Aldizkari Digitala

Euskadiko Filmategia, Joxean Fernandez

Joxean Fernandez (Donostia, 1973) Euskadiko Filmategiko zuzendaria da. Nanteseko Unibertsitatean irakaslea zen eta, Filmategiko zuzendari izateko, 2010eko abenduan, eszedentzia bat hartu zuen.

Bera Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua da, eta “Cine y Guerra Civil en el País Vasco” (1936-2006) doktore-tesia egin zuen.

Filmategia 1978an urtean sortu zen eta, orduz geroztik, Donostiako eraikin batean izan du egoitza, baina materialak beste eraikin batzuetan egon dira barreiatuta. 2015eko azarotik Donostiako Tabakaleran dago, eta bertan artxiboa eta bulegoak ditu. Beste hainbat erakunde ere leku berean daude: Donostiako Zinemaldia, Kutxa Fundazioa, Etxepare Institutua eta Tabakalera bera, besteak beste.
 
Etorkizuna, helburuak, zinemaren funtzioa euskal gizartean, ikusle-motak eta beste hainbat gairen inguruan hitz egin dugu berarekin.

Euskadiko Filmategia Tabakaleran dago orain. Amets bat bete da?
Amets bat bete da, zalantzarik gabe. Ametsa eraiki eta landu egin behar dugu, baina bai, ametsa bete egin da azkenean.

Etxepare Institutua, Zinemaldia, Filmategia, Kutxa Fundazioa… guztiak Tabakaleran zaudete. Elkarlana egongo da?
Zalantzarik gabe. Nire ustez, Zinemaldiaren, Etxepare Institutuaren, Tabakaleraren eta gure artean elkarlana beharrezkoa da. Elkarlana da bidea, eta beste erakundeetako arduradunek ere gauza bera esango dute. Denok ados gaude.

Zer jasoko du kaleko jendeak?
Tabakalera herritarrentzat oso eraikin handia da, nire ustez. Orain ezagutzen ari dira; baina, aurrera begira, komunikazio-lan handia egin behar dugu. Guk hemen zinema-areto bat daukagu, eta ia astero filmak eskainiko ditugu. Gainera, beste erakundeek ere hainbat gauza eskainiko dituzte: erakusketak, zinema, antzerkia…

Zinemaren kasuan, ikusle adituak ala kalekoak izango du garrantzia?
Biek izango dute garrantzia, ikusle adituek eta ikusle arruntek. Zinemazaletasuna aprobetxatu behar dugu, nire iritziz. Donostian, eta Gipuzkoan orokorrean, badago zinemazaletasuna eta hortik jo behar dugu.

Hau da Filmategiaren egoitza berria, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa.
 

Gipuzkoaz gain, hemendik kanpo ere programazioa egin nahi duzue?
Bai, zalantzarik gabe. Azaroan hasi ginen hemen, Donostian; abenduan Donostian eta Bilbon; eta etorkizunean, ahal bada, Euskal Herri osoan. Konplexua da, baina horixe da gure helburua. Programazio orokorra izateko, dinamikak aldatu behar dira.

Zikloak, emanaldiak, seminarioak, ikusle adituak, ikusle arruntak… Zer ematen dio zinemak gizarteari?
Gauza asko. Victor Ericek esan zuen: “Zinema da XX. mendeko artea”, eta ni ados nago. Zinema oso garrantzitsua izan da XX. Mendean, eta espero dut XXI. mendean ere horrela izatea. Ez badugu euskal zinemari buruzko hausnarketa egiten, ezin dugu Euskal Herriko historia, kultura, hizkuntza… ulertu.
Nire ustez, gure zinema oso interesgarria da, eta lehen ere halaxe izan da: industria, kultura edo nortasun nazionalaren zati bat. Horregatik, nire iritziz, gogoeta bat egin behar dugu euskal zinemaren inguruan.

Tabakaleran egiten diren ekintzen berri izateko, sartu bere webgunean.

Ainara Loiarte
Zinea Sortzen

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    ORAIN EUSKADIKO FILMATEGIA TABAKALERAN DAGO. AMETS BAT BETE DA?
Amets bat bete da bai, zalantzarik gabe. Eta gero ametsa baita ere eraiki behar dugu eta etorkizunean eraiki. Ze ametsak beti lan (landu) egin behar dituzu. Baina bai, zalantzarik gabe, ametsa azkenean bete da, bai.

2.    IKUSLE ADITUAK EDO KALEKOAK, NORK IZANGO DU GARRANTZIA?
Nik uste dut gure helburua dela adituak ekartzea eta baita ere kaleko jendea ekartzea. Ze bi kasuetan nik uste dut zinemazaletasuna hor barruan dagoela eta guk aprobetxatu behar dugu. Gainera, Donostian eta Gipuzkoan orokorrean, badago zinemazaletasun handi bat. Orduan, hori lortzeko nik uste dut bidea nahiko landuta dagoela eta aprobetxatu behar dugu.

3.    ZINEMAK ZER EMATEN DIO GIZARTEARI?
Nik uste dut, gauza asko. Pasa den astean, Victor Ericek esaten zuen zinema izan dela XX. mendeko artea, eta ni berarekin bat nator. Oso garrantzitsua izan da zinema XX. Mendean, eta espero dut baita ere XXI. mendean gauza bera izatea, espero dut behintzat; ez dakit. Nik uste dut ezinezkoa dela gure historia, Euskal Herrian, Euskal Herriari buruz ari naiz… Gure historia, gure kultura, gure hizkuntza baita ere… ulertzea euskal zinemari buruzko hausnarketa bat ez baldin badugu egiten. Nik uste dut zentzu horretan oso-oso interesgarria izan da gure zinema industria aldetik, kultura aldetik, eta baita ere, esango nuke, nortasun nazional baten aldetik edo. Hori dena ulertzeko nik uste dut hausnarketa sakon bat egin behar dugula gure zinemari buruz. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Feb 26, 2016
Number: 2117517
Duration: 00:02:49
Number of visits: 6030