Aldizkari Digitala

Irati Urrestarazu, artista

Irati Urrestarazu artista da eta 2013. urtean Okela Sormen Lantegia izeneko proiektua abiatu zuen Bilbon, lehen harategia izandako espazio batean.

Irati Urrestarazu (Altsasu, 1989) artista eta Okela Sormen Lantegiko kide fundatzailea da. 2013. urtean, Nora Aurrekoetxea eta Izaro Ieregi ikaskideekin jarri zuen abian proiektua, eta, Nora atzerrian dagoenez gero, Sahatsa Jauregik hartu du bere lekua. “Artistek artistentzat egindako espazioa da Okela, eta Bilboko San Frantzisko kale mitikoan dago kokatuta”. Lehen harategia zen, eta horregatik aukeratu zuten izen hori: “Ez geneukan lokala goitik behera aldatzeko adina diru, eta lekua geureganatzea erabaki genuen”. Haragia birrintzeko tresnak, generoa zintzilikatzeko kakoak edo hozkailu erraldoi bateko ateak begi-bistan uzten dute Iratik esandakoa.

Irati Urrestarazuren ustez, 70ko edo 80ko hamarkadan artea gizarteratuago zegoen.

1.  Zer da Okela Sormen Lantegia?
Arte garaikidea batzen duen lekua da. Bertan, erakusketa fisikoak antolatzen ditugu, hitzaldiak eskaintzen ditugu eta webgunean artistak biltzen dituen sarea dugu.

2.  Noiz eta zergatik erabaki zenuten abian jartzea?
Unibertsitateko ikasketak amaitzear geundenean, lanerako espazio bat sortu nahi genuela erabaki genuen Norak, Izarok eta hirurok. Lantegia kolektiboa izatea nahi genuen, eta ez indibiduala. Eztabaida bat sortu zen gure artean, lokala berritzeko lanetan ari ginenean, eta hortik sortu zen Okela martxan jartzeko ideia.

3.  Beste herrialderen batean antzeko proiekturik ezagutzen zenuten?
Artistek garatutako espazio kolektiboak badaude, izan ere, artista guztiok daukagun behar bat da egindakoa erakusteko espazioak sortzea, instituzioetatik edo gune ofizialetatik kanpo. Hala ere, guk bezala artisten sarea osatzen duenik ez dut ezagutzen. Ideia hori berritzailea da, edo guk behintzat ez dugu hori egiten duen egitasmorik ezagutzen.

Artisten Meeting Point bakoitzean, hiru artistek erakusketa bat osatzen dute.

4.  Zer dira Artisten Meeting Point-ak (AMPak)?
Okelaren bizkarrezurra da proiektu hori. Gure erakusketen eta ekimenen bitartez, arteari lotutako hainbat gauza lortu nahi genituen: emakumearen presentzia areagotzea; euskararen erabilera sustatzea; hasiberrien eta esperientziadunen arteko zubiak sortzea; artistari egindakoa azaltzeko aukera ematea, eta profesionalizazioa.
Horretarako, AMPak sortu genituen: hiru artistak erakusketa bat osatzen dute, eta, erakusketaren amaieran, Okelara etortzen den jendeari egindakoa azaltzen diete. Jardunaldi horietan, kontzertuak, bertso-saioak edo poesia-errezitalak egin izan ditugu. Zergatik beste diziplina bat? Askok artea ez dutelako gertukoa, baina musika-taldea bai. Beraz, gauza bategatik edo besteagatik gure arte-espaziora etortzen dira. Artistek parte hartu ahal izateko, Euskal Herrian jaio, bizi edo lan egin behar dute.

5.  Espazio irekia dela diozue: artea herritarrengana hurbildu nahi duzue?
Bai, eta horrexegatik egiten ditugu hitzaldiak: jendeak artistak egindakoa ulertzen ez duela esan izan du askotan, eta guk hori amaitu nahi dugu. Gainera, musikak edo poesiak ere jendea erakartzen du, eta, artea euren interes zuzena ez bada ere, guztiak leku berean elkartzea lortzen dugu. Beste egoera bat sortzen dugu, guztia nahasten da eta horrek hurbiltasuna ekartzen du.

6.  Eta zer topatuko du kaletik Okelara sartzen den herritar batek?
Gu hiru artista gara, eta astelehenetan eta astearteetan bulegoko ordutegia egiten dugu. Erakusketak ikusteko aukera, berriz, astearte, asteazken eta ostiral arratsaldeetan eskaintzen dugu.

7.  Artean jendeak lehen baino interes handiagoa ala txikiagoa duela esango zenuke?
70eko edo 80ko hamarkadetan, artea gizarteratuago zegoela uste dut, orain ez bezala. Nire ustez, apurtze bat eman zen: Oteizaren edo frankismoaren garaian zuen indarra orokorrean pixka bat galdu egin dela iruditzen zait.

8. Nolako lanak edo erakusketak egin dituzue orain arte? Kuttunen bat aipatuko zeniguke?
Ezingo nuke bat esan… Batzuek agian besteek baino arrakasta handiagoa izan dute, baina arrazoiak asko izan daitezke. Agian Zoriaren erakusketa aipatu dezaket, artisten artean sortu zen kimika eta harremanagatik, euren artean lan egitea oso erraza izan zelako. Oro har, artista asko ezagutu ditugu eta gehienak oso interesgarriak, gainera. Horri esker, geuk ere artista gisa asko ikasten dugu. Horregatik, zaila da bakarra esatea.

9. Zer eskatzen duzue etorkizunerako?
Egonkortasun ekonomikoa lortu nahiko genuke, baina proiektuarekin berdin jarraitu nahi dugu. Nahi eta ahal izatea, gustura gaudelako.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da Okela Sormen Lantegia?
Okela Bilbo hiriburuan dagoen arte espazio bat da. Eta bertan, egungo arte garaikidea batzen duen lekua: bai erakusketa fisiko eta bertan ematen ditugun hitzaldiekin, eta baita ere webgunean daukagun sare batekin, non egungo artistak barne-biltzen dituen beraien artean lotua dagoen sare batean.

2.    Noiz eta zergatik erabaki zenuten abian jartzea?
Ginen unibertsitatetik atera berri edo ateratzeko hor mugan geundela, eta ez dakit izan zen pixka bat ematen duen bertigo hori edo, eta orduan erabaki genuen nahi genuela berez tailer moduan, guk lan egiteko espazio bat, eta indibiduala izan beharrean kolektiboki sortzea. Horregatik, aukeratu genuen espazio hau eta bueno, gerora hasi ginenean pixka bat espazioa txukuntzen sortu zen bertan eman ziren eztabaida eta lanorduekin sortu zen Okelaren proiektua. Baina hasierako ideia ez zen halako espazio bat sortzea.

3.    Zer dira Artisten Meeting Point-ak?
Okelaren bizkarrezurra proiektu hori da. Eta dira hiru artistek osaturiko erakusketak, non gero beti, lehen hasieran, orain amaieran, ekartzen ditugun hitzaldi bat ematera, eta orduan, jendearekin elkarrizketa egoteko aukera bai lanen inguruan, prozesuaren inguruan, artistak nola nahi duen, nondik heldu dion, nondik ez gai bakoitzari. Eta bueno, halako jardunaldiak dira MPak eta horrekin batera ere bai ekartzen dugu beste diziplina bate(ta)ko, musika edo horrela, eta agian ba zu, badago jendea artea ez duela gertukoa baina musika talde hori bai, orduan, gauza batengatik edo bestearengatik hemen elkartzen gara.

4.    Artea herritarrengana hurbildu duzue?
Bai eta berez, hitzaldiak egitearen ideia hori zen ere bai: pixka bat apurtzea ez ulertzearen tabu horrekin eta baita beste musikariak edo poetak edo bertsolariak eduki ditugu, ekartzearen arrazoietako bat da ba bueno, agian artea ez da interes zuzen bat jende askorentzat, bestea bai. Elkartzen ditugu leku berdinean eta agian hurbiltasun hori dago, hurbiltzeko aukera, beste egoera bat sortzeko aukera, ez? Pixka bat nahasteko.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 29, 2018
Number: 24281423
Dialect:
  • Batua
Duration: 03:40
Number of visits: 176