Aldizkari Digitala

Hirian, motoa ala autoa. Zer nahiago duzu?

Oinez joaten gara askotan toki batetik bestera. Bizikleta ere gero eta gehiago erabiltzen dugu, batez ere aldapa gutxi den lekuetan.

Beste aukeretako bat garraio publikoa hartzea da, baina gurean gehienek autoa edo motoa erabiltzen dute hirian batetik bestera joateko.

 

Oinez joaten gara askotan toki batetik bestera. Bizikleta ere gero eta gehiago erabiltzen dugu, batez ere aldapa gutxi den lekuetan. Holandan, esaterako, trafikoaren % 26 txirringak dira, medio horretarako azpiegitura onak dituzte-eta. Beste aukeretako bat garraio publikoa hartzea da, baina gurean hirietara doazen lagunen %37k soilik erabiltzen du garraio publikoa. Gainerakoek autoa edo motoa erabiltzen dute hirian batetik bestera joateko.
Zenbait ordutan trafikoa astuna izaten da, autoa edo motoa erabiltzen dugulako. Indian, adibidez, azpiegitura txiroak dituzte eta trafikoa kaotikoa omen da: zarata, freno-hotsak, autoak, bizikletak, motoak, moto-taxiak… errailen noranzkoa ere ez omen da errespetatzen. Tokion ere trafiko handia dago, Shinjukuko estaziotik, adibidez, egunean Euskal Herriko biztanleak adina auto igarotzen omen da. Auto-pilaketak, hala ere, gutxi ikusten dira bertan.

Herrialdeak herrialde, lekuak leku, azpiegituren eta eguraldiaren arabera, herritarron ohiturak aldatu egiten dira. Horregatik, gure hiriburuetako bi aukeratu ditugu, Donostia eta Bilbo, eta hiritarrek zer garraio pribatu aukeratzen duten ezagutu nahi izan dugu: autoa ala motoa, zer dugu nahiago dugu gure hiriburuetan?

Maitane Etxebarria Galdakaokoa da, eta sarritan joaten da Bilbora. Ez du motorik, baina autoa bai. Alberto Domingo, berriz, Astigarragakoa da, eta egunero joaten da Donostiara. Albertok motoa eta autoa ditu. Bi hirien arteko aldea, herritarren hautua eta ohiturak jakiteko asmoz, hainbat galdera egin dizkiegu biei, Maitaneri eta Albertori.

Albertok, Donostiako egoera aldatzen ari dela adierazi digu: “Duela urte asko, hiriko gehienak autoz ibiltzen ziren; baina, orain, kale guztiak oinezkoentzat jartzen ari dira, eta trafikoa askoz ere mantsoago ibiltzen da hiri barruan. Hori dela eta, gehienok motoa hartzen dugu”.

Maitane Etxebarria

Alberto Domingo

Maitanek, berriz, esan digu Bilbo barruan ibiltzeko, gehienbat metroa, Bilbo Bus-a eta autoa erabiltzen direla: “Bilbo ez da Donostia bezalako hiri bat; motoa ez da hainbeste erabiltzen;  jende gehiena autoan ibiltzen da”.

Alberto Astigarragan bizi da eta, Donostiara joateko, beti motorrean etortzen dela esan digu: “Autoa zerbait handia eraman behar dudanean bakarrik hartzen dut, edo bidaia eta distantzia handiak egiteko”. Maitanek, berriz, eginbeharraren arabera aukeratzen du garraio publikoa erabili ala autoz joan: “Adibidez, erosketa zehatz bat egin behar badut, arin batean, autoan joaten naiz, lur azpiko parkingak daudelako. Denbora gehiagorako bada, nahiago dut autobusa edo metroa erabili”.

Hala ere, autoak baditu hainbat alde on. Esaterako, “euria egiten duenean, motoa baino erosoagoa da, eta, gainera, ez gara bustitzen”, esan digu gipuzkoarrak. Maitaneren ustez, ibilgailu berean bi lagun baino gehiago joan ahal izatea da autoaren abantailarik handiena, baina, denak bezala, alde txarrak ere baditu: “aparkatzeko ordaindu egin behar da, eta leku handiagoa behar dugu. Jende asko joaten da autoz Bilbora, eta itzelezko trafikoa sortzen da”, kontatu digu bizkaitarrak. Albertok ere autoak alde txar mordoa duela uste du: “Hirian autoz ezin gara ia ibili, joan nahi dugun lekura iristea kosta egiten da, eta uste baino gehiago aztoratzen gara”.
Motoak, ordea, onura asko dituela uste du Albertok: “motoz ibiltzea oso erosoa egiten zait, azkarra da, eta motorrak ematen duen askatasun-sentsazioa ere oso garrantzitsua da niretzat”. Eguraldi txarrarekin errepidea aldatu egiten da; euriak zaildu egiten du bai autoen gidaritza eta bai motoena ere, baina Albertok esan digu euriarekin motoa gidatzea askoz zailagoa bihurtzen dela. Bestalde, “autoek ez gaituzte ondo ikusten; kolpe bat eduki dezakegu eta oso adi ibili behar da”, zehaztu du.
Maitanek motorik ez badu ere, abantailak dituela pentsatzen du: “Bizkortasun gehiago ematen digu, badakigu nola ibiltzen diren, autoaren albotik denak aurreratzen… eta motoa gura dugun lekuan aparkatu dezakegu”.

Eta zu, hiriburuetara nola joaten zara, zer nahiago duzu, autoz ala motoz ibili?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    GALDERA: HIRIBURUAN, MOTOA ALA AUTOA? ZER NAHIAGO?
Maitane Etxebarria: Ba Bilbon gehienbat, nik pentsatan dot (pentsatzen dut), metroa erabilten deuela (erabiltzen duela) jendeak, metroa edo Bilbo Buse Bilbotik ibilteko (ibiltzeko), eta gero kanpotik Bilbora joateko, imajinatzen dot (imajinatzen dut), depende ez, metroa badekozu (baldin baduzu) herrien,  metroan joango zara  errezau dekozulako (duzulako) ibiltzeko handik, gure dozun (nahi duzun) lekure joateko parada bat dau eta ostantzean (bestela) autobusean.
Alberto Domingo: adibidez Donostiaren kasuan, duela urte asko, kotxeekin ibiltzen zen gehiago, baino gaur egun,  nola gauzak ai diren aldatzen, eta denak  kale guztiak ari dira peatonalizatzen, trafikoa askozaz ere mantsoago da hiri barruan, azkenean Donostian ikusten da jendeak motoa gehiago hartzen duela eta motor pila bat dabiltzala Donostia inguruan.
M.E.: motoa ez da hainbeste erabiltzen, ez da Donostia moduko hiri bat dauela  (dagoela) ohitura hori, jendea kotxean ibiltzen da, eta ni adibidez depende zer egiteko bada errekadu bat egitea holan (horrela) arin batean egiteko joaten naiz kotxean badauzelako (badaudelako) parking subterraneoak eta holan. Denbora gehiagorako bada gurago (nahiago) dut autobusa edo metroa erabiltzea.
A.D.: ni berez bizi naiz Astigarragan eta etortzeko Astigarragatik(an) Donostiara, beti etortzen naiz motorrean, saiatzen naiz beti motorrean ibiltzea. Zer edo zer handia eraman behar baldin badut, autoa hartzen dut zergatik(an) azkenean, motoarekin ibiltzea Donostia barruan kriston erosoagoa da, lekutara pixka bat azkarrago ailegatzen zara, azkenean, trafikoa dagoenean eta hola ba motoarekin azkarrago ailegatzen zara lekutara. Eta kotxea bai, bakarrik(an) erabiltzen dut bidaiak egiteko edo distantzi handiak egiteko.
M.E.: Nik pentsatzen dot (dut) ahal deunak (duenak) joan metroan edo autobusean joaten dela, eske han aparkamentua pagatu behar da. Eta hori, ez bazoaz ordu baterako, ordu bireko diñozule (esaten duzula) konpensetan dozte (konpentsatzen dit), baina 8 ordutarako ez zara ibiliko egunero hori pagetan (ordaintzen), soldata doatzu (doakizu) horretan.

2.    GALDERA: AUTOAREN 3 ALDE ON?
A.D.: ba hiru alde on kotxearenak dira: bat, bidai luzeak egin ditzakezula, eserita zoazela, bueno motoan ere bai baina azkenean estalita zoaz eta euria egiten duenean askoz erosoago da zergatik(an) ez zara bustitzen eta eguraldi txarra baldin badago hobeto zoaz kotxean motoan baino.
M.E.: eroaten dotzule (eramaten zaituela) batezbe (batez ere), jende gehiagogaz (gehiagorekin) ahal zarela joan eta egia esan ez deko (dauka) ez…

3.    GALDERA: ETA MOTOAREN 3 ALDE ON?
A.D.:motoan adibidez niretzako, erosoagoa dela motoan ibiltzea hirian. Gero sentsazioa ere bai niretzako oso inportantea da, zergatik azkenean motorrean askatasunaren sentsazio hori niretzako kristona da eta oso eroso sentitzen naiz motoan.
M.E.: bizkortasun gehiago emoten dotzu (ematen dizu), azkenean badakizu zelan ibilten direzan ez (nola ibiltzen diren ez), kotxearen albotik, danak adelantetan eta motoa ahal dozu aparkatu gure dozun (nahi duzun) lekuan

4.GALDERA: AUTOAREN ALDE TXARRAK?
M.E.: ordaindu behar dela aparkatzeko, leku gehiago behar duzula aparkatzeko, eztauela (ez dagoela)  leku askorik, batez be (batez ere) aparkatzearen kontua eta gero be (ere) ba denok goazela edo jende asko joaten dela kotxean Bilbora eta horrek azkenean egiten deu (egiten du) itzelezko trafikoa muntatzea.
A.D.: kotxearenak dira adibidez hirian ezin zarela ia ibili, asko tardatzen duzu lekuetara joaten, asko alteratzen zarela kotxean ibiltzerakoan.

5. GALDERA: ETA MOTOAREN ALDE TXARRAK?
A.D.: eguraldi txarrarekin ibiltzea askozaz zailagoa egiten dela ibiltzea eta  ere bai kotxeak ez zaituztela ondo ikusten, kolpe bat eduki dezakezula eta kontuz ibili behar da motoarekin.
M.E.: gutxiago, zuk bakarrik joan, edo zuk bakarrik edo beste bategaz (batekin) joan behar zarela, gehiago ez, bustitzen zarela euria egiten badau (badu), eta niretzako arriskutsuagoa, emoten deu (ematen du) behintzat  arriskutsuagoa dela.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2 / B1
Oct 28, 2015
Number: 2019590
Dialect:
  • Bizkaiera
  • Batua
Duration: 00:05:04
Number of visits: 10394