. Euskaldunok borondatezko lanean sinesten dugu?
Guk hasiera-hasieratik esan dugu euskal jendartearen laguntzarik gabe hau ezinezkoa izango litzatekeela. Konturatu gara Euskal Herria elkartasun herri bat (herri solidario bat) dela, azkenean edozein deialdi egin dugula, laguntza behar dugula, bai boluntarioen aldetik bai ekonomikoki, bai arropa edo elikagai-bilketak eginez, jendearen erantzuna beti izugarria izan da, ikusgarria izan da eta Euskal Herriko txoko guztietatik iritsi da laguntza hori.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Feb 7, 2019
Number: 38215965
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:38
Number of visits: 1268