Aldizkari Digitala

Ikastetxeari gehiegi exijitzen diogu?

Hezkuntza-mota diferenteak maiz aipatzen dira azken aldian, haurrak hezteko modu alternatiboak ezagutzen ari gara, eta bide berriak probatzen. Hala ere, behar dugun jakintza guztia ikastetxeak eskaini behar al digu?

Ez da eskolaren ardura bakarrik; etxean ere etorkizunerako ezagutzak irakasten dizkigute, pertsona bezala hezi egiten gaituzte, baita beste hainbat gauzatan lagundu ere. Baina zein neurritan? Zer ikasten dugu etxean, eta zer eskolan? Gehiegi exijitzen ote diogu ikastetxeari?

Gehienetan gai horiek gurasoen ikuspegitik lantzen ditugu: haiei galdetzen diegu zein den euren iritzia, zergatik hartu duten erabaki hau edo bestea, nola jokatzen duten haien seme-alabekin… Oraingoan, ordea, gazteengana jo dugu, ikasleengana, eta norberak bizitakoa kontatzeko eskatu diegu. Julen Yusta, Aintzane Gabilondo eta Ander Etxeberria dira gure protagonistak.

 

Julen Yusta ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da.


“Ez dut uste nire familiak gehiegi exijitu duenik”


Julen Yusta donostiarra ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da unibertsitatean: “Ikastetxean bizitzarako prestatzen gaituzte, formakuntza oso garrantzitsua baita horretarako”. Hala ere, askotan ikasitakoak ez du zentzurik lanean hasten garen arte. Etxean, berriz, pertsona gisa hezi dutela kontatu digu. “Helburu batera iritsi naizen arren, aurrera jarraitu behar dela ikasi dut, beti gehiago izan gaitezkeela”.

Familiagandik eta irakasleengandik jasotakoaren arteko banaketa egokia izan dela esan digu Julenek, eta ikastetxeari ez diotela gehiegi exijitu: “Batean edo bestean ikasi dudana parekatua izan da, eta ez dut uste nire familiak gehiegi exijitu duenik”.


Familiak etxean etorkizunerako ezagutzak irakasten dizkigute, pertsona bezala hezi egiten gaituzte.


“Gaur egun, gehiegi exijitzen zaiela uste dut”


Aintzane Gabilondo bergararra kazetaria da, eta diseinu grafikoa ikasten ari da gaur egun. Bere ustez, alderdi teknikoa ikasten da ikastetxean, baita ikasgai zehatzak ere: matematika, filosofia, historia… Lanerako prestatzen gaituztela kontatu digu. “Familiak, aldiz, kalean zelan konpondu irakatsi dit, egunerokotasunerako baliagarriak diren kontuak, jendearekin nolako harremanak eraiki… Biziraupenerako beharrezkoak direnak etxean irakatsi dizkidate”.
Aintzane pozik dago jaso duenarekin eta “oreka” aipatu du etxekoaren eta ikastetxekoaren artean. Hala ere, bada falta izan zaion zerbait: “Hizkuntzak ikasteko modu dinamikoago bat eduki nahi nuen nik, ez hain teorikoa. Gainera, etxekoei ere natibo batekin hitz egiteko aukera ematea eskertuko nien, edo neuk bilatzeko baliabideak ematea. Horren falta sentitu dut”.

Bergararrak “aldaketa” aipatu digu berak nahitaezko ikasketak egin zituenetik gaur egungo errealitatera: “Gurasoek lehen baino gehiago exijitzen diete orain haurren irakasleei. Euren lan-ibilbideek garrantzi handia dute, eta lehen baino gehiago uzten dute seme-alaben hezkuntza eskolakoen eskuetan”. Bere kasuan, biei modu berean exijitu zitzaiela esan digu, eta ikastetxeek hizkuntzak modu dinamikoagoan ikasteaz gain, sorkuntza bultzatu behar dutela azpimarratu du.

Gure familiak aukeratutako ikastetxean ikasiko dugu.
 

“Ez da txarra exijitzea”

Ander Etxeberria pasaiarra produkzioa ikasten ari da Andoaingo Escivi Zinema eta Bideo Eskolan. “Nire nortasunarekin lotutakoa etxean ikasi dut, eta beste guztia ikatetxean: ikasgaiak, kultura… Nire ustez, biak tartekatzen dira, batean ikasi dudana bestean ere ikasi dut”. Ez du desberdintasun handirik aurkitzen bateko eta besteko mezuen artean, eta, beraz, pozik dago jasotako heziketarekin.
Anderren ustez, gurasoek euren seme-alabentzat onena nahi dutelako exijitu egiten diote ikastetxeari: “Ez da txarra exijitzea”.

Ados al zaude Anderrek esan duenarekin? Edo Aintzanerekin? Edo Julenekin? Ikastetxeari gehiegi exijitzen diogula uste duzu? Eta zu ikaslea zinenean? Ordutik hona asko aldatu dela uste duzu?



 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer ikasi duzu ikastetxean eta zer etxean?

ANDER: Nik etxean heziketa eta ikasi egin dut. Nola izan behar naizen (dudan), pertsonaren pertsonalitatea (nortasuna) eta guzti(a) etxean ikasi egin dut. Eta beste guztia, materia, kultura eta guzti hori (hori guztia) ikastolatik atera dut. Biak tartekatzen... Etxean baita ikasi egin dut ikastolan ikasi dudana, edo… Gauza desberdinak dira, baina batzuetan (baita) berdinak izaten dira.
AINTZANE: Nire ustez, eskolan gehienbat erakusten dotzuena (dizutena) da alderdi teknikoagoa edo ikasketak oso zehatzak: Matematika, Filosofia, Historia… eta horrelako gauzak. Eta etxean gehienbat ikasten dena da kalean zelan (nola) konportatu (jokatu), egunerokotasunean zelan (nola) bizi, matematika oso basikoak (oinarrizkoak), eta, ez dakit, eguneroko bizitzaren superbibentzia (biziraupena) edo zelabait (nolabait) esateko, jendereakin zelan (nola) erlazionatu eta holan (horrela) eta eskolan gehienbat beste mundu laboralerako edo askoz be (ere) gehiago preparatzen dotzuela (zaituztela) esango nuke.
JULEN: Ikastetxean ikasi dudana da formakuntza bat garrantzitsua dela bizitzarako prestatzen dizutela (zaituztela). Gero, etxean, jaso dudan heziketa nik uste dut izan dela beti gehiagora joatea, ez geratzea iritsi naiz honaino, helmugara iritsi naiz eta listo, hemen geratuko naiz, ez? Bueno, hor beti aurrera joan daiteke.

2.    Banaketa egokia izan dela uste duzu?

AINTZANE: Egia esanda ezin dut esan faltan bota dutenik (dudanik) ezer, zeren beti eduki dut, gurasoen aldetik beti egon dira bastante (nahiko) murgilduta nire ikasketatan eta horrela, baina esango nuke bastante (nahiko) ekilibratuta (orekatuta) egon dela bi aldeen aldetik.
ANDER: Nik uste dut, nik ikastolan ikasi egin dut eta bastante (nahiko) gustura egon naiz. Eta ez dut eduki arazorik ikasi dudanarekin eta etxean baita (ere), igual hobeto eta guzti. Nik zorte ona eduki dut nire gurasoekin.
JULEN: Nire ustez, banaketa ona izan da.

3.    Ikastetxeari gehiegi exijitzen diogu?


JULEN: Nire kasuan ez da hala izan. Nire kasuan, ikasketak edukitzeko egon naiz eskolan, gero karrera (gradua) batean sartu ahal izateko, formazio bat edukitzeko, eta bueno, gero etxean beste heziketa bat jaso dut. Beraz, ez nuke esango gehiegi exijitu zaionik nire familiaren aldetik.
AINTZANE: Egia esanda, gure, ez dakit, adin tartean edo, esango nuen ez dela holan (horrela), zeren azkenean, ez dakit, bastante (nahiko), esan dudan moduan, bastante (nahiko ) ekilibratuta (nahiko orekatuta) dagoen gauza bat dela esango nuke. Baina gaur egun, umeei, batez ere gurasoek asko exijitzen dietela esango nuke. Zeren, ez dakit, ikusten da euren erresponsabilitatea (ardura) galtzen doazela, zeren lanetan, euren lan pertsonalei inportantzia (garrantzia) gehiago ematen dotzela (diela) eta pentsatzen dutela eskolak ematen dabena (duena) baino gehiago eman beharko zebala (lukeela). Baina nire ustez, egia esanda, nire kasuan, ez da horrela izan.
ANDER: Exijitzen zaie batzuetan, gurasoek beraien semeentzako (seme-alabentzat) hoberena (onena) nahi dutelako. Ez da txarra exijitzea.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 27, 2018
Number: 27735146
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:04
Number of visits: 1110