Aldizkari Digitala

Hotela, karabana, autokarabana...?

Hainbat arrazoi daude karabanan edo autokarabanan bidaiatzeko: leku batetik bestera ibiltzea erlojuaren menpe egon gabe, barraskiloen antzera etxea gurekin eramatea eta edozein momentutan tokiz mugitzeko erraztasuna izatea...

Bidaiatzeko modu bat da, “libreagoa” askorentzat eta pentsaera baten parte besteentzat. Europarren artean zabalduta dago. Nork ez du ikusi alemaniar edo frantziar bikote jubilatu bat euren autokarabanarekin? Gure artean ere gero eta gehiago gara aukera horren alde egiten dugunak, eta jada ez zaigu hain arraroa egiten horrelako ibilgailuekin bidaiatzea.

Karabanen eta autokarabanen salmentan aritzen da Ainara Etxarte. Bera Itsas Mendi enpresako komertziala da eta bere anaiarekin batera darama gurasoek sortu zuten enpresa: “Gurasoek duela 33 urte sortu zuten Itsas Mendi. Tolosako tailer batean lan egiten zuten, eta bertan karabana batzuk saltzen ziren. Handik dator gure enpresa”, azaldu digu Ainarak.

Euskal Herrian nabarmen egin du gora ibilgailu hauen erabiltzaileen kopuruak: “Hasierako urteetan oso gutxi saltzen ziren, baina pixkanaka salmenta hazten joan da. Gainera, urtez urte modeloak aldatzen doaz; beraz, 33 urtean ikaragarri aldatu da guztia”, adierazi digu. “Adibidez, guk lehen autokarabana edo karabana bakarra edukitzen genuen erakusgai. Orain, ordea, 10-15 modelo ditugu”, erantsi du.

Erosle-profil asko daude, Ainararen hitzetan: “Umerik gabeko bikote gazteak, familiak, jubilatzera doazenak eta denbora libre asko aurreikusten dutenak. Azken hauek gero eta gehiago dira. Gehienak lehendik kanpin munduan ibilitakoak dira, baina inoiz kanpinera joan ez direnak ere badaude”. Hala ere, Europa mailan egon daitekeen kultura eta hemen daukaguna ezin dira konparatu. Arrazoi nagusia hemen ibilgailu hauentzat dagoen azpiegitura falta da:  “Pixkanaka leku horiek sortzen ari bagara ere, badugu zertan hobetu. Frantzian adibidez, gaua bertan pasatu ahal izateko gune asko daude autokarabanentzat: kanpin-leku handiak, txikiak…, baina hemen oraindik oso leku gutxi ditugu”, azpimarratu digu Ainarak.

Karabana edo autokarabana, gure bidaietako etxea
Baina zein da karabanaren eta autokarabanaren arteko ezberdintasun nagusia? “Kanpinera joan behar badugu, karabanaz hobe da. Horrela, karabana bertan utzi eta autoz mugi gaitezke. Autokarabanak, berriz, askatasun handiagoa ematen du, kanpinean edo beste edozein lekutan geratzeko aukera dugu, baina, ogi bila ere joan behar badugu, autokarabana osoa mugitzera behartuta gaude, ez daukagulako ibilgailu txikiagorik”, esan digu Ainarak.
Bestalde, euskaldunon artean badugu beste bidaiatzeko modu bat: “Jende gazteak hemen furgonetan ibiltzeko joera handia du. Normalean pertsona hauek dira etorkizunean bidaiatzeko karabana edo autokarabana aukeratuko dutenak”, zehaztu digu Itsas Mendiko langileak.

Hemen gazte askok furgoneta erabiltzen dute.

Bidaiatzeko modu hau batez ere udan eman izan da, baina jada hori ere aldatzen ari dela azaldu digu Ainarak: “Neguan, jende askok eskiatzera joateko ere erabiltzen du eta garai batean hori pentsaezina zen, ez zituztelako gaur egungo gehigarriak”, zehaztu digu. Modu honetan, haurtzaindegi-garajeetan (karabana eta autokarabanak gordetzeko alokatzen dituzten lokaletan) denbora gutxiago edukitzen dituzte.

Europan etxeak lagunei uzteko ohitura handia dago eta karabanarekin edo autokarabanarekin ere gauza bera egiten dute: “Hemen asko kostatzen zaigu norbaiti uztea, zerbait hausteko beldur garelako. Kontu delikatua egiten zaigu. Azkenean, etxe baten antzekoa da eta hori uztea…”, kontatu digu Ainarak.
Eta zuk, karabanan edo autokarabanan bidaiatzen duzu? Edo furgonetan? Edo nahiago duzu hotelera joan?
 

Hemen duzu Itsas Mendiko Ainara Etxarteri egindako elkarrizketa.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Itsas Mendin zer aurki genezake?
Salmentari dagokionez, gure helburua izaten da pertsona berri bat etortzen denean, bueno, dauzkan zalantzak argitzea eta laguntzea pixka bat bere beharrei dagokien, bere oporraldien beharrei dagokien karabana edo autokarabana erosteko ahal diren aholku hoberenak, ahal direnak edo guri iruditzen zaizkigunak zuzenak ematen. Gero, tailerrari eta dagokionez, autokarabana bati edo karabana bati jarri dakizkioken antenak, toldoak, aire girotuak, “moberrak”… edozein tramankulu jartzea edo bueno, leiho bat apurtu zaigula edo erreparazioak eta aldaketak egitea.

Noiztik ari zarete lanean?
30 urte darama(ki)gu… Bueno, darama(ki)te gure aita-amak mundu honetan. Orain anaia eta ni gaude beste lankide batzuekin lanean bertan, eta bueno egiten duguna da bertan lagundu eta disfrutarazi etortzen den jendeari.

Krisia nabaritu al duzue?
Ba bai nabaritu da, mundu denean bezala. Baina jende askori karabana edo autokarabana eroste horren esfortzua gero ematen dion bizipoza esango genuke, ez dakit konpentsatzen dion ziurrenik… Zergatik? Jende askok esfortzu handi hori egiten du.

Zein da zuen bezeroen perfila?
Bezeroen artean dauzkagun perfilak oso desberdinak dira: bikote gazteak; bikote gazteak ume txikiekin, ez hain txikiekin; jubilatuak; jubilatzeko daudenak, orain jada beren denbora librea mugagabea izango den horri edo bueno, beraiek esaten dute gure azken urte hauek ahal den eta gehien aprobetxatzeko eta disfrutatu ahal izateko. Bueno badaukagu batzuk karabana hartzen dutenak beti karabanan ibili direlako eta oso gustura, eta bueno beste askok bidaiatzeko grina horrekin autokarabanetan ibiltzen direla eta bueno, badauzkagu bat baino gehiago hartu eta bi edo hiru hilabete pasatzen dituztela hemengo neguari ihes egiten, Murtziara joanda, Valentziara edo Marruecos-era (Marokora) joaten direnak hemengo negutik ihes ere badauzkagu.

Zergatik karabanan edo autokarabanan bidaiatu?
Dauzkagun asteburu motzak kontuan hartuta, oso gustura ibiltzen gara autokarabanan. Hemen inguruan Euskal Herrian, 100 kilometro gehienez eginda, bizikletan, umeekin parkean eta askoz gehiago ez dugu eskatzen… Bueno, askatasun hori izatea. Uda iristen denean, askotan pentsatu izan dugu kanpinean… Kanpinera joaten gara askotan, umeak oso gustura ibiltzen dira bertan eta igual karabana batean oso ondo egongo ginela….
Baina bueno, bi gauzekin ibiltzea oso zaila denez, autokarabanan joaten gara eta gero, guk gure bizikletekin, transporte publikoarekin bai autobusa bai trena eta mugitzen gara han inguruan.
Eta jendeari zer… Niri behintzat ematen didan askatasuna, goizean goiz atea ireki eta bueno, umeak kalean ikustea disfrutatzen inongo… Bueno beraien bainujantzia jantzita goizean goizetik eta gaua arte, bueno ba kirola egiten ikustea, jokuak, kale bizitza hori bizitzea… Niretzat ez dauka, ez dago dirurik hori ordaintzeko.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Jun 11, 2015
Number: 1902127
Duration: 00:04:05
Number of visits: 10176