Aldizkari Digitala

Etxeko erosketak on-line

On-line erostea ez da kontu berria, baina eguneroko etxeko erosketak on-line egitea gehiago kostatzen zaigu.

Erosketak online edo dendan egitea gustatzen zaizu?

Jaieguna da, eta etxe ondoko dendak itxita daude. Erosketak egin nahi ditugu, baina ezinezkoa da… Edo ez da ezinezkoa? Lehen pentsaezina zen, baina gaur egun edozein gauza eros dezakegu etxetik mugitu ere egin gabe. Orain online erostea ohikoa da, gero eta jende gehiagok erabiltzen du, eta gorantz doa urtez urte. Eta zuk? Internet bidez egiten dituzu erosketak?

Sareak abantaila asko eskaintzen dizkigu: denbora aurreztea, edozein lekutatik egin ahal izatea, ilararik ez jasatea, etxean jasotzea, edonoiz egitea… Bertara joateak ere baditu bere alde onak, noski; batik bat, erosiko dugun hori probatu, ukitu edo gure begiekin ikusteko aukera izatea.

Hala ere, asko handitu da alor hau, eta denda askok ematen dute online erosteko aukera. Modu honen bitartez, arropan eta teknologia berrietan xahutzen dugu diru gehien. Hala ere, oinetakoak, hegaldiak, hotelak, altzariak, janaria eta beste hainbat gauza ere erosten ditugu. Super Amara supermerkatua ere hasi da aukera hau eskaintzen; duela gutxi hasi dira bezeroei online erosteko aukera ematen. Urtebeteko prozesua izan da, eta informatika-enpresa batekin egon dira harremanetan ibilbide luze horretan. “Bezeroek eskatzen zigutelako, aukera hori jartzea erabaki genuen. Gainera, Super Amara ez dagoenez leku guztietan, orain edonora iritsi gaitezke”, azaldu digu Toñi Rodriguezek. Bera Super Amarako administraria da, Donostiako Antigua auzoko bulegoan, hain zuzen ere. Bertan elkartu gara eta hainbat kontu izan ditugu hizpide.

 

Desberdintasunak
Etxetik irten, supermerkatura joan, produktuak aukeratu, orga bete, ilaran itxaron, ordaindu eta poltsak hartuta etxera itzuli. Horixe da erosketak egiteko prozesua, hasi eta bukatu, etxera iritsi eta erositakoa bere lekuan jartzen dugun arte. “Dendara joaten bagara, produktu freskoak zuzenean ikusiko ditugu: nola dauden, zein kolore duten… Online, berriz, argazkian ikusten dugu, ez dakigu une horretan nola dagoen”, azaldu digu Rodriguezek.

Sarean edonon eta edonoiz egin dezakegu erosketa: “Ileapaindegian zain bagaude, aspertuta, erosketak egin ditzakegu. Gainera, guk esandako egun eta orduan etxean jasoko dugu eskatutakoa”. Modu honetan egin ahal izateko, Super Amarako txartela beharrezkoa da,  txartel horren zenbakiarekin ordaintzen delako. Online eginez gero, bi aukera ditugu: batetik, guk eskatutakoa Donostiako Loiolako Erriberan dagoen supermerkatura joan eta guk geuk jaso dezakegu. Bestetik, etxera ekartzeko aukera daukagu. “Etxera ekartzea nahi badugu, 100 euro baino gutxiagoko erosketa eginda, 7’5 euro ordainduko ditugu. Baina 100 eurotik gorako erosketa eginez gero, doan egingo digute bidalketa”.

Dendan 11.000 erreferentzia dituzte, eta online, ordea, 8.000. Lan handia izan da produktu guztien erreferentziak eta argazkiak sarean jartzea, baina pozik daude lortutako emaitzarekin. “Prozesua luzea izan da, baina argi geneukan gure bezeroei aukera hau eman behar geniela”, esan digu Super Amarako langileak.

 

Etorkizuna
Internet bidez erosketak egiteko aukera duela gutxi jarri dute martxan, eta, beraz, une honetan garrantzitsuena ezagutzera ematea da: “Langileok probatu dugu eta ederki funtzionatzen du. Publizitate-kanpainan murgilduta gaude orain, jendeak aukera honen berri izateko”.

Gaur egungo gizartean, oso lanpetuta bizi gara, eta denbora gutxi izaten dugu erosketak egitera joateko. Gazteek hainbat gauza erosten dituzte sarearen bidez: zapatilak, arropa, bidaiak… “Gazte horiek, aurrerago, gure bezeroak izango dira. Hortaz, dena online erosiko dute, horixe da etorkizuna”, adierazi digu Toñik.

Oraingoz, Gipuzkoan, zortzi Super Amara daude, eta herri gehiagotara iritsi dira sarearen bitartez. Hala ere, oraindik ezin da probintziako edozein herritatik eskaera egin. Beraz, bide egiten jarraituko dute.

Eta zuk, Internet bidez egiten dituzu erosketak? Edo dendara joatea nahiago duzu? Zein uste duzu izango dela etorkizuna? Denok erosiko dugu online?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zergatik erabaki duzue erosketak online egiteko aukera ematea?
Bai, ba batez ere gure bezeroek eskatzen dutelako. Azkenean, online denda zerbitzu bat da, eta, horrez gain, Super Amara ez dago leku guztietan; ez dago herri guztietan ezta auzo guztietan ere. Orduan, ba aukera honekin, ailegatu gaitezke edonora.

2.    Zein dira online eta dendan erostearen alde onak eta txarrak?
Denda fisiko batera joaten bazara, produktu freskoa zuzenean ikusten duzu: nola dagoen, ze kolorea (zer kolore) daukan… Dena ikusten duzu. Hori ez da gertatzen online. Online badaukazu argazki bat, baina ez dakizu nola dagoen momentu horretan produktua, ez? Baina online denda oso erosoa da, eta abantaila asko dauzka: adibidez, ahal duzunean erosi dezakezu, edozein momentuan, edonon erosi dezakezu, eta publizitatea egiten ari gara horri buruz. Ileapaindegian baldin bazaude eta aspertuta baldin bazaude, ba zergatik ez. Erosi dezakezu Super Amara dendan eta beste aldetik, zure etxera (etxean) jasoko duzu erosketa. Orduan, oso erosoa da, egiten duzunean, gero, jartzen duzu noiz jaso nahi duzun zure etxean eta jasoko duzu eta listo.

3.    Nola funtzionatzen du?
Oso erraza da. Hasieran eduki behar duzu Super Amarako txartela. Hori egin eta gero, erosi dezakezu, ba hori, edonon edo edonoiz. Erosketa egiten duzunean Riberas de Loiolako (Loiolako Erriberan) dagoenak jaso du zure erosketa, eta haiek, langileek prestatuko dute erosketa hori. Prestatu ondoren, ordaindu egin behar duzu, orduan pasa egin behar dute kutxa batetik eta zure txartelaren zenbakiarekin ordaintzen du zure erosketa. Gero, gordetzen du erosketa biltegi batean eta esan duzun orduan jasoko duzu etxean eta listo. Web orrian agertzen da informazio guztia, e? 100 euro baino gehiago(koa) egiten baduzu, doan izango da erosketa, eta 100 euro baino gutxiago(koa) egiten baduzu, orduan bai, ordaindu egin behar duzu prestaketa eta garraioa. Gure kasuan da 7 euro eta 50 zentimo.

4.    Etorkizunean, denok online erosiko dugu?
Momentuz pixkanaka-pixkanaka dihoa (doa). Baina bai, nik uste dut etorkizunean guztiok egingo dugula erosketa online bidez. Adibidez, gure gazteek egiten dute dena online bidez ez? Edo Internet bidez. Zapatilak, arropa, erosten dituzte Internet bidez. Edo bidai bat prestatzeko edo informazioa jasotzeko, dena egiten dute Internet bidez. Eta gazte horiek izango dira gure bezeroak ez? Etorkizunean gure bezeroak izango dira. Eta haiek, dudarik gabe egingo dutela dena Internet bidez.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Dec 16, 2016
Number: 2382196
Number of visits: 9727