Aldizkari Digitala

Euskaraldia: hizkuntza-ohiturak aldatzeko

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den euskararen erabilera sustatzeko ekimena da Euskaraldia. Irailaren 20tik aurrera 16 urtetik gorako herritarrek parte hartzeko izena eman dezakete.

Euskaraldia: hizkuntza-ohiturak aldatzeko

Euskararen erabilera eta ezagutza ez dira erritmo berean handitzen ari. 2016an egindako Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu azken 25 urtean. Kopurua handia da, baina erabilerak ez du erritmo berean gora egin. Izan ere, Euskal Herrian ezagutza % 28,4koa da, baina erabilera % 16,5ekoa.
Askotan entzun dugu euskara sustatzea zailagoa dela hiri handietan udalerri txikietan baino. Gu Bilbora hurbildu gara herritarrek horri buruz pentsatzen dutena biltzeko asmoz. Baina hori bakarrik ez; Euskaraldiak Bilbon nola eragin dezakeen kontatu digute.


Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den dinamika da Euskaraldia.

Euskaraldia

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean euskararen erabilera sustatzeko ekimena da Euskaraldia. Egun horietan, jendeak paparrean bi txapa eramateko aukera izango du: ahobizi edo belarriprest. Ahobiziek ulertzen duenari euskaraz egingo diote, baina kontuan izango dute erantzuna erdaraz jaso dezaketela. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete. Belarriprestek, berriz, euskaraz ulertzen dutela adierazten dute, nahiz eta erdaraz erantzun dezaketen.
Euskal Herriko 300 herritan baino gehiagotan jarriko da martxan ekimena; tartean, Bilbo. Bertako dinamizatzailea da Iñaki Etxarri: “Auzoetako taldeak finkatzea izan da helburua Euskaraldiko lehen fase honetan, eta lortu dugula uste dut”.

Iñaki Etxarri da Bilboko Euskaraldia dinamizatzeaz arduratuko dena.

Partaidetza

Irailaren 20an irekiko da parte hartzeko izen-emate ofiziala, eta 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. “Aurrez aurre eta on line egiteko aukera eskainiko dugu. Auzoetan, adibidez, izena emateko mahaiak jarriko ditugu hainbat lekutan. Herritarrak beren enpresetan ere apuntatu daitezke, eta txapak ere bertan banatuko zaizkie”, azaldu digu Iñakik.
Lukarte Areskurrinaga, Jon Intxaurraga eta Maialen Etxarri Bilbon bizi dira, eta ekimenean parte hartzeko asmoa dutela esan digute hirurek. “Euskaldunak armairutik irteteko aukera ona izango da”, esan digu Lukartek. Jonen ustez, “inertziak apurtzeko” aukera izango da, eta Maialenek, berriz, “dendetan lehenengo hitza euskaraz egitea” lortu nahi du.

Ondoren, zer?

Hamaika eguneko dinamikaren ondoren, ohitura horiei eustea lortu nahi dute antolatzaileek, euskararen erabilera handitzea baita azken helburua. Bilboko dinamizatzaileak dio auzoetan jada lortu dutela euskararen aldeko mugimendua indartzea eta egonkortzea: “Euskaraldiak bultzada bat emango dio hiriko euskalgintzari, eta, dinamika sinple baten bidez, hizkuntza-ohiturak aldatuko ditugu”.

.

Maialen Etxarri, Lukarte Areskurrinaga eta Jon Intxaurraga Bilbon bizi dira.

Euskal komunitatea badagoela erakustea da Maialenen eta Lukarteren nahia, horixe lortu nahi dute ariketa sozial eta kolektibo honen bitartez. Eta Jonek bi helburu daudela gaineratu du: “Alde batetik, hamaika egun horietan hizkuntza ohiturak aldatzea eta hamabigarren egunetik aurrera ohitura horiei eustea. Eta, bestetik, Bilbon jendeak ikustea euskara uste baino leku gehiagotan eta jende gehiagorekin erabili daitekeela”.

Hainbat herritan egin dira horrelako dinamikak: Donostiako Egia auzoan; Lasarten; Bilboko Deustun; Baionan, Angelun eta Miarritzen (BAM)… Baina desberdintasuna da Euskaraldian izena eman duten herri guztiek aldi berean hartuko dutela parte, eta pertsona bakoitzak bere inguruan eta ohiko harreman-sareetan eragingo duela: lagunartean, lanean, familiarengan, dendan, eskolan…

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.  Zein harreman duzu euskararekin?

LUKARTE ARESKURRINAGA: Harremana? Hitz batean esatea oso gaitza da, esango neuke (nuke) igual, faseak egon direla: euskara izan da nire ama-hizkuntza; gero, jada eskolan eta kalean erdara ikasi genuen eta erdaraz sozializatu ginen. Unibertsitate-ikasketak egiterakoan, orduan jada pentsatu nuen euskaraz egin behar nuela eta euskaraz zegoena euskaraz ikasi neban (nuen). Irakasle naiz eta lana euskaraz egiten dut. Semea izan nuenean, duela 14 urte pasatxo edo, pentsatu nuen eskaini behar geuenutzola (geniola) euskaraz bizitzeko aukera, eta uste nuen hori oso erraza izango zela eta berez etorriko zela. Orduan konturatu nintzen zein nekeza den euskaldun izatea.
 

JON INTXAURRAGA: Euskara izan da gure amama hizkuntza beti, amama euskalduna zelako eta nik 12 urtegaz (urterekin) erabaki nauen (nuen) ondo ikasi behar nauela (nuela) euskaraz eta hasi nintzen amamagaz (amamarekin) euskaraz egiten. Eta dakidan bizkaiera da amamak erakutsi zoztana (zidana). Eta bueno, ordutik hona apurka-apurka gero eta jende euskaldun gehiago ezagutu dot (dut), eta, ordutik aurrera, apurka-apurka euskara bihurtu da nire eguneroko hizkuntza. Gaur egun, euskaraz zein gazteleraz (gaztelaniaz) bizi naiz Bilbon. Gaur egun, Berbaizu euskara elkartean nago beharrean.

MAIALEN ETXARRI: Ni bilbotarra naiz eta euskara nire ama hizkuntza da. Eta horrez gain, ikastolan ikasi dut beti euskaraz, orduan euskararekin daukadan harremana oso naturala da, egunerokoa. Lagunekin ere gehienetan euskaraz hitz egiten dut…


2.  Bilbon euskaraz bizitzea zaila da?

LUKARTE ARESKURRINAGA: Bizi bizi leike (daiteke) baina, igual talde txikietan bai, talde txikietan posible da euskaraz bizitzea. Talde handixe (handia) batzen garenean, gero eta gaitzagoa. Igual hasieran bai hasten zara, baina azkenean denok amaitzen dugu erdaraz egiten, eta gazteentzako (gazteentzat) be (ere) zaila da: bai kirol eremua, aisialdi esparru hori, urrats asko egin behar direz (dira) oraindino (oraindik) euskalduntzeko.

JON INTXAURRAGA: Nik alde horretatik zortea eduki dot (dut) zeren euskara ongi egiten ikasi dut nagusitan jada kontzientziagaz (kontzientziarekin) eta orduan, errazagoa izan da lehen berba euskaraz egitea beti eta euskaldunari euskaraz egitea. Baina egia esan Bilbon, segun eta zein hirigaz (hirirekin) edo herrigaz (herrirekin)  konparatzen (alderatzen) duzun, ikusiko duzu euskaraz bizitzea gaitza den ala ez. Baina egia da guk pentsatzen doguna (duguna) baino askoz gehiagotan egin ahal dogula (dugula) euskaraz Bilbon. Batzuetan igual erdaraz erantzungo doskue (digute), baina erdaraz erantzun arren, guri ez dozkue (digute) eskatuko erdarara pasatzeko. Bilbon bai, hau ez da Lekeitio, hau ez da Azpeitia, baina bai egia da, uste baino askoz gehiagotan egin ahal dogula (dugula) euskaraz. 

MAIALEN ETXARRI: Egia da, beti esan da Bilbon zaila dela eguneroko bizitza euskaraz egitea eta bada egia, beste herri batzuekin, edo beste inkluso hiri batzuekin konparatuta (alderatuta). Baina nik uste esfortzu bat egiten badugu, uste duguna baino euskaldun gehiago daudela behintzat euskaraz ulertzen dutenak. Orduan, nik beti esan dut euskaraz egiteko gai banaiz edo aukera badaukat euskaraz egiteko, besteak euskaraz ez badit erantzuten ez dela hain garrantzitsua. Nik euskaraz bizi nahi dut, beraiek gazteleraz erantzuten badidate, nahikoa dela.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 19, 2018
Number: 26789618
Dialect:
  • Bizkaiera
  • Batua
Duration: 03:37
Number of visits: 979