Aldizkari Digitala

Alkohola, gure artean bizi den ohitura

Tristurak ahazteko, pozak ospatzeko edo lagunekin elkartzeko beti gurekin dago.

Ohituta gaude mahai inguruan eseri eta ongi jan eta edatera. Txakolindegiak, sagardotegiak, upategiak, Michelin izarrak dituzten jatetxeak… Hori baino askoz gehiago daukagu gure inguruan.

Alkohola legezkoa da adin nagusikoentzat: tristurak ahazteko edo pozak ospatzeko edaten dugu askotan. Arrazoia edozein izanda ere, bikoiztu egin dira mozkorraldiak gazteen artean azken hogei urteetan. Gainera, edateko modu berriak asmatu dituzte: graduazio handiko edarietan bustitako tanpoia uzkitik edo alutik sartzea, edo tantaz tanta begian isurtzea, beste batzuen artean.

Modak moda, alkoholak sortzen duen mendekotasunari aurre egiteko, Alkoholiko Anonimoak elkartea sortu zen, 1935. urtean. “Ameriketako Estatu Batuetako Akron hirian sortu zen, eta gaur egun 115.000 talde baino gehiago daude mundu osoan zabalduta”, kontatu digu Alkoholiko Anonimoen elkarteko kide batek.

BIDE ZAILA
Elkarteak 82 urte bete baditu ere, funtzionamendua ez da ia aldatu; edateko modua bai, ordea: “Orain, gehienek ez dute alkohola bakarrik edaten, beste substantziekiko mendekotasuna ere badute. Gainera, lehenbailehen mozkortzea da gazteen helburua”.

Gure protagonista gipuzkoarra da eta 44 urte ditu. Bere iritziz, zailena “arazo” bat dugula onartzea da, alkoholiko izatea gizartean ez dagoelako ongi ikusia. “Gaixotasuna da eta ez bizioa, askok uste duten bezala”. Alkoholiko Anonimoen taldera joatea asko kostatu zitzaion: “Beste biderik aurkitzen ez dugulako joaten gara, lur jota gaudelako. Ordutik hiru urte igaro dira”.

AMAIERARIK GABEA

Batez beste, 14 urterekin hasten dira gazteak alkohola edaten.

Alkoholiko Anonimoen taldeak astean bitan edo hirutan biltzen dira. “Taldeek ez dute gidaririk; denok parekideak gara eta gure sentimenduen edo esperientzien inguruan hitz egiten dugu. Ez naiz bakarrik sentitzen, kideak beti daude laguntzeko prest”.

Liburu bat irakurtzen dute guztiek eta hamabi urratseko prozesu bat egiten dute. Baina noiz amaitzen da prozesu hori? Nola iritsi hamabigarren pausora? “Ni alkoholikoa izango naiz bizitza osoan, beti joan beharko dut taldeetara. Diabetesa duen pertsona batek insulina behar duen bezala, neuk taldeak behar ditut. Nire botika horixe baita”.

MUGARIK GABEKO KONTSUMOA
Gaur egun 14 urte ingurutan dago ezarrita alkohola edaten hasteko adina. 14 eta 18 urte bitarteko gazteen % 15ek astebururo edaten dute, eta intoxikazio etilikoen kopurua handitu egin da. “Alkohola hor dagoela jakinarazi behar diegu, mendekotasun bat sor dezakeela. Gizarteak ez du droga bat dela onartu nahi, baina horixe da; helduontzat legezkoa bada ere”. Horren aurrean, gure protagonistak bere esperientzia hainbat ikastetxetan kontatzea erabaki du: “Norberak nahi duena egin dezakeela esaten diet, ezetz esan daitekeela. Askotan, lagun-taldean integratuta egoteko, baietz esaten dute, besteek egiten dutena egiteko. Nire helburua beste aukera bat badutela esatea da”.

Euskal Herrian asko edan eta jaten dugu; hori da gure fama. “Horrek ez du gizarte alkoholiko bat garenik esan nahi, baina egia da kulturan integratuta dagoen ohitura bat dela”.

Zure ustez ere hala da? Zer egin daiteke ohitura horiek aldatzeko? Edo ez litzateke ezer aldatu behar? Zuk noiz edaten duzu? Badakizu noiz hasi zinen edaten? Gazteen artean zerbait egin behar dela uste duzu?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer egiten du Alkoholiko Anonimoak elkarteak?
Elkartera agertzea ez da bide erraza, ez? Azken finean,  gure gizartean ez dago ondo ikusia oraindikan (oraindik) Alkoholiko Anonimoetara joatea, ez? Eta egia esan, horra iristeko beste bide asko jo (egin) nituen. Azken finean, iristen zara ia ez duzulako beste biderik topatzen, ia lur jota zaude…
Taldean ez dago inor gidatzen duenik, taldean denok berdinak gara: denok gara alkoholikoak, denok daukagu gaixotasun berbera. Azken finean, pertsona bat arazoak dauzkana alkoholarekin, bera bakarrik azkenean egiten da gizartetik baztertu, pixka bat dago beti bakarrikan (bakarrik), edaten du bakarrik… Elkar laguntza, ikustea ez dagoela bakarrikan (bakarrik), edozein momentutan triste badago, edo edateko gogoa baldin badauka, badaukala kideren bat dei diezaiokeena eta lagun diezaiokeena.

2.    Noiz amaitzen da ibilbidea elkartearen barruan?
Printzipioz nik beti joan beharko dut, azken finean, ni alkoholikoa izango naiz bizi (bizitza) guztian. Hau da, esatea da, pertsona diabetiko bati (batek) a ver (ea) noiz bukatzen du(en) izaten pertsona diabetikoa? Pertsona diabetiko bat insulina hartzen duena bere bizitza osoan hartu beharko du insulina. Eta nire kasuan, nire insulina izango litzateke taldeetara joatea. Orduan, niretzat da nire botika taldeetara joatea.

3.    Nola daki pertsona batek alkoholarekin arazoa duela?
Pertsonak badaki noiz izaten duen arazoa alkoholarekin. Gertatzen dena da zailagoa dela onartzea eta esatea arazoa daukadala nik alkoholarekin, ez? Nik bai jakin nuen arazoak neuzkala alkoholarekin… Beste gauza bat da ez nekiela nondik jo eta beste gauza bat da onartzea. Egia esan, gizartean esatea alkoholarekin arazoa duzula ez dago ondo ikusia.

4.    Euskal Herrian asko edaten dela esango zenuke?
Den dena lotzen dugu alkoholarekin: bai ospakizuna, bai penak… Bai direla garaiak zailak batez ere guretzako (guretzat) ez? Gizarteak ez duelako laguntzen. Azken finean, gaur egun esatea nik ez dudala alkoholik edaten, pixka bat esan genezake gaizki ikusiak bezala gaudela, ematen du arraroak garela.
Ohiturak aldatzea zaila ikusten dut, ez? Bai aldatu daitekeena da gizartearen jarrera eta errespetua azken finean.  Gaur egun, gauza askotan dago jarrita ez? “Ez” hitza errespetatzea. Bai sexu abusutan, eta beste eratan ere. Ez dugula “Ez” bat onartzen eta  pertsona baten iritzia errespetatzea. Hori pixka bat da aldatu beharko litzatekeena, nire ustez.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 20, 2018
Number: 21950236
Duration: 00:03:55
Number of visits: 3803