Aldizkari Digitala

Ba al duzu lorerik etxean?

Loreak jartzea edo oparitzea ekintza xumea izanda ere, sinbolismo handia duen ekintza da, eta beharbada horregatik, gaur egun loreak erosten eta oparitzen jarraitzen dugu.

Loreak film arrakastatsuan (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014) lore-sortak ditugu protagonista. Loreak jartzea edo bidaltzea ekintza xumea bada ere, indar eta sinbolismo handikoa dela argi ikusten dugu pelikulan. Mamia kontatu gabe, inork ikusteko asmoa badu, filmean bi egoeratan agertzen zaizkigu: opari gisa eta hildako bati eskaintzeko.

 

Loreak Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma da.

Gaur egun, hilobietan gero eta lore gutxiago jartzen ditugu, eta askok plastikozkoak hautatzen ditugu, ez dutelako lanik ematen. Gainera, errausketa-kopurua handitu egin da eta loreak jada ez dira protagonistak. “Hildakoari gustatzen zitzaizkion loreak jartzen dizkion jendea oraindik badago, baina egia da hilerrian lehen baino lore-sorta gutxiago ikusten ditugula”, kontatu digu Mari Karmen Gonzalezek. Bera Hondarribiko Endanea Garden loradendako langilea eta bazkidea da. Lantokian egin digu harrera, lorez eta landarez inguratuta.

Salmenta
“Etxe barrurako orkideak, eta kanporako margaritak edo usaina duen edozein landare. Horiek dira gehien saltzen ditugun landareak”, kontatu digu Mari Karmenek. Gaur egun, eskaintza zabala aurkituko dute bezeroek loradendetan: etxe barruan edo lorategian jartzeko landareak, haziak, lore-sortak, ezkontzetarako loreak, loreontziak… “Adin guztietako jendea etortzen da, ez daukagu profil zehatzik”. Askotan, ikastetxeetatik ere bisitak egiten dizkiete, “naturarekin lotutako ikastaro laburrak egiten baitituzte”. 

Mari Karmenen ustez, lorazaintza plazerra eta norberak nahi duena adierazteko bidea da.

Landareak gero eta gutxiago saltzen dituzten galdetu diogu, eta erantzuna guztiz bestelakoa izan da: “Askoz gehiago saltzen dugu orain. Duela hogei urte, zaindu egiten genituen landareak, eta denbora luzez irauten zuten. Gainera, oporretan joaten ginenean, auzokoari edo familiakoren bati uzten genion landareak zaintzeko ardura. Gaur egun ez zaio garrantzirik ematen: ureztatu eta bertan uzten ditugu, ea zer pasatuko den zain. Askotan etxera itzuli eta hondatuta egoten dira. Orduan, beste bat erostera etortzen da jendea”. Horregatik, saltzen dute gehiago. Internetek ere horretan zerikusia duela esan digu Mari Karmenek: “Sarean dena da polita eta freskoa; horregatik nahi du horixe bere etxerako erosleak”.

Ez da apaingarria soilik
Landare bat zaintzeko argitasuna, ura eta elikadura eduki behar dira kontuan: “Landare bakoitzari garai edo baldintza batzuek egiten diote mesede, baina oinarrizkoena lekua eta ematen dioguna da. Kontuz ibili ur edo janari gehiegi edo gutxiegi ematearekin”. 

Landareak maite dituen jendeari segituan nabaritzen zaiola esan digu: “Hosto bat erori zaiola, zerbait kizkurtu edo loratu zaiola… Pozik kontatzen digute gertatzen ari dena. Hala ere, egia da bakoitzak zerbait desberdina sentitzen duela, landare batek ez baitio jende guztiari gauza bera ematen”. Lehenengo aldiz landare bat erosi nahi duenari zer gomendatzen dion galdetu diogu, eta kaktusa edo landare berdea gomendatu dizkigu, “zaintzeko errazenak direlako”.

Ezkontzak
Ezkontzetan andregaiak bizkarrez jartzen dira eta lore-sorta botatzen dute, gonbidatuak elkarri bultzaka ari direla, hartzen saiatzen diren bitartean. Urteetan, eta batik bat film amerikarretan, ikusi izan dugu eszena hori. “Ezkontzak lorez bete dira: elizan, epaitegian edo jatetxean, lekua apaintzen dute, lorez bete… Ez da andregaiaren lore-sorta bakarrik”.
Lorezaintza “plazerra eta norberak nahi duena adierazteko bidea” dela esan digu Mari Karmenek.  “Ez dago ezer idatzita, norberak gustuko duena egitea baita garrantzitsuena”.


Eta zuk, baduzu landarerik etxean? Zein? Nola zaintzen dituzu? Zer ematen dizu landare batek? Lore-sortarik oparitu duzu inoiz? Baten bat jasotzea gustatuko litzaizuke?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Nor etortzen da landareak erostera?
Gaur egun, egia esateko, edade (adin) guztietako jendea.

2.    Zein da gehien saltzen duzuen landarea?
Bat bakarrik esateko, ezin dut esan. Asko, asko, asko saltzen dira orkideak etxe barrukoz (barrurako), etxe barrukoz (barrurako), eta kanporakoz (kanporako) edozein margarita, edozein margarita dena, margarita dena, eta aromatikoa edozein landare baita ere (ere bai) oso ondo.

3.    Lehen baino gutxiago saltzen duzue?
Erosi askoz gehiago erosten da, askoz gehiago erosten da. Lehen, lehen, lehen, orain dela hogei urte, erosten ziren gauzak egiten ziren zaindu, asko zaindu, asko zaindu. Irauten zuten landareak, bai etxe barrukoak, kanpokoak… urteak eta urteak. Orain aldatu da gauz(a) bat: ez zaizula inportikan (axola) hondatzea. Bai inporta (axola) zaizu, baina ez hainbeste. Nahiago duzu oporretara joan eta landareak utzi. Baina lehenago, orain dela hogei bat urte egiten zen ni oporretara baldin banijoa, landareak amari eman edo auzoko bateri (bati) edo norbaiteri (norbaiti) zaintzeko eta segitzeko. Orain ez da inportantzia (garrantzia) hori ematen: ureztatzen dituzu eta a ver (ea) bueltakoan zer bilatzen (topatzen) dugun. Eta orduan, normalean bueltan, bizirik daude, baina itsusitu egin dira, eta orduan daukagu imajina (irudia), hainbeste Internet, hainbeste gauza, dena hain fresko, hain gazte, jendeak nahiago duela berriz ere etorri eta erosi.

4.    Landare bat nola zaindu behar dugu?
Pentsatu behar da beti, landarea naturala dela, landare guztiak dira naturakoak, denak. Bakarrik bakoitza bere kondiziotan (baldintzetan) edo bere garaietan (garaian) handitu eta loratzen dira. Derrigorrezkoa, egitan, egitan, landare batek behar duena da argia, ura eta janaria. Orduan, zer den hori? Leku on bat, gau eta egun zu egongo zinen (zinatekeen) leku bat; ura behar adina, ez gehiago; eta janaria behar adina. Bai ura gehiegi edo bai jan gehiegi baldin badaukazu, landarea hondatu egingo duzu, edo, jan (jateko) gutxiegi eta edan (edateko) gutxiegi baldin badago (badaukazu), landareak ere sufrituko du. 

5.    Lore-sortak erosi edo oparitzen ditugu?
Lore ebakia da gauza bat oso polita, da momentu bat eta ahal duzu jarri loreontzian edozein lekutan, edozein momentutan, eta ahal da oparitu eta norberarentzat erosi baita ere (ere bai). Norberarentzat erosi: adibidez, orain bost egun libre ditut eta etxean egongo naiz lasai, eta erosiko dut hau, orain ez dakit zer egingo dut (dudan) , orain bazkari bat daukat etxean eta nahi dut apaindu… Baina egitan, asko egiten dutena da bakoitzak berientzat (berarentzat) hartu.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 6, 2018
Number: 24452352
Duration: 03:46
Number of visits: 700