Aldizkari Digitala

Berritsua ala isila zara?

Liburutegira ikastera joan zara, eta ondokoa ez da isiltzen. Galderak egiten dizkizu, eta zu ezin zara kontzentratu; ezin duzu ikasi.

Isiltasuna behar duzu, baina ez diozu ezer esaten. Berak hor jarraitzen du. “Zer berritsua den!”, pentsatzen duzu. Hurrengoan zure logelan geratuko zara, bakarrik eta isilik, ikasten.

Familia-bazkaria duzu gaur. Badakizu zer gertatuko den: denak elkartuko zarete eta, beti bezala, zure anaia ez da isilduko. Berak dena kontatuko du, berea eta zurea. Zuk, bitartean, sardexka ahoan sartuko duzu eta entzun egingo diozu, bazkari gehienetan bezala.

Berritsuak eta isilak. Pertsona guztien balantza alde batera edo bestera joaten da. Gutxi dira berritsu eta isil neurri berean, batzuetan isilak eta besteetan berritsuak, baina horrelakoak ere badaude.

Ikasten, lanean, familian edo bizitzan, hainbat motatako jendea ezagutzen dugu, eta egoera horien inguruan hitz egin dugu Anerekin, Hodeirekin eta Dalarekin. Donostian elkartu gara beraiekin eta hiruren iritziak bildu ditugu.

Hiru laguni egin diegu elkarrizketa: Dala, Hodei eta Aneri

FAMILIAN
Familiarekin elkartzen garenean, normalean, kide bakoitzak bere papera betetzen du. Batzuek bazkari osoa hitz eta pitz pasatzen dute, eta beste batzuek, berriz, oso gutxitan irekitzen dute ahoa. Dala Basurkok lehenengo taldean kokatzen du bere burua: “Nire familian argi dago, ni berritsuena naiz eta nire neba isila da”. Familia guztietan oreka bat egoten da, “denek batera hitz egiten badute, zoramena izango da”, esan digu.

Dalaren sendia atzerritarra da, eta ez dute denbora luzean elkar ikusten. Biltzen diren bakoitzean, gauza bera gertatzen da: “Ni hizketan hasten naiz eta nebari hitz egiten uzteko esaten didate, baina bere erantzuna oso laburra da: bai ala ez. Nik hutsune horiek betetzen ditut”.

LANEAN
Hodei Gimenez ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da, eta praktikak egiten ditu enpresa batean. Bere iritziz, lan-motaren arabera, batzuetan hobe da isiltasunean aritzea eta, beste batzuetan, norbaiten laguntza jasotzea, baina ikasteko oso argi du: “Ezin dut liburutegian ikasi. Nahiago dut nire logelako isiltasunean”.

Lan egiteko edo ikasteko, kontzentrazioa garrantzitsua da askorentzat, eta Hodeirentzat ere bai: “Isiltasuna behar dut kontzentratzeko eta haria ez galtzeko; bestela ezinezkoa da”. Isilen taldean kokatu du bere burua: “Momentu batzuetan berritsua naiz, baina gehienetan isila; ez daukat zalantzarik”.

PERTSONAK
Ane Fernandez neska berritsua da, txiki-txikitatik hori esan diote eta berak onartu egiten du. Berari pertsonei buruz galdetu diogu: nolako jendea duen inguruan, zer nahiago duen eta zertarako…

Aneren ustez, hobe izaten da egoera bakoitzean pertsona-mota bat edukitzea: “Adibidez, zerbait kontatu nahi dugunean edo lasai egoteko gogoa izaten dugunean, pertsona isilak agian gehiago lagunduko digu. Beste batzuetan, aldiz, norbaitekin hitz egin nahi dugunean edo elkarrizketa bat izan, hobe izaten da pertsona hiztuna topatzea”.

Inguruko jendearen izaerak gurea baldintzatzen du, eta bakoitzarena estimatzen ikasi behar dugu. Denok ez dugu hori egiteko gaitasunik, baina Anek bai, badauka: “Era guztietako jendea edukitzen dut alboan, eta ikasi egiten da bakoitzaren ezaugarriak estimatzen”.

Eta zuk, nolako jendea estimatzen duzu? Berritsua ala isila? Nor da gogaikarriagoa zuretzat? Eta zu, berritsua zara… ala isila?
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Ane: Nik esango nuke, ni pertsona berritsua naizela, bai, bai, bai, bai, bai. Bai egia esan betidanik esan izan didate berritsua ikastolan eta abar eta txiki-txikitatik bai, hiztuna.
Hodei: Badaukat batzuetan berritsua izateko momentuak, baina batez ere isila.
Dala: Ni berritsuen artean egongo nintzateke, adibidez nire anaia isila delako.
FAMILIAN
Dala: Ba nire familian nahiko argi dagoela uste det. Nik uste dut nire familian adibidez ni naizela berritsuena, eta agian nire anaia isila. Azkenean familia bakoitzean oreka bat egongo da seguru askiena: berritsuak eta isilak. Azkenean, denek hitz egiten baldin badute, zoramena izango da. Orduan, nik uste dut azken finean familia bakoitzak, bakoitzak bere papera izango duela, oreka bat izateko azken finean.
Adibidez, familia artean, nire familia atzerritarra da eta denbora luzean ikusi gabe egon eta gero, beti juntatzen garenean, ni hasten naiz hitz egiten eta hasten naiz kontatzen egindako guztia; zer gertatu den; galderak egiten… Eta beti esaten dute: “Zu isildu eta utzi zure anaiari hitz egiten!”. Eta azkenean, nire anaiak erantzun bakarra egingo duena izango da bai ala ez, eta ez du gehiago kontatzen. Orduan, azkenean, hutsune horiek nik betetzen ditut.
LANEAN
Hodei: Desberdindu behar da lana egitea edo ikastea, ez? Eta lana (lan) barruan ere, lana (lan) motaren arabera, batzuetan hobeto da isilik egotea eta beste batzuetan, beste norbaiten laguntza izatea. Baina ikasterakoan bai. Nik ezin dut, adibidez, liburutegi batean edo horrelako batean ikasi. Nik hobeto nire etxean ikasi, nire gelan eta oso lasai.
Isiltasuna ona da, batez ere, kontzentratzerakoan eta haria ez galtzeko ere bai. Azkenean baldin badaukazu norbait hitz egiten, zaude kontzentratuta eta despistatzen zaitu eta galdu egiten zara.
PERTSONA
Ane: Nik uste dut egoera bakoitzean pertsona isila edo berritsua gure alboan izatea gehiago edo gutxiago komeni dela, ez? Agian, ez dakit, zerbait kontatu nahi duzunean, igual pertsona isil bat-edo alboan izateak gehiago laguntzen dizu. Aldiz ba beste batzuetan, norbaitekin hitz egin nahi duzunean edo elkarrizketa bat edukitzea interesatzen zaizunean, ba pertsona hiztun batek edo berritsu batek ba hobeto laguntzen dizu.
Lasaitasuna behar dugunean, lasai egon nahi dugun horretan, gure pentsamenduetan pertsona isila alboan izatea, ba hori, ona izaten da. Eta aldiz, bueno ba berritsua igual animosoago gaudenean, edo, ez dakit, igual sozialki beste egoera batean gaudenean, elkarrizketa bat izan nahi dugunean, berritsua alboan izatea, gustagarriagoa da.
Ba nire inguruan denetarik: pertsona isilak, pertsona berritsuak, batzuetan isilik egoten direnak  bestetan berritsuak direnak… Pixka bat era guztietako jendea daukat alboan, eta esan behar dut ikasten dela bakoitzaren ezaugarri horiek ere apreziatzen. Bakoitzak, pertsona bakoitzak berea du, eta bai isiltasunezko momentuak eta bai hiztunagoak diren momentuak apreziatzen direla ere jende honekin.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Mar 10, 2016
Number: 2129103
Duration: 00:03:48
Number of visits: 7438