Aldizkari Digitala

Gaztedi sokatira-taldea Hegoafrikako mundu-txapelketara urrezko dominaren bila

Gaztedi sokatira-taldea 1961. urtean sortu zen Laukizen eta gaur egun, taldeko 40 kideetatik 16 emakumeak dira.

Sokatira herri-kirola da, baina ez daukagu noiz eta non sortu zen argitzen duen daturik. Bost kontinentetan errituzko ekintzekin lotutako aztarnak topatu dituzte: Birmanian, Korean, Indian, Hawain, Ginea Berrian, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Zeelanda Berrian, baita beste leku askotan ere. Gainera, Olinpiar Jokoa izan zen 1900 eta 1920. urteen artean, nahiz eta ordutik ez duten berreskuratu joko entzutetsuetan izandako lekua.
Gurera etorrita, Gaztedi sokatira-taldea 1961. urtean sortu zen Laukizen (Bizkaian), baina lehenagotik ere ba omen zegoen herrian sokatira-taldea. Egun, kluba 40 kidek osatzen dute, eta horietatik 16 dira emakumeak. Dominak irabazi dituzte: azkeneko bi urrezko sariak martxoan, Txinan, eta orain Hegoafrikako Munduko Txapelketara joango dira, “ilusio handiarekin”. Nerea Egurrolarekin eta Batirtze Ispizuarekin entrenamenduaren aurretik elkartu gara Laukizko zelaian.

Euskal Herrian goma gainean aritzeko sei taldek osatu dute aurten txapelketa, eta bik soilik lur gainean.

1.   Zenbat talde ditu Gaztedi klubak? Guztiak ez zarete Laukizekoak izango…
Nerea Egurrola: Laukizkoak lauzpabost izango dira, eta gainerakoak hemen ingurukoak: Urduliz, Berango, Mungia, Bermeo, Kortezubi, Laudio... Ni neu ere Getxokoa naiz. Taldean 16 emakume gara eta oso pozik gaude, horrelako talde handia elkartzea zaila baita. Mutilekin osatzen dugu Gaztedi sokatira-taldea.

2.   Noiz entrenatzen duzue? Nolakoak dira entrenamendu-saioak?
Nerea Egurrola: Udan astean bost egunetan entrenatzen dugu, gutxi gorabehera. Denboraldia hasi aurretik bost egunetan eta, txapelketak iraun bitartean, lau egunetan. 20:30ean edo 21:00etan hasi eta 22:30ak edo 23:00ak arte luzatzen dira saioak. Taldean egiteko kirola denez denok elkartzea zaila da; horregatik dugu ordutegi hori. Polearekin eta gure artean elkarren kontrak eginez, hor aritzen gara ia egunero bi orduz.

3.   Sokatiran bi modalitate daude: goman eta lur gainean. Zein da txapelketen egoera emakumeen sokatiran?
Nerea Egurrola: Goma gaineko errealitatea nahiko ona da: sei taldek hartu dugu parte aurtengo txapelketan. Lur gainean, berriz, 2013. urtetik gu bakarrik aritzen ginen, baina Erandioko Goierri taldeko nesken aurka aritzeko aukera izan dugu uda honetan. Berri pozgarria da hori, izan ere, horren aurretik udako txapelketetan mutilekin aritzen ginen talde mistoan, ez geneukan-eta beste aukerarik.

4.  Martxoan bi urre lortu zenituzten Txinan jokatutako lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. Espero zenuten halakorik? Zer-nolako oihartzuna izan du?
Batirtze Ispizua: Nik uste dut oihartzun handia izan duela. Jende askorentzat oso kirol ezezaguna da sokatira eta publizitate hori ematen digutenean, jende berriak ezagutu egiten du. Gainera, norbaitek probatu nahi badu, aukera du horretarako, nahi duena etor daiteke eta.
Txinako Munduko Txapelketa oso polita izan da, espero ez genituen dominak irabazi ditugulako eta leku askotan agertu garelako. 2014an Malmon (Suedian) mutilek ere irabazi zuten, Euskal Herriko selekzio gisa, baina gu agian beraiek baino gehiago agertu gara komunikabideetan orain. Gainera, lehenengo domina Emakumearen Egunean (martxoaren 8an) irabazi genuen, eta hori ere berezia egin zen. Gero eta indar handiagoa ematen diote komunikabideek gure kirolari, eta alde horretatik gu oso pozik gaude.

5.    Sokatiran badugu euskal selekzioa, nola osatzen da eta zein da bere egitekoa?
Batirtze Ispizua: Maila bakoitzean txapelketa ofizialak daude, eta irabazleak kategoria horretan ordezkatuko du Euskal Herria. Gainera, talde irabazleek beste taldeetako kideren bat euren taldera gonbidatu dezakete, selekzioaren parte izateko. Euskal Herriko txapelketa irabazten duena Munduko Txapelketara eta Europako Txapelketara joaten da Euskal Herria ordezkatzera.

6.  Irailean Hegoafrikan duzue hurrengo erronka, zein da zuen asmoa? Berriro urrearen bila?
Batirtze Ispizua: Bidaia luzea da, ordu asko baitira. Horrez gain, ezjakintasun handiarekin joango gara, errespetuz, ez baitakigu beste herrialdeetako taldeak nola aurkeztuko diren. Lur gainean entrenatzeko ez daukagu txapelketarik eta beraz, ezin ditugu indarrak ondo neurtu joan aurretik. Mutilek hori egin dezakete, baina guk ez. Hori bai, ilusio handiarekin eta betiere irabazteko asmoarekin joango gara, pozik.

7.  Zaila da horrelako bidaietarako behar duzuen aurrekontua osatzea?
Batirtze Ispizua: Udako txapelketetan, kasu honetan Hegoafrikakoan, senideek edo bikotekideek gurekin bidaiatzen dute normalean eta diru aldetik nahiko zaila da, noski. Azken batean, gurea bezalako kirol ezezagunak direnean, laguntzak nahiko mugatuak izaten dira, baina laguntza badaukagu behintzat. Eta horri esker, asko aurreratzen dugu. Hala ere, ez da nahikoa izaten gastu guztiak kudeatzeko. Gure poltsikotik jartzeaz gain, udalak eta hainbat enpresak laguntzen digute. Guztia guk jarri beharko bagenu…





 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.  Zerk erakarrita hasi zinen sokatiran?
Nerea Egurrola: Sokatira munduan hogeita bost urte daramat. Bai azkeneko hiru urteetan be (ere) bai beste herri kirol modalitate batzuk egiten, baina sokatiran hogeita bost. Hamazazpi urterekin hasi nintzen, eta holan (horrela), bat-batean hasi nintzen: lagun batek esan zidan bera eta bere ahiztak (ahizpak) eta lehengusinak probatuko zutela sokatiran, Berangon talde bat zegoela eta animatu nintzen eta ordutik hona, horretan nabil.
Batirtze Ispizua: Sokatira munduan hasi nintzen nahiko, nahiko berandu, duela sei urte eskas, eta hasi nintzen Bermeoko auzoen arteko txapelketa bat moldatzeko intentzinoakaz (asmoarekin).

2.  Sokatirak bi modalitate ditu: goma edo lurra. Oso desberdinak dira?
Nerea Egurrola: Goma gainean hitz egitean dugunean izaten da neguan egiten den txapelketa, frontoi barruan normalean, zeren goma ezin da busti. Beraz, izaten da goma holan (horrela) lukitxoak dekona (dituena) eta batuta holan (horrela) egoten dena. Eta plaierak (zapatilak) erabiltzen ditugu, horrelako plaierak (zapatilak) kautxu(a) jarrita, eta labain ez egiteko goman. Eta holan (horrela) luze jarri behar dugu eta soka sartunda (sartuta) hemen gerrian.
Eta lur gainean esaten dugunean, izaten da udako denboraldia, eta hori, zelaian egiten dena, edozein lur motan. Eta patinatzeko botekin, horrelakoak, eta jartzen diogu txapa bat takoian… Moldatu egiten ditugu patinezko bota horiek lurrean tenkatu egiteko, eta takoia sartzeko eta…

3.  Emakumeen presentzia gero eta handiagoa da herri kiroletan…
Batirtze Ispizua: Ni gehienbat sokatira munduan nabil eta orduan, nik esan ahal dut nik parte hartzen dudan taldean, neskak oso ondo zaintzen gozkuela (gaituztela). Eta egia esanda, 2010etik talde mistoak parte hartzen dau (du) bai hemengo txapelketa dagoenean edo baita kanpoko txapelketetan, eta garaipen oso onak lortuta, gainera. Eta ba bueno, herri kirolen munduan nahiko zaila da neskak animatzea, azkenean, uste dut tradizio aldetik eta neskaren ikuspuntua, ez dakit, igual, beti izan da apur bat gizonezkoen mundu bat edo. Baina bueno, nik uste dot (dut) denborak aurrera joan ahala ikusten dela neskak marka oso onak egiten dabizela (ari direla) eta gutxika-gutxika herri kirol guztietan, gutxi gorabehera, neskek parte hartzen dabela (dutela). Nik uste dut egoera zaila dela, baina gutxika-gutxika bai dabiltzala erakundeak eta neskari laguntasuna edo eman nahian apur bat neskak sartzeko herri kirolen munduan.


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 13, 2018
Number: 26315608
Duration: 04:02
Number of visits: 580