Aldizkari Digitala

Aspertzeko tarterik hartzen duzu?

Aspertzeak txarra dela dirudi beti, baina, adituen ustez komenigarria ere izan daiteke tarteka.

Astean zehar, goizean goiz ohetik jaiki, dutxatu, gosaldu, haurrak eskolan utzi eta korrika eta presaka lanera joaten gara. Lanean bertan bazkaldu eta arratsaldean atera eta berriz ere haurren bila eskolara. Etxera iritsi eta afaltzeko garaia da. Afaria prestatu, umeak lokartu eta orduantxe eguneko momentu bakarra lasai-lasai egoteko, baina ezin gara gehiegi egon, hurrengo eguneko goiza uste baino lehen iritsiko da eta. Beraz, aspertzeko momentu bakarra oso laburra da.

Eguneroko erritmo horretan, aspertzeko tarte handirik ez dugu izaten, baina erritmo bizi, azkar eta larri horretara egokituta gaude, eta ia ahaztu egiten zaigu zer den aspertuta egotea. Gaur egun, ahaztu egin zaigu ezer egin gabe egotea. Oporretako lehen egunetan, gozo-gozo ohean egoten gara, paseo txiki bat ematen dugu parkean edo etxe inguruan. Mokadutxo bat hartu eta siestatxo bat. Eta ondoren? Ondoren aukera asko. Bizpahiru egun horrela egon eta gero, beste zer edo zer egiteko beharra sentitzen dugu. Aspertuta gaude eta zerbait egin nahi dugu. Baina, zer? Ez dakigu aspertzen. Horregatik, ez aspertzeko moduen bila ibiltzen gara. Zer egiten duzu zuk ez aspertzeko?
 

“Aspertuta egotea emozioen eta motibazioen arteko lotura da”, definitu digu Aitor Aritzeta EHUko irakasleak. Donostiako Psikologia fakultatean bildu gara berarekin; izan ere, bertan Emozioak eta gaitasun sozioemozionalak irakasgaia erakusten du. Asperduraren inguruan hitz egin dugu.

 

ASPERDURAREN AURKAKO EMOZIOAK


Aitor Aritzeta Psikologia fakultateko irakaslea da.

Aspertuta sentitzeko ilusiorik gabe, motibaziorik gabe, bakarrik, konpainiarik gabe sentitzen zara normalean. “Aspertzen bagara, ez daukagu barruko gasolinarik, ez daukagu ilusiorik ezta mugitzeko arrazoirik ere. Ez da beste emozio bat, motibaziorik ez edukitzea da”, azaldu digu Villabonako irakasleak.
 

Asperdura emozio negatibo bat da, eta, aurre egiteko, ilusioa eta sortzeko gogoa behar ditugu. “Ondo ikasi behar dugu aspertuta egotea zer den. Sentimendu horretatik sorkuntza bakarrik atera daiteke. Aurretik asperdura egokirik existitzen ez bada, sormena ez da ondo garatzen ”.

 

GAUR EGUNGO UMEEI ASPERTZEN UZTEN DIEGU?
Haurrak gaur egun eskolatik atera eta aktibitate asko egiten dituzte: ingelesa, kirola, instrumentu bat jotzea…. Hiperestimulazio batean bizi dira, eta aspertzeko tarterik ez diegu uzten: “Umeek ez dute izaten denborarik barruko ilusio eta estimulazioa topatzeko. Ume batek guraso bati esaten dionean “Aspertuta nago!”, berehala topatzen dugu zer edo zer, ez aspertzeko”. 
 

Aitorrek, berriz, beste modu batean jokatzen du bere semearekin: “Aspertuta zaude eta hori ona da, ikasi zer den aspertuta egotea, eta ikasi zer egin ez aspertzeko”. Horrela, umeak berak bere ilusioa eta gozamena bilatuko ditu.

 

GARAI BATEKO ASPERDURA
Gizakia beti aspertu izan da. Orain dela 100, 1.000 edo 2.000 urte existitzen ziren gaur egungo emozio eta motibazio berberak: besteekin egoteko beharra, maitatua sentitzeko beharra, bakarrik ez sentitzeko beharra…
 

Hala ere, gure aitona-amonen garaian, ez zegoen aberastasunik. Garai hartan, umeak lanerako izaten ziren, eta, Aitorrek, gaur egungo haurren egoerarekin alderatuta, oso argi dauka: “Lehen seme-alaba asko izaten zituzten eta batzuek besteak zaintzen zituzten. Gurasoak ez ziren haien gainean egoten, eta, ume bat aspertzen bazen, guraso baten erantzuna jolastu izango zen”. Orduan orain baino gehiago gozatuko zuten jolas sinpleez: “Orduan, sormena ez zen hain plastifikatuta edo diseinatuta etortzen; gaur egun, berriz, bai”.
 

Lehen edo orain, Aitorrek bere irtenbidea kontatu digu: “Ondo gaudenean, emozio desatseginekin konektatu behar dugu; orduan ikusiko dizkiogu abantailak asperdurari”. Ahul gaudenean, bizirik irautea nahikoa da. Fakultateko irakaslearen iritziz Ondo gaudenean asperdura sentitu behar dugu, gero aurre nola egin jakiteko.
 

Eta zu, noizbait aspertuta sentitu zara? Eta txikitan, aspertu egiten zinen?

Transcription:[+] Transcription:[-]

ZER DA ASPERDURA?
Bueno, asperdura definitzeko garaian, pentsatu behar dugu, asperdura etortzen zaigula zer edo zer ezaren agerpenean. Eta zer da falta dena? Ba, falta zaiguna da motibazioarekin lotuta dauden elementuak, ez? Ilusioa, gogoa, planak egiteko gogoa, iniziatiba ez? Orduan hor agertzen zaigu asperdura, ez? Ez dakigunean zer egin eta gainera, hutsutasun (hustasun) sentimendu bat ere sentitzen dugu, desorientazio sentimendu bat , ez dakigulako nora jo, zer egin eta nola jokatu momentu batean. Bakardadearekin batera etortzen zaigu asperdura nahiz eta asko aspertu gaitezkeen konpainian ere bai.

NOLA EGITEN ZAIO AURRE ASPERDURARI?
Bueno, erraz esatearren, asperdurari aurre egin behar zaio bere antonimoekin, dela ilusioarekin, eta alaitasunarekin, eta gogoarekin, ez? Egiteko gogoarekin.  Galdera izango litzateke “Non daude gordeta ilusio horiek?” eta “Non daude gordeta gogo horiek?”. Eta batzuetan gure indibiduazioan (indibidualizazioan) gordetzen dira ilusio horiek, benetako gogo horiek. Eta indibiduazio (indibidualizazio) hori lortzeko, ezinbestekoa da bakardadea topatzea eta bakardade horretan gure sakoneko identitatearekin bat egin eta gure sakoneko emozioekin eta beharrekin bat egin, ez? Baina horretarako ikasi egin behar dugu.

ALDERATU GARAI BATEKO ETA GAUR EGUNGO GIZARTEAK: ASPERTZEN BADAKIGU?
Haurraren ikuspegia, eta familiaren ikuspegia, eta egoera ekonomikoa erabat desberdinak dira gaur egun eta orain dela ez urte asko. Anaia-arreba asko izaten ziren garai hartan eta haurrak haurrekin hezitzen (hezten) ziren. Eta haurrak garai hartan aspertzen zirenean, ez zuten beste aukerarik: bakardade horretan, asperdura horretan sakondu eta ez aspertzeko gauzak egin, ez? Eta hor sortzen zen haurrak dituzten balio preziatuena, dela sormena. Eta gaur egun, iruditzen zait hiperestimulatuta ditugula haurrak, sormena eta gozamena eta estimulazio hori sukaldatuta eta ondo itxita eta plastikoetan etortzen zaizkiela, eta ez dutela tarterik, ezta bat, aspertzeko. Eta guraso batek entzuten duenean “Ama! Aita! Aspertuta nago!”, gauza txar bat bezala ikusten dugu. Nik uste ume batek “Aspertuta nago!” esaten dizunean, erantzuna izan behar dela “Sentitu asperdura, aspertu zaitez asperdurataz (asperduraz) eta orduan topatuko duzu zerk mugitzen zaituen, zerk ilusionatzen zaituen…”. Hori eginaz, umearen indibiduazioa (indibidualizazioa) lantzen ari gara eta laguntzen diogu asperdura eta bakardadea kudeatzen, ikasi beharreko gaitasun bat baita, eta ez hainbeste etxeko lanak eta hainbeste jokoak eta hainbeste… hutsune guztiak betetzeko antsietate hori. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Feb 17, 2016
Number: 2109709
Duration: 00:04:11
Number of visits: 6401