Aldizkari Digitala

Agenda digitala ala paperezkoa?

Eginbeharrak apuntatzeko, zitak ez ahazteko, egitekoak ordenatzeko, urtebetetzeak gogoratzeko…

Urtea edo ikasturtea hasterakoan, agenda bat eskuratzen dugu gehienok. Egunez eguneko egitekoak antolatzeko modua ematen digu agendak.

 

Azken urteotan agenda digitalak sortzen, indartzen eta hobetzen ari dira. Hala ere, oraindik paperezkoak digitalak baino gehiago erabiltzen dira. Digitala, ordenagailu edo mugikor bidez, edonon erabil dezakegu. Paperezkoek ez dute bateriarik behar, edozein egoeratan, lanean zein etxean erabil ditzakegu…


Josu Arotzena irakasleak agenda digitala erabiltzen du, bai klasean, bai etxean..

Josu Arotzena irakaslea da, eta laneko 28 urte hauetan agenda beharrezko tresna izan du bere eguneroko lanerako. Azken urteotan, paperezko agenda alde batera utzi eta digitalera pasatzeko urratsa egin du. “2010-11. ikasturtean utzi nuen paperezko agenda, eta gaur egun digitalarekin moldatzen naiz. Datu hau ere agenda digitalean kontsultatu dut”, azaldu digu Josuk. Berarekin bildu gara, bi agendak alderatzeko.


Paperezkoa zein agenda digitala antolaketarako tresna besterik ez dira Josurentzat, baina, lehenik eta behin, antolaketa garrantzitsuenak norberaren buruan egon behar duela esan digu Josuk: “Nire ustez, ea laneguna den ala ez jakin, familiako ala ingurukoen egun berezia ote den gogoratu (urtemuga adibidez)… horrelakoak zuzenean, buruz hartu behar ditugu gogoan”.


Buruaz gain, etxe askoren antzera, sukaldeko mahaiaren parean, paperezko egutegia dute Arotzenatarrek, mediku-ordua ala noizbehinkako gertaera ala zeregina idatzi eta goiz-goizetik ikusteko moduan izateko. Paperezko egutegi horren osagai gisa erabiltzen du agenda digitala Josuk: “Lan-jardunaldiaren hasieran, mugikorretik edo ordenagailutik irekitzen dudan lehen aplikazioa agenda digitala da”, esan digu.



Oraindik ere paperezkoa erabiliagoa da, baina poliki-poliki digitalak zabaltzen ari dira.

 

Agenda digitalari hainbat abantaila ikusten dizkio Arotzenak: “Akatsak zuzentzeko txukuna da. Oker jarritakoak erraz zuzentzen dira, edukian eta datan egindako okerrak, esaterako”. Horrez gain, abisuak ezartzeko aukera duela zehaztu digu: “Gertaera baino lehen, gogoratzeko abisua ezartzeko aukera du digitalak. Gertaera behin idatzi (ordua, arloa eta gela) eta klik gutxi batzuetan ikasturte osoan behar adina alditan errepikatzeko aukera ematen digu. Gogoan ditut oraindik paperezkoan ikasturte guztiko saio guztiak idazten pasatzen nituen ordu luzeak”.

 

Bestetik, ekitaldiei dokumentuak ere txertatzeko aukera eskaintzen du digitalak. “Nik klaseko saio bakoitzean egingo dudan jarduera eta kalifikazioak jasotzen dituen kalkulu-orriak gehitzen dizkiot”, agertu digu. Ohar horiei, jasotako posta bat ere lotu daitekeela kontatu digu, baita postaz jasotako zita egutegira modu errazean pasatzeko aukera ere. Hori gutxi balitz, ohar horiei maps bidezko kokapena, zita-tokia eta deskribapena jartzea azkar egiten dela argitu digu Josuk.


Zitak kolorez antolatzearekin, egutegi bat baino gehiago aplikazio berean edukitzeko egokiera ematen du digitalak. “Agenda berean makina bat agenda ditut nik, lanekoa, pertsonala, aisialdikoa… Hau guztia ezingo nuke paperezko agendarekin egin”, aitortu digu.

AGENDA DIGITALA, AGENDA SOZIALA
Agenda digitalak badu ezaugarri bat paperezkoak ez duena eta Josurentzat bereziki interesgarria dena: agenda digitalek duten izaera soziala da benetako iraultza. “Aipaturiko guztia ezer gutxi da egutegi digitalak duen izaera sozialarekin alderatuta. Nire lankide, lagun, familiarekin partekatzen ditut zitak, gertaerak eta oharrak; puntualak eta errepikatzen direnak”, kontatu digu. Talde-antolaketarako ezinbesteko tresna dela iruditzen zaio Josuri egutegi/agenda digitala, eta horiek webgunean, blogean, postan… txertatzeko duen abantaila izugarri ona dela dio. “Zientzia departamentuko bilerak ezarri, urte osoko bilera-sorta errepikatzeko aukerarekin, bilera eguna, ordua, tokia jarri eta bileran egongo garenak beren posten bidez gonbidatzen ditut. Haiek gonbidapena onartu ala ez erabaki dezakete, oharren bat jarri…

Gonbidapen horietan gai-zerrenda, aurreko bilerako akta, gogorarazteko abisuak, eta, nahi izanez gero, momentu horretarako bideo-deia ere programa daiteke. Baten batek ezin eta egun-aldaketa egiten badugu, gonbidatu guztiek jasoko dute aldaketa eta berretsita geratuko da segundo gutxiren buruan”, adierazi du. Ikasleek eta irakasleek maila bakoitzeko azterketak agenda digitalean ezartzen dituzte Josuren ikastolan.


Urtetako esperientziaren ondoren, Josuk argi du agenda digitala paperezkoa baino nahiago duela. “Azken 5 urte hauetako gertaera guztiak jasoak ditut bertan eta nire memoria zehatzagoa egiten laguntzen du. Bertan kontsultatu dut paperezko agenda utzi nuen ikasturtea, esaterako. Elkarrizketa honetarako zita bera ere digitalean sortu, partekatu eta bertan adierazi nahi izandako guztiaren dokumentu zirriborroa jaso du kazetariak. Baliabide izugarri ona dela iruditzen zait!”, zehaztu du.


Eta zuk, bietatik, zein duzu nahiago? Pasatu al zara agenda digitalera ala paperezkoarekin eroso jarraitzen duzu?

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

NOIZTIK ERABILTZEN DUZU AGENDA DIGITALA?
Bueno, agenda digitalera pasa nintzen ni, eta hori ere agenda digitalean kontsultatu dut, 2010-2011. ikasturtean utzi nuen paperezko agenda ja. Lehenagotik agian zer edo zer erabiltzen nuen, baina hori izan zen nolabait urte klabea: 2010-11. Azkeneko bost urte hauek beraz, paperezkoa “fuera” eta zuzenean digitala soilik erabiltzen dut.
Zergatik edo zertarako erabiltzen dudan? Niretzako edozein agenda antolaketa pertsonalerako sarrera da. Orduan, niretzako lehenengo agenda burua da. Hau da, nik buruz dakizkit noiz etorri behar dudan lanera, noiz ez, noiz den asteburua eta noiz asteguna. Etxe guztietan bezala, sukaldean ere kalendario (egutegi) bat daukagu, paperezkoa, eta han apuntatzen dugu: mediko ordua, bestea eta horrelako gauza inportante batzuk. Baina gero, klasean sartzen naizenean pizten dudan lehenengo gauza ordenagailua piztu eta agenda digitala jartzen dut martxan.
ZERGATIK ETA ZERTARAKO ERABILTZEN DUZU AGENDA DIGITALA?
Helburua baldin bada norbanako agenda, paperezkoa jende askori erosoagoa egiten zaio, hau da, nik nirean apuntatzen dut, ez dut aparailurik piztu behar, ez diet ez dakit zer egin behar, azken finean ordenagailua piztea, mobil (mugikor) bat nolabait manualki (eskuz) ondo konfiguratuta edukitzea, kontuekin edukitzea, kosta egiten da. Eta kasu horretan ez da hainbeste erabiltzen.
Adibidez, aurten ikastolan holako prestakuntza txiki bat egin dugu eta eman diogu dimentsio sozial hori. Hau da, agenda bitartez norberarena baino gehiago momentu batean goazen taldeko bizitza antolatzea: ikasleena, baliabideen erreserbak, taldean egiten ditugun bilerak, zita horiek… orduz aldatzen direla norberak bere agendan ikusten ditu.
Orduan, beste dimentsio bat ematen diozunean jendea hasten da gehiago erabiltzen, bestela, azken finean arazo teknikoak daude: ulertzea mobilak nola funtzionatzen duen, nola instalatzen den, nola sinkronizatzen da hemen (ordenagailuan) sartzen den informazioa mobil batean ere agertzeko… eta zenbait jenderi beldurra horren aurrean seguruenera jotzen du.
 Azken finean bere bizitzaren antolamenduaren parte handi bat hor (paperezko agendan) dago, baina gero nik sozialki ezin dut hartu hura eta besteei partekatu edo hura ahazten badut ikastolan, galdu naiz etxean: bihar zer egin behar nuen? Aldiz, digitalean eskura daukazu, on-line dago, hori abantaila da eta gero bere izaera soziala, zenbat jende ikusten duen, salto bat ematen du. Nik uste dut arazoa teknikoa dela edo segurtasun faltagatik dela gehiago, bestela ez da hain zaila behin hori gaindituta.
NORI GOMENDATZEN DIOZU AGENDA DIGITALA ERABILTZEA?
Nik uste dut alderdi sozial aldetik lantzen diren toki guztietan, talde-lana egiten den toki guztietan. Gauza batzuk egingo ditugu buruz, eta egin behar ditugu. Pentsatzen dut. Nik baldin badaukat, ez dakit, ostiral honetan medikua baldin badaukat, buruz jakin behar dut medikua daukadala gutxienez. Zalantza eduki dezaket 15:20tan daukadan, 15:00tan daukadan, baina, gutxienez jakin behar dut medikuna( medikuarengana) joan behar dut aste honetan.
Gero paperean ere goizean joan eta niretzako ere gosaria eserita begiratu parean, eta hor, aste honetan amaren urtebetetzea, hori ezin dut edo aitarena berdin zait, hori ezin duzu. Holako apunte batzuk edukitzea ere bai. Lehen esan dudana: Noiz hasiko naiz mobila erabiltzen? Zertarako? Ni hasten naiz laneko asuntoekin (gaiekin). Nolabait, familiakoa etxean daukat, hona iristen naiz, lanekoa, eta hau (agenda digitala) irekitzen dut. Gaur zer daukat? Pun, pun, pun. Gutxi gorabera badakizu klasea daukazun, libre daukazun edo osagarriak zure lanetarako, baina horren barruan saiatzen gara horiek ere antolatzen. Horregatik esaten dut bakoitzak bilatuko dio bere puntua. Bilatuko dio bere puntua egiten duen erabileraren baitan. Gero eta gehiago erabiliko da? Bai eta, batez ere, taldean erabilera bultzatzen bada oraindik askoz ere gehiago. Erabilera sozial horrek sozialki, eta nolabait esango nuke, presentziala izan gabe antolatu dezakeelako talde bizitza, eta hor hasiko da askoz gehiago erabiltzen.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 26, 2015
Number: 2044502
Duration: 00:04:38
Number of visits: 5432