Aldizkari Digitala

Giza proba: kirola ala ikuskizuna?

Lehen gizon-proba zen eta orain, giza proba. Zergatik? Emakumeek parte hartzen dutelako. Ba al dakizu zer den?

Aizkora, sokatira, lokotx-biltzea, trontza, txingak, harri-jasotzea, ingudea… Hainbat herri-kirol ezagutzen ditugu eta Euskal Herriko txoko askotan ikusten ditugu, festetan batez ere. Baina, gaur egun, giza proba dago modan. Eta zuk, badakizu zer den?

Olatz Mitxelena, Emarri taldekoa.

Giza proba herri-kirol bat da, eta, oinarrian, gizakia eta harria ditu. Partaideen kilo-kopuruak harriaren pisua zehazten du, eta denbora finko batean ahalik eta plaza gehien egitea da helburua. Adibidez, 15 edo 20 minutuko joan-etorriak (plazak) neurtzen dira; denbora-tarte horretan zenbat eta gehiago egin, hobeto.

 

Lehen gizon-proba zen eta orain, giza proba. Zergatik? Emakumeek parte hartzen dutelako. Astigarragako, Oiartzungo eta Lezoko neskek Emarri taldea osatzen dute, eta gu Olatz Mitxelena kirolariarekin elkartu gara Astigarragako plazan. Bertan, hainbat pisutako harriak daude eta baita entrenatzen duten lekua ere. Bere esperientzia gurekin partekatu du Olatzek.

 

HISTORIA
Duela urte asko sortu zen gizon proba; baina, izenak esaten duen bezala, gizonezkoek bakarrik parte hartzen zuten. Historia luzea du kirol horrek, eta duela gutxi arautu dute. “Orain dela hamar urte arautegia sortu zen, eta plazaz plaza ezagunago bilakatzen hasi zen”, esan digu Olatzek. Emakumeena, berriz, duela lau edo bost urte hasi zen, eta hortik dator izenaren aldaketa: gizon-probatik giza probara.

 

Hasiera hartan, Olatzen taldekide batek parte hartu zuen: “Urretxun, mutilen talde bat zegoen eta beraien neska-lagunak, arrebak, familia…  parte hartzera animatu zituzten, tartean Iratxe, gure taldekidea”. Ondoren, Oriokoak hasi ziren, gero Ergobikoak, Ibarrakoak… Beraz, neskak mutilek animatuta hasi ziren.

 

Izena aldatu bazaio ere, oraingoz Federazioak gizonezkoena bakarrik arautu du eta ez emakumezkoena. “Gurea ez dago araututa eta arautegia adostea da gure helburu nagusia, batez ere pisua zehaztea nahi dugu”. Gizonetan, pisu-muga bat dago eta hori ezin dute gainditu. Emakumeen artean, ordea, ez dago guztiz definituta zein den pisu hori. Emarriren kasuan, zortzi emakume dira eta harriak 550 kg pisatzen du. Gainera, zortzi kirolarien pisua ere 550 kilokoa da.

 

TALDEAK
Gaur egun, gizonen kasuan, sei edo zazpi talde daude, baina emakumezkoetan bi bakarrik. Olatz horietako baten partaidea da: “Ni Emarri taldean nabil eta bestea Zeanurikoa (Bizkaia) da; ez dago besterik”.

 

Emarrikoak federatuta daude eta Gipuzkoako arauetan, txapelketa bat egiteko, gutxienez hiru talde behar direla esaten da. “Iaz ez ginen hori betetzeko gai izan, baina 2016an lortzea espero dugu. Federazioarekin txapelketa duin bat antolatu nahi dugu”, esan digu Olatzek. Haren iritziz, argi dago, talde gehiago behar dituzte eta arautegi finko bat; horiek dira beraien lehentasunak.



DENBORALDIA
Giza probaren denboraldia urtarriletik irailera bitartean izaten da. Tarte horretan, astean bi edo hiru aldiz entrenatzen dira. “Gimnasiora joaten gara, harriarekin entrenatzen gara eta bakoitzak bere kabuz korrika egiten dugu”. Maiatzean dute zitarik garrantzitsuena: “Txapelketa baten antzekoa jokatzen dugu”, zehaztu du.

 

Federazioarekin bi aldiz egin dute orain arte: lehenengoa, Ibarraren eta Orioren aurka; eta, bigarrena, Ibarraren aurka. “Azken honetan, Federazioko epaileek pisatu, neurtu, zigilua jarri eta gorde egin zuten”. Hala ere, ez da guztiz ofiziala eta arautegirik gabe jarraitzen dute. Esan bezala, Gipuzkoan txapelketa bat egiteko hiru talde behar dira eta Bizkaian, berriz, egoera okerragoa da.

 

 

Txapelketa ez da denboraldiko hitzordu bakarra; udan, erakustaldiak eta desafioak izaten dituzte Euskal Herriko herri askotan: “Iaz, adibidez, ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera 19 saio izan genituen”.

 

OLATZ, GIZA PROBAKO KIROLARI
Olatz Mitxelena Astigarragakoa da eta 24 urte ditu. Duela sei edo zazpi urte Astigarragaren desanexioaren 25. urteurrena ospatu zuten, eta, herriko 24 gazteri 3.200 kiloko harria mugitzea eskaini zitzaien. Horretan 22 mutil eta 2 neska aritu ziren, horietako bat Olatz. Gero, Ergobiko taldean tiratu zuen, eta, duela bi urte, Emarrin hasi zen.

 

Olatzek aitortu digunez, herri-kirolak beti gustatu izan zaizkio. Eta zuri, gustatzen zaizkizu herri-kirolak? Kirola edo ikuskizuna, zer dela uste duzu?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Zer da giza proba?
Giza-proba herri kirol bat da eta, izenak esaten duen bezala, gizakiak egiten duen proba da. Kasu honetan, proba harriarekin egiten du eta segun eta zer zortzikote dagoen tiraka, harria izango da kilo batzuetakoa edo beste batzuetakoa. Kirol honen helburua da ahalik eta plaza gehien egitea, plaza da hemen atzean ikusten den proba leku honetan joan etorri bat edo beste egitea, denbora-kantitate batean 15 minutu edo 20 minutu, segun.

Noiz hasi zen emakumea giza proban?
Kirol honen arautzea Federazioarekin batera pixkanaka sortutako zerbait da eta ez da hain zaharra, nahiko berria da. Esan dezakegu gizon-proba arautua 10-15 bat urteko historia duen kirol bat dela eta emakumeena gutxiago, 6-7 urte izango ditu. Gizonen kasuan arautzea da berria dena, emakumeen kasuan arautzea da gertatu ez dena. Beraz, orain dela 7-8 bat urte sortu zen emakume-proba edo emakumeak harri-tiran aritze hori plazan, eta arautzea pixkanaka osatzen ari garen zerbait da, beti ere aritzen garelako gizonei dagokien araudiarekin.

Zer desberdintasun dago emakumeen eta gizonen proben artean?
Segun eta zenbat kilo dituzun dagokizu harri bat edo beste, edo egin behar duzu lan bat edo beste, hau da, sokatirak duen filosofia antzekoa. Gure (emakumeen) kasuan, gure harria 550ekoa (kilokoa) izanda eta orain dela hiruzpalau urte egindako probak ikusita, ezarri genuen pisu bat, gehienezko pisu bat, dela 550 kilo eta egia esan kasualitatea da harriaren karga izatea, ez da horregatik. Orduan, gure proportzioa litzateke gure ezaugarri fisikoak ikusita, eta emakumeek duten bataz besteko kilo-kopuru hori ikusita, erabaki genuen 550 izatea. Dena den, 550 ere asko da, pisua gutxiago ere izan liteke, gure kasuan adibidez, aurtengo txapelketan ateratako taldeak 490 kilo zituelako. Beraz, hori da garrantzitsua eta jendeak ulertu behar duena: dela kirol bat proportzionala, proportzionala bai ezaugarri fisikoei bai kiloei dagokiona eta baita garraiatzen dugun harriari dagokiona. Horregatik, gure helburua ez da sekula izango gizon batek tiratzen duen harri hori tiratzea edo harri horri gu eustea, zergatik? Ez du ez hanka ez buru hori egiteak, gurea da gure proportzioetan ahal dugun eta hoberen egitea gure lana, gure 15 edo 20 minutu horietan guri dagokigun harriarekin.

Zu noiz hasi zinen?
Astigarragaren desanexioaren urteurrena ospatu zenean hemengo herri-kirol taldeak proposamen bat egin zuen. Esan zuen ea egin zitekeen 24 bat pertsonako estruktura bat osatu eta hemen atzean dagoen harri handi horri eustea. Hori eutsi eta helburua zen 25 plaza egitea eta, beno, horrela hasi ginen, 24 pertsonatik 22 gizon eta 2 emakume ginen eta horietako bat ni. Hortik, hurrengo (pauso) bat eman nuen eta izandu (izan) zen hemen Astigarragako auzo batean, Ergobin, proba bat osatu zuten, beno, euskaldunak apustuzaleak garela esan eta egia omen, eta nire kasuan, behintzat, ba onartzen dut baietz. Eta batak bestea ekarri zuen, Ergobiko taldea desagertu zen, baina beste talde berri bat sortu genuen: Emarri. Emarri Astigarraga, Oiartzun eta Lezoko neskek osatzen dugu eta izenak era badu bere xarma eta berezitasuna, ez genekien zer izen jarri eta korreo txiki bat idatzi nion Xabier Amurizari, eta bota nizkion gure buruan dantzan zebiltzan ideia batzuk eta berak hitz hau osatu zuen, hitz joko hau: emakume-harri, eman-harri, Emarri.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Mar 18, 2016
Number: 2136029
Number of visits: 8379