Aldizkari Digitala

Malala Yousafzai: Nobel saridunik gazteena

2014an Pakistango Malala nerabea Nobel saridunik gazteena bihurtu zen, 17 urterekin. Bere herriko nesken ikasteko eskubidea aldarrikatzen du Malalak. Orain 20 urte ditu eta eskolak eraikitzen ditu Malala Fundazioaren bidez.

Malala Yousafzai pakistandarra 1997an jaio zen, Swat haraneko Mingora herrixkan. Afganistango Malalai of Maiwand emakume aktibistaren omenez jarri zioten izena. Malalaren aitak neskei ematen zien eskola Pakistanen. 2009an Malala BBCrako blog bat idazten hasi zen, Gul Makai goitizenarekin. Blogean kontatzen zuen zer bizimodu zeramaten haran horretan, talibanen menpe. Kontatzen zuen talibanek ikasteko eskubidea ukatu zietela neskei 2003-2009 urte-tartean. 2009an Class Dismissed: The Death of Female dokumentala estreinatu zen The New York Timesen eskutik. 
Dokumentalak Malala eta bere aitaren bizimoduaren berri ematen du, eta Tehrik e Taliban Pakistan (TTP) taldearen krudelkeria agerian jartzen du. Neskak ez eskolatzeko asmoz, talde honek eskola asko suntsitu ditu, bonbak jarri, gurasoak jazarri, irakasleak hil, eta hainbat neskari, berriz, lepoa moztu. Talibanak neskak eskolatzearen aurka daude, eta eskola sekularren aurka ere bai: apostasia zabaltzea aurpegiratzen diete.

Dokumentalak are ezagunago bihurtu zituen Malala eta eskubide zibilen aldeko bere aldarrikapenak. Pakistango eskola askotan izan da Malala eskubide zibil horien, eta batez ere, neskentzako hezkuntza-eskubidearen alde egiten.

Malala tirokatua

Malalaren lanaren jakitun, nazioarteko sariak hasi ziren heltzen. Sariek hauspotuta, Malala nerabea ez zegoen etsitzeko; baina TTP ere ez. 2012an, taldeko bi kidek Malala eta bere bi ikaskide tirokatu zituzten. Malalari buruan eman zioten. Handik gutxira, TTPren asmoa gaitzetsi zuten Pakistango hainbat buruzagi musulmanek. Dena den, talibanek berretsi egin zuten Malala eta bere familia hiltzeko gogoa. Baina atentatuak nazioartean izandako oihartzunari esker, Malala Pakistango erietxe batetik Ingalaterrako beste batera eraman zuten. Familia ere berarekin joan zen. Malala sendatzean, DBHko eskola batean hasi zen ikasten, Ingalaterran bertan, eta bide batez, berriro adierazi zuen ume guztiek dutela, neskek eta talibanen seme-alabek barne, eskolara joateko oinarrizko eskubidea.
Atentatuak beste ondorio batzuk ere izan zituen. Adibidez, Pakistanek “Hezkuntza-eskubidea” izateko legea indartzea. Beste ondorio bat ere izan zuen: emakumeen hezkuntza-eskubideen defentsarako Malala Fundazioari Angeline Jolie aktoreak 200 mila dolar ematea. Malala ekintzaile ospetsu ari zen bihurtzen.


Hala, 2013an, Bakearen Nobel saria eskuratzeko zorian egon zen. Ez zuen lortu, baina urte horretan nazioarteko 10 sari eman zizkioten: Frantzian, Espainian, AEBetan, Mexikon… Horrez gain, urte horretan, The New York Times egunkariak munduan eragin gehien duten 100 pertsonen zerrendan sartu zuen neska nerabea. Urte berean bere biografia kaleratu zen. 2014an heldu zen Bakearen Nobel saria. Urte berean Valentzian izan zen beste sari bat jasotzen.

Eskolara joateko, bizitza arriskuan

Munduan neska-mutil askok, Malalak Pakistanen egiten zuen bezala, euren bizia arriskuan jartzen dute eskolara joateko. Arrisku hori gutxitzeko, 2015ean, Oslon, Eskola Seguruen aldeko Aldarrikapena dokumentua jarri zen abian. Asmoa izan zen gatazka armatuak daudenean, gobernuek hitz ematea eskolak eta unibertsitateak ez dituztela base militar gisara erabiliko, eta babestu egingo dituztela bertako langileak, ikasleak, irakasleak, eta abar.

 

 

Gai horri buruzko 2. nazioarteko kongresua Argentinan izan zen 2017an. Bertan hitz egin zuen Malalaren aitak, Ziuaddin Yousafzaik. Kongresu horren baitan txosten hau kaleratu zen ingelesez: “Amesgaizto bihurtutako ametsak: erasoak Pakistango ikasleei, irakasleei eta eskolei”. Txostenak dio 2006-2017 urte-tartean neskentzako 900 eskola itxi direla Pakistanen, 8.000 emakume-irakaslek galdu dutela lana eta 120.000 neskak utzi diotela eskolara joateari. 8 urtetan zehar (2007-2105) 392 lagun hil dituzte hezkuntza-eraikinetan eta eskolek 838 eraso pairatu dituzte. Horrez gain, Pakistango ejertzitoak, batzuetan, hezkuntza-eraikinak militar-egoitza gisara darabiltza talibanen aurkako borrokan. Eta horrek areagotu egiten du eraikin horiek erasoak jasotzeko aukera. Datu gehiago esteka honetan.

Gaur egun milioika eta milioika umeri ukatzen zaio hezkuntza-eskubidea eta horietatik 60 milioi inguru neskak dira. Horien guztien ordezkari sentitzen dela esan du maiz Malalak. Txikitan mediku izan nahi zuela esaten zuen. Orain dio eskola seguruak eraiki nahi dituela Malala Fundazioaren bidez. 74 herrialdek sinatu dute Eskola Seguruen aldeko Aldarrikapena, baina Pakistanek, Malalaren herrialdeak, ez du oraindik urrats hori eman.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 15, 2018
Number: 22892745
Number of visits: 2221