Aldizkari Digitala

Dorothy Crowfoot, Kimikako Nobel sariduna eta kristalografian aitzindari

Dorothy Crowfoot (1910-1994) britainiar zientzialari bikain honek oso txikitatik sentitu zuen zientziarako bokazioa, bereziki kimikarakoa. Bere bizitzako zatirik handiena ikerlanean eman zuen, eta aitzindaria izan zen X izpien bidez molekulak aztertzen. Teknika horren bitartez molekula ezagun askoren egiturak aurkitu zituen: penizilina, B12 bitamina eta intsulina, besteak beste. Aurkikuntza horiengatik eman zioten ondo merezitako Kimikako Nobel saria.

Dorothy Crowfoot 1910ean jaio zen, Kairon. Bere gurasoak ingelesak ziren, eta bizitzako lehen urteak Kairo eta Ingalaterra artean eman zituen. Generoak ez zuela oztopo izan behar sinetsita, gurasoek lau alaben (zaharrena zen Dorothy) zaletasunak bultzatu zituzten beti. Azkar jakin zuten zein zen Dorothyrena. Eskolan kimika lantzen hasi zirenean, kristalak hazi egin zituzten saio batean; txundituta gelditu zen Dorothy, eta etxeko ganbaran kristalak hazten jarraitzeko laborategia osatzen utzi zioten gurasoek.


Oxfordeko Unibertsitateko Somerville College. Dorothyk bertan ikasi zuen kimika.

Zientziak txikitatik erakarri zuen Dorothy: 10 urterekin, jada, esperimentuak egiten zituen etxean, eta 16 urterekin X izpien bidezko kristalografiarekin egin zuen topo, Fisikako Nobel saridun batek idatzitako liburu batean. Teknika berri horrek liluratuta, Oxfordeko unibertsitatean kimika ikastea erabaki zuen. Baina Oxforden sartzeko, latinezko klase partikularrak jaso behar izan zituen, bestela, ez baitzuen sarrera-azterketa gaindituko. Izeba batek emandako dirua ere ondo etorri zitzaion ikasten jarraitzeko.

Ikasle eta ikertzaile aparta
Garai hartan ikasleen bostena zen emakumea Oxforden, eta debekatuta zuten unibertsitateko jatetxean sartzea. Hitzaldietara ere ikaskide gizonezko batekin joan behar zuten edo dekanoaren baimenarekin. Oztopoak oztopo, hitzaldi bat entzun zuen kristalografiaz. Hizlaria, Cambridge Unibertsitateko irakaslea zen, kristalografian aditua, eta gizon-emakumeen arteko berdintasunean sinesten zuena. Hitzaldi horren eraginez, Cambridgera joan zen, irakaslearen laguntzarekin doktoretza egitera. Doktoretza besapean, Oxfordeko Unibertsitatera itzuli zen, 1934an. Izan ere, Somerville fakultatean lanpostua eskaini zioten, bere laborategia gidatzeko aukerarekin.

Han hasi zen intsulina ikertzen bere ikerketa-taldearekin batera. Ikerketan matematika-eragiketa luze-konplexuak idatzi behar ziren eskuz, ez baitzegoen ordenagailurik oraindik, eta eskuz egitea ez zen samurra zientzialari gaztearentzat: gero eta min handiago zuen esku-hanketako artikulazioetan, artritis-mota bat, oso minbera. Minak min, ikertzen jarraitu zuen.

Dorothy Oxfordeko unibertsitatean hasi zen kristalografiaren alorrean ikerketak egiten.

1937an kolesterol-molekularen egitura identifikatu zuen. Urte berean ezkondu zen eta 3 seme-alaba izan zituen. Haurdunaldiek asko apaldu zioten artritisaren mina eta hobekuntza horrek asko lagundu zion lanerako; horrek eta IBMren lehen ordenagailuek ere bai. Izan ere, penizilina ere ikertzen ari zen eta lan nekezak ziren. Kontuak kontu, 1945ean, penizilinaren hiru dimentsioko egitura identifikatu zuen. Egitura hori ezagutzea mesedegarria izan zen antibiotiko horrek nola funtzionatzen zuen jakiteko, eta horri esker, ordurako era industrialean sortzen hasia zen penizilina hobetzea lortu zen. Eta hobekuntza hori lortzea ez zen kontu hutsala 1945ean. Gogoratu urte horretako irailean amaitu zela Bigarren Mundu Gerra eta penizilina asko behar zen, eta ona.

Handik bi urtera, 1947an, Royal Society of London ikertzaile-elkarteko kide egin zuten. Bigarren Mundu Gerra amaituta, ikerketa-talde on samarra zeukan, eta kristalografia-teknikak ere asko hobetu zituzten. Teknika horiek berebiziko garrantzia izan zuten 1950eko hamarraldi inguruan; batetik, ADNaren egitura identifikatzeko eta bestetik, B12 bitaminaren egitura ezagutzeko. 1956an lortu zuten berak eta bere ikertzaile-taldeak B12 bitaminaren hiru dimentsioko egitura identifikatzea.

Asteroide baten izena bere omenez
Beraz, ikerketa horiengatik guztiengatik eta hainbat substantziaren egitura identifikatzeagatik, Kimikako Nobel saria eman zioten 1964an. 54 urte zituen, eta bosgarren emakumea zen Zientzia-arloko Nobel sari bat lortzen. Sari horren ondoren, 1969an, etorri zen bere aurkikuntza handienetakoa: intsulinaren egitura identifikatzea. Intsulina garrantzia handiko gaia zen britainiarrarentzat, eta hitzaldi asko eman zituen munduan barrena, intsulinaren eta diabetesaren arteko lotura azaltzeko.

1945ean penizilinaren hiru dimentsioko egitura argitzea lortu zuen.

Moskuko kristalografiako adituekin ere lan egin zuen. 1970ean Sobiet Batasuneko Zientzia Akademiako kide izendatu zuten eta handik urte batzuetara Lenin Bake saria eman zioten. Asteroide batek, bere omenez, Hodgkin izena du, senarraren abizena. Ez dakigu grazia handirik egin zion. Izan ere, bera ez zegoen ados Erresuma Batuan-eta gertatzen denarekin. Neskek ezkontzean senarraren abizena hartzen dute, eta jendeak abizen horrekin ezagutzen ditu. Baina Dorothy Crowfootek, ezkonduta gero ere, bere abizenari eutsi zion 12 urtez, penizilinari buruzko lan bat Hodgkin abizenarekin sinarazi zioten arte. Apur bat etsita, egun horretan, etxera itzultzean esan omen zuen: “ezkondu aurreko abizena galdu dut gaur”.

Bera hil eta 5 urtera, 1999an, emakume zientzialariak hitzaldiak ematen hasi ziren urtero Oxforden; egitasmoak zientzialari britainiarren izena dauka.

 

EITBko "Ahoz Aho" saioko bideo honetan informazio gehiago duzu entzungai
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 3, 2018
Number: 33533377
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 212