Aldizkari Digitala

Zergatik da azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna?

Leonidas Trujilloren diktadurapean hil zituzten Mirabal ahizpak, 1960ko azaroaren 25ean, Dominikar Errepublikan. Haien omenez aukeratu zuten azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak handik urte batzuetara, 1993an, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko Adierazpena onartu zuen. Adierazpenak honela azaltzen  zuen zer den emakumearenganako indarkeria: “generoan oinarritutako biolentzia-ekintza oro, kalte fisiko, sexual edo psikikoak sortu edo gertatzeko bidean jartzen duena. Biolentzia horren adierazle dira, gertatu bizitza pribatuan gertatu bizitza publikoan, mehatxuak, presioa edo askatasuna bidegabeki debekatzea”.

Batzar horretan argi ikusi zen bazegoela behar bat, hau da, adierazpen bat egin beharra zegoela ezarri beharreko eskubideez, hauek emakumeen aurkako indarkeria ororen suntsipena bermatuko bazuten, eta Estatuen konpromisoa ere behar zela, nazioarteko konpromisoa, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko.
Bukatzeko, Nazio Batuetako Batzar Nagusiak 1999ko abenduaren 17ko 54/134 ebazpenaren bidez ebatzi zuen hurrengo urtetik aurrera, azaroaren 25a izango zela Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna.

Mirabal ahizpen borroka

Minerva, Maria Teresa eta Patria Mirabal, hiru ahizpa hauek tinko borrokatu zuten Dominikar Errepublikan, 1950eko hamarkadan, Leonidas Trujillo diktadorearen erregimenaren aurka. Horregatik behin baino gehiagotan espetxeratu zituzten, bortxatu eta torturatu. Hala ere, ez zuten etsi euren borrokan.

Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal


Hiru ahizpetatik bi, Minerva eta Maria Teresa, epaitu egin zituzten 1960ko maiatzaren 18an, Santo Domingon. Eta epaituen senarrak ere bai. Salaketa: “Estatu dominikarraren segurtasunari erasotzea”. Espetxera bidali zituzten guztiak, baina abuztuaren 9an aske utzi zituzten bi ahizpak. Senarrak ez.
1960ko azaroaren 25ean senarrak bisitatzera joan ziren Mirabaldarrak espetxera. Patria ahizpa ere joan zen bisitan. Espetxetik etxerakoan, Inteligentzia Militarraren Zerbitzuko heriotza-eskuadroi batek gelditu zituen errepidean. Auto batera igoarazi zituzten hirurak La Cumbre herrira eramateko. Han hil egin zituzten, eta gero jipoitu, jendeak auto-istripuz hil zirela pentsatzeko.
Hiru ahizpen hiltzaileak 1962an epaitu zituzten. Hainbat urtetako espetxe-zigorra ezarri zieten, baina ez zuten asko iraun giltzapean. Izan ere, Trujilloren aldeko hainbat talde zaleturi esker, Dominikar Errepublikatik ihes egitea lortu zuten.
 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

  • Bidegabeki debekatu. Bidezkoa, juxtua izan gabe debekatu, eragotzi.
  • Biolentzia horren adierazle dira. Biolentzia horren seinale dira.
  • Ebatzi zuen. Onartu zuen.
  • Epaitu egin zituzten. Auzitara eraman zituzten.
  • Espetxe-zigorra ezarri. Espetxe-zigorra ipini, presondegira zigortu.  
  • Eta gero jipoitu. Eta gero egurtu, epelak eman.
  • Ez zuten etsi. Ez zuten amore eman, aurrera jarraitu zuten.
  • Generoan oinarritutako biolentzia-ekintza oro. Generoarekin zerikusia duen edozein biolentzia-mota.
  • Geratu bizitza pribatuan geratu bizitza publikoan. Bizitza pribatuan nahiz bizitza publikoan gertatu.
  • Gertatzeko bidean jarri. Gertatzeko aukera eskaini. Biolentziak kalte psikikoa gertatzeko, izateko aukera eskaintzen du.
  • Indarkeria ezabatu. Indarkeria deuseztatu, kendu.
  • Indarkeria ororen suntsipena bermatuko bazuten. Indarkeria guztiarekin bukatzeko garantia izateko. Eskubideak aipatu egin behar ziren, hauek indarkeria guztiarekin bukatzeko garantia izateko.
  • Segurtasunari erasotzea. Segurtasunaren aurka aritzea.
  • Tinko borrokatu. Gogor borrokatu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Nov 24, 2016
Number: 2365634
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 8542