Aldizkari Digitala

Etxean animaliarik bai?

Animalia bat etxean izateak onura asko ditu. Baina dena ona da, edo alde txarrak ere baditu? Alde onen eta txarren inguruan galdetu diogu Ane Urtzelai albaitariari.

Animalia bat etxean edukitzeak alde on asko ditu, gauza asko ematen dizkigutelako: konpainia, maitasuna, fideltasuna… Gainera, txakurren kasuan, adibidez, kanpora atera behar ditugu egunero, eta, beraz, kalera atera eta ariketa fisikoa egiten dugu. Gure komunikazioa ere indartzen dute, umorea hobetzen digute eta, umeen kasuan, ardura hartzen ikasiko dute, animaliak egunero zaindu behar direlako; harremanak erraztuko zaizkie, eta, haiei esker, enpatikoagoak ere izango dira. Urritasuna duen jendeari (down sindromea, autismoa…) gizartean integratzen laguntzen diote, maitatuta sentitzen dira.
Beraz, animalia bat etxean izateak onura asko ditu. Baina dena ona da, edo alde txarrak ere baditu? Alde onen eta txarren inguruan galdetu diogu Ane Urtzelai albaitariari. Bera gasteiztarra da, albaitaritza Zaragozan ikasi zuen, eta une honetan Irungo klinika batean ari da lanean. Gu bertara hurbildu gara, eta berarekin hitz egin dugu kontu honen eta beste askoren inguruan.
 

ANIMALIA BAT ETXEAN EDUKITZEA
Anek lan egiten duen klinikan hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, batik bat txakurrentzat eta katuentzat: “Animaliak identifikatu, parasitoak hil, txertoak jarri, izaten dituzten gaitzak diagnostikatu eta tratatu, ebakuntzak (hauen artean, batez ere, esterilizazioak egiten dira),  eutanasiak noizean behin, aholkuak ematen dituzte… Horixe da gure lana”. Hortaz, animalia askoren joan-etorriak ikusten ditu egunero albaitari gasteiztarrak.
Txakur edo katu bat etxean zaintzearen alde onak aipatu ditugu, eta Anek hauxe kontatu digu: “Animaliek konpainia handia egiten dute. Hori oso ona da jende askorentzat”. Baina, aldi berean, denbora eta lana ere eskatzen dute; ez da hain erraza: “Istripuak egoten dira, gaixotu egiten dira, eta, jabea kanpora joaten bada, norbaitekin utzi beharko du animalia”. Horrez gain, dirua ere beharrezkoa izango du animalia bat eduki nahi duen pertsonak: janaria erosteko, albaitariarengana eramateko, katea edo lepokoa eskuratzeko…

Animalia txikiekin lan egiten dute, gehienak txakurrak eta katuak dira.

 

ETXEKO ANIMALIA EGOKIA
Normalean katua eta txakurra etortzen zaizkigu burura etxerako animalia esaten dugunean, baina badira beste asko: txoria, dortoka, akuria, arrainak, sugea, iguana…
Edozein eduki dezakegu etxean? Zein da egokiena guretzat? Anek erantzuna argi du: “Edozein animalia eduki dezakegu etxean; baina bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta, horren arabera, jakingo dugu etxean eduki dezakegun ala ez”. Familia bakoitzak bilatu behar du animalia egokia etxerako. Jabeak behar duena eman behar dio animaliari eta bere izaera kontuan hartu behar du: “Oso izaera ezberdineko katuak eta txakurrak daude”.
Hala ere, bat aipatzekotan Anek garbi du: “Agian katua da errazena zaintzen; ez dugu kalera atera behar, txakur bat bezala, eta, horregatik, askorentzat erosoena da”.

ANIMALIA ZORIONTSUA
Denok nahi dugu zoriontasuna edo guztiok aurkitu nahi dugu, baita etxean daukagun animalia horrek ere. “Horretarako, onena bere beharrak asebetetzea da. Adibidez, janaria izatea, osasuna zaintzea, bizitzeko ingurune egokia ematea, berarentzat normalak diren gauzak egitea…”.
Beraz, etxerako animalia bat aukeratzerakoan, zer behar duen argi izatea komeni da, eta horren arabera aukeratu. Gainera, espezie bakoitzak bere beharrak ditu, eta hori ere kontuan hartu behar da.

ANEREN ESPERIENTZIA
Anek txikitan hainbat animalia izan ditu etxean: akuria, arraina, dortokak, perikitoak... Baina, askori gertatzen zaien moduan, ezin izan zuen ama konbentzitu txakur bat edo katu bat izateko: “Une honetan ere eduki nahi dut, baina, lehen bezala, orain ere kontuan hartu behar da familiak zer nahi duen”.
Eta zuk, badaukazu animaliarik etxean? Zein? Zure ustez, zein dira animalia bat etxean edukitzearen alde onak? Eta txarrak?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Zein da zure eguneroko lana?
Klinika honetan, batez ere txakur eta katuekin egiten dugu lana. Eta egunerokoan, adibidez, txertoak jartzen ditugu; animaliak desparasitatu (parasitoak kendu); gaitz ezberdinak diagnostikatu eta tratatu egiten ditugu; ebakuntzak ere bai egiten dira, batez ere esterilizazioak; aholku ezberdinak ematen ditugu; identifikazioak ere bai; tokatzean denean eutanasiak ere egiten dira… Eta orokorrean bai, horrelako zerbait.

Zer behar du animalia batek zoriontsu izateko?
Batez ere, behar du bere behar guztiak asebetetzea: janaria izatea, osasuna izatea, bere espeziearentzako (espeziearentzat) normalak diren jarrerak egin ahal izatea edo burutu ahal izatea… Eta, batez ere, behar duen guztia asebetetzea esan bezala.

Zein dira animalia bat etxean edukitzearen alde onak eta txarrak?
Alde onak da konpainia handia egiten dutela, eta egia da animaliak ere terapia askotan erabiltzen direla arazo ezberdinak dituzten (dituen) jendearekin, eta laguntza moduan asko ere ematen dute.
Eta gero, alde txarra da denbora eta lana ere eskatzen dutela, eta eman behar zaiela, eman behar zaiela… Eta bueno, denbora eta lanaz aparte (gain), ere bai gastu batzuk badirela hor eta hori (horiek) ere kontuan izan behar dira.

Zein da etxean edukitzeko animaliarik egokiena?
 Berez ez dago egokiagoa den animalia bat. Hori bakoitzak jakin behar du animalia horren, animalia horrek behar duena eman ahal dion, zer aukera dituen, zer nolako etxebizitza adibidez, edo zer nolako egunerokoa duen animalia hori zaindu ahal izateko… Eta hori asko aldatzen da, asko aldatzen da, animalia batetik bestera. Inportantea da ere bai animaliaren izakera adibidez nolakoa den. Adibidez, katuen artean edo txakurren artean, batetik bestera, oso izakera ezberdinak aurkitu ditzakegu, hori ere kontuan izan beharreko gauza bat da. Orduan berez, ez dago bata baino bestea hobea dena. Baina bueno, esan daiteke adibidez, katua dela erraz zaindu daitekeen animalia bat.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Apr 15, 2016
Number: 2162089
Number of visits: 15003