Aldizkari Digitala

Egunez ala gauez, noiz egiten dugu lan hobeto?

Batzuek gaueko isiltasuna eta lasaitasuna nahi izaten dituzte, kontzentratzen laguntzen dielako, baina, beste askorentzat, gauean lo hartzeko arriskua dago...

Lan egitea beharrezkoa da bai, ezin gara sosik irabazi gabe bizi. Horregatik, ikasketak egiten ditugu, lan duin bat eskuratzeko; horixe da gure ametsa: ahalik eta diru gehien irabazi, ahalik eta opor gehien eduki, ahalik eta giro onena izan lanerako, ahalik eta ordutegi malguenaz gozatu…

Baina egunez edo gauez, noiz lan egiten dugu hobeto? Batzuek gaueko isiltasuna eta lasaitasuna nahi izaten dituzte, kontzentratzen laguntzen dielako, baina, beste askorentzat, gauean lo hartzeko arriskua dago. Horien ustez, gauean istripu gehiago egoten dira, egunean bezain esna ez gaudelako.

Ordu desberdinetan lan egitea tokatzen zaie beste batzuei: goizez, arratsaldez edo gauez. Txandaka lan egiten dute; baina, ona da hori osasunaren aldetik? Zer dio gure erloju biologikoak? Gauez lan egiteak bizi-itxaropena murrizten du?

Galdera hauen eta beste hainbaten erantzuna topatzeko, Jone Sagasta medikuarekin bildu gara. Bera arrasatearra da, baina Gasteizen egiten du lan, erradiologiako egoiliar gisa, eta hirugarren urtea du jada. Gasteizko bere etxera hurbildu gara. Beretzat “goardia” baten osteko eguna da, 24 orduz jarraian lanean aritu da eta ez du lo asko egiteko betarik izan, gau gogorra izan baita, antza.

LANERAKO, EGUNA EDO GAUA?
Gehienok lanerako eguneko ordutegia nahi dugu, eta horixe esan digu Jonek ere: “Egunez aktiboago gaude eta gure erloju biologikoak ere hori agintzen digu; hori da naturalena”. Badaude gauez aktibatzen direnak ere, baina, orokorrean, egunez lan egiteko gaude prestatuta.

Bestalde, txandaka aritzen diren langileek gorputza nahastuta edukitzeko joera dute. Izan ere, normalean gorputzaren funtzionamendua desorekatu egiten da: “Noiz jango dugu? Eta lo, noiz egingo dugu? Gainera, gauez lan egiteko, kafea edo Cocacola bezalako edariak hartzeko ohitura dugu… Hori guztia gorputzak nabaritu egiten du”. Beraz, ahal dugun ordutegi finkoena izatea komeni zaigu.

Azkenik, gauez lan egiteak bizi-itxaropena murrizten duela esaten da: “Hori ez dago frogatuta eta ezin da esan horrela denik. Nire ustez, lana egunez edo gauez egin, garrantzitsuena zazpi edo zortzi orduz lo egitea da”.

Ikasteko ere gauza bera gertatzen da: ikasle batzuek egunez ikasten dute eta beste askok, ordea, gauez. “Modu batean ala bestean, lotarako orduak oinarrizkoak dira. Gainera, loak bi fase ditu: REM fasea eta EZ REM fasea”, azaldu digu. REM faseak Rapid Eyes Movement esan nahi du (begien mugimendu azkarra), begiak asko mugitzen ditugulako loaren fase honetan. Gorputzeko muskuluak geldirik daude, baina burua oso aktibo dago, eta une horretan egunean zehar “ikasitakoa” finkatzen dugu. Beraz, lo gaizki egin edo fase horiek betetzen ez baditugu, nahi dugun hori ez da oroimenean geratuko.

OSASUNGOA EUSKALDUNTZEKO ERAKUNDEA
Horrez gain, Jonek kontatu digu Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko partaidea dela. Erakunde hori orain dela bi hamarkada sortu zen, eta, izenak dioen bezala, euskara osasun-arloan bultzatzeko sortu zen, bai irakaskuntzan bai osasun-arloko profesionalen artean ere.

Gaur egun, 360 bazkide inguru dira eta horietako bat da Jone. “Nik Arrasaten guztia euskaraz egiten dut, baina hemen Gasteizen zailagoa da. Horregatik, duela bi urte, bazkide izatea erabaki nuen”, kontatu digu.

Ekimen ugari antolatzen ditu elkarteak: hitzaldiak, lantegiak, eztabaidak, poster-erakusketak… Eta hainbat alorretako langileek parte hartzen dute:  medikuek, erizainek, psikologoek, psikiatrek…

Guztiek egunez eta gauez lan egiten dute, egokitzen zaien txandaren arabera, eta, batzuetan, egun osoko “goardiak” ere egin behar izaten dituzte, hogeita lau ordukoak.

Eta zuk, egunez edo gauez, noiz lan egin edo ikasten duzu hobeto? Zein ordutegi izan nahi duzu? Eta, zure iritziz, gauez lan egiteak bizitza laburtzen du?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Egunez edo gauez, noiz lan egiten dugu hobeto?
Beno ba nik uste dut, orokorrean, egunez egiten dugula lana, ezta? Azkenean, giza gorputzak, beno, erloju biologiko bat dauka eta erloju biologiko hori egunez lana egiteko preparatuta dago eta gauez lo egiteko, hori da berez naturalena, ezta? Gero, klaro, askotan lanaren arabera, txandaka lan egiten duzulako edo gauez lana egin behar duzulako edo, ba beti ez da erraza erritmo hori jarraitzea. Baina beno bai, naturalena egunez lana egitea da.

Eta ikasteko?
Nik ere uste dut onena egunez ikastea dela eta gauez deskantsatzea. Egia da, ba hori, jende askok nahiago duela gauez ikastea, esaten dutelako isiltasun gehiago dagoela eta hobeto kontzentratzen dela… Hala ere, garrantzitsuena, bai egunez ikasi edo gauez ikasi, garrantzitsuena da gero lo eta deskantsu orduak errespetatzea eta hori, benetan ondo egoteko gutxi gorabehera, gutxienez zazpi-zortzi ordu egin behar ditugu lo. Loak fase desberdinak dauzka, esan daiteke loaren zikloaren barruan bi fase desberdin daudela: REM fasea eta EZ REM fasea. REM Rapid Eye Movement (begien mugimendu azkarra) ingelesetik dator eta REM fase horretan gorputzeko muskulu denak erlaxatuta eta geldi daude, baina burua eta begiak martxan dabiltza. Orduan, fase honetan egunez edo benetan ikasi duguna finkatu egiten dugu, memorian finkatu egiten da eta horregatik da hain garrantzitsua loaren ziklo honeik (hauek) errespetatzea eta betetzea.

Lana gauez egiteak bizi-itxaropena murrizten du?
Gauez lana egiteak bizi-itxaropena murrizten duela nik uste dut. Beno ez dakit hori frogatuta dagoen edo ez. Badakidana da frogatuta dagoela lo-ordu gutxi edo kalitatezko lo-orduak murritzak edo gutxi edo eskasak direnean horrek bai laburtzen duela bizi-itxaropena, beno bizi-itxaropena eta bizi-kalitatea pila bat jaisten da ere bai. Azkenean, kalitatezko lorik egiten ez baduzu ez duzu deskantsatzen, egunez ez zaude ondo, lo geratu zaitezke edozein momentutan… Gero osasunean ere bai memoria-arazoak, atentzio-arazoak eta istripu asko eduki daitezke eta abar. Hori bai frogatuta dagoela.

Zer da Osasungoa Euskalduntzeko Elkartea?
Ba Osasungoa Euskalduntzeko Elkartea, izenak esaten duen moduan, osasun-arloa euskalduntzea da elkartearen helburua, ezta? Eta orduan, euskararen erabilera normalizatzeko ekintzak edo bultzatzen dira, osasun-arloko albisteak euskaraz idatzi eta zabaltzen ditugu, eta gero egiten den beste gauza bat da urtean behin biltzar orokor bat. Iaz Gasteizen izan zen, aurten Bilbon izango da eta orduan urtero gai bat aukeratzen da eta gai horren inguruan hitzaldiak egoten dira eta den dena euskaraz.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Apr 22, 2016
Number: 2165556
Duration: 00:04:12
Number of visits: 9301