Aldizkari Digitala

Iñaki Artola: "Argi daukat oraindik hasi besterik ez naizela egin"

Pilotaririk onenak nafarrak dira oraindik, baina badirudi gipuzkoar onak gatozela.

Iñaki Artola (Alegia, 1994) esku huskako pilotari profesionala, filosofiako ikaslea eta bertsolari afizionatua da. 2014ko ekainaren 28an debuta egin zuen lehen mailan, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta orduz geroztik ibilbide oparoa egiten ari da: Promozio Txapelketako Lau Eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen eta azken Binakako Txapelketa Nagusian, Albisu atzelariarekin, finalerdietara iritsi da. Asegarceko pilotari gaztearen hurrengo erronka Buruz Buruko Txapelketa Nagusia da. Alegiarra gazte hasi da pilotari handiekin jokatzen, baina argi dauka oraindik hasi besterik ez dela egin. Berarekin elkartu gara umetan lehen txapela irabazi zuen pilotalekuan, Alegiako frontoian.

Pilota, bertsoa eta filosofia dira Artolaren afizio kuttunak.

Noiz hasi zinen pilotan? Txikitatik argi zeneukan pilotaria izan nahi zenuela?
5 bat urterekin edo hasi nintzen pilotan. Pilotan bakarrik ez, hasieran futbolean eta gainerako kiroletan ere ibiltzen nintzen, baina nire anaia pilotan ibiltzen zen, eta nik uste gehienbat bere eraginez joera gehiago izan dudala pilotarako beti.

Aurretik, atletismoan eta futbolean ere ibilia zara... Kirol horietan ikasi edo entrenatutakoa ongi etorri  zaizu pilotari izateko?
Bai, egia esan, oso-oso ondo etorri zait. Kadete-mailan jokatu bakarrik egiten genuen pilotan, prestaketa fisikoak oraindik ez genituen batere egiten, eta futbolean aritzeak alderdi horretatik lagundu egiten zidan. Pilotan nola egin luzaketa-ariketak edo nola berotu... horrelako gauzak apenas ikasten genituen eta nik gauza horiek guztiak futbolean eta atletismoan ikasi ditut. Nire lehenengo prestaketa fisikoa izan zen, eta esan liteke atletismoaren aitzakiarekin egin nuela.

Momenturen batean pilota alde batera utzi eta horietakoren batean jarraitzea pentsatu al zenuen?

Futbola dezente gustatzen zitzaidan bolada bat izan nuen 16 bat urterekin, eta atletismoan ere, ikusi nuenean zerbait lortu nezakeela, nire duda txikia eduki nuen, baina, egia esan, ez zidan asko iraun. Beti kontatu izan dut, Atletismoko Espainiako Txapelketara Bartzelonara joan nintzenean, etorritakoan, Gartzaronen, Nafarroako herri txiki batean, pilotako finala neukala burutik ezin kendu denbora guztian, eta, nahiz eta han Espainiako bigarren geratu eta oso ongi ibili, nire kezka pilotako final hori zela. Pentsa.

Hasiera batean atzelari izate horrek zerbaitetan lagundu al dizu?
Txikitan, bikoteko onena normalean atzelaria izaten da. Adin horretan atzelariak askoz pilota gehiago jotzen ditu eta aurrelaria bere lagunari begira egoten da gehiago. Nire bikotea baino hobea izaten nintzelako normalean, ia zuzenean jartzen ninduten atzean, baina txikitatik telebistan aurrelariei begiratu izan diet beti, aurreko joko hori beti iruditu izan zait  saltseroagoa, politagoa, eta horretan ere ez nuen duda handirik izan. Egia da, jende dezentek atzean segitu behar nuela esan zidala, eta batzuei pixka bat kontra egin behar izan diet... Egia esan, ez naiz damutzen hartu nuen erabakiaz. Izan ere, non garen onenak kontu bat da, zer datorkigun ondoen, baina inportanteena gusturago non ibiltzen garen da. Nik aurrelari gozatzen nuen gehien; hori aukeratu nuen, ez dut jakingo inoiz, atzelari izatea aukeratuz gero, nora iritsiko nintzen; baina, tira, gustura nabil eta ez naiz damutzen.

Kadete mailan atzelari aritzen zen, baina bere ametsa aurrelari izatea zenez, aldatzea erabaki zuen.

Atzealdeko frontoia marka-marka eginda dago. Pilota-partida dezente jokatuko zenituen hemen zuk...
Bai, bai. Gainera urtero kale honetako festetan, Kaleberako festetan, txapelketa bat egiten da, eta nire lehenengo txapela hemen irabazi nuela esan beharra dago.

2014ko ekainaren 28an debutatu zenuen, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zer oroitzapen gordetzen duzu?
Egun hura nahiko zaila izan zen niretzat. Ilusio ikaragarria neukan eta justu pare bat egun lehenago gaixotu egin nintzen. Sukarrarekin egon nintzen eta ia aurreko egunera arte jokatuko nuen edo ez ere ez nekien ziur. Oso urduri pasa nituen aurreko egunak, partidara bertara ere kezka askorekin joan nintzen, ez nekielako nola erantzungo nuen. Eztulka hasten nintzen, nekea ere gehiago sentitzen nuen..., baina azkenean ez nuen hain partida txarra ere egin. Nahiko txukun aritu nintzen; uste dut partida salbatu nuela nolabait; 17 tanto behintzat egin genituen. Polita ondorengo afaria izan zen; partida ez zen hain polita izan, baina gero lagunekin ospatu genuen, parrandatxoa ere egin genuen eta azkenerako egun polita izan zen.

Orduz geroztik ibilbide oparoa egiten ari zara. Promozio Txapelketako Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi duzu eta oraintxe bukatu berri den Binakako Txapelketa Nagusian, Albisurekin, finalerdietara iritsi zara. Gustura al zaude orain arte egindakoarekin?
Bai, orain arte egindako ibilbidearekin gustura nago. Beti edukitzen dira damu txikiak, baina nik uste dut bizitzan aukera guztiak ez ditugula aprobetxatzen eta tira. Oro har, gustura nago egindako lanarekin. Egia esan, debutatu aurretik ez nuen pentsatzen hain azkar horrelako lorpenak edukiko nituenik. Bigarren mailan parte hartu nuenean, lehenengo txapelketa irabazi egin nuen, eta lehenengo mailako binakako txapelketan finalerako lehian hortxe ibili gara. Egia esan, dena uste baino azkarrago eta hobeto izan da. Egindakoarekin nahiko konforme nago.

 

Duen kolpe indartsuarengatik nabarmentzen da Iñaki (Argazkia: asegarce.com)

Eta hurrengo erronka, zein duzu?
Hurrengo erronka oraintxe hasiko den Buruz Buruko Txapelketa da. Lehen esan dizudan bezala, txikitatik nire modalitaterik gustukoena, edo hobekien eman zaidana, Buruz Burukoa izan da, eta ilusio dezente daukat txapelketa horretan jarrita. Hala ere, azkenaldian eskua justu xamar daukat. Ea partidaren egunerako ongi jarriko zaidan da nire kezka, baina zaintzen ari naiz, errekuperatzen saiatzen, eta espero dut ondo jarriko dela txapelketa hasterako.

Pilotari filosofo bakarra zara eta filosofo pilotari bakarra... horrela al da?
Filosofoarena... Niri filosofo deitzen didate, baina filosofia ikaslea naizela esatearekin ere konformatzen naiz. Gainera, pilotarien artean filosofiako ikaslea bakarra naiz, baina filosofiarako joera daukaten pilotariak asko daude, eta zenbaitetan oso eztabaida politak izaten ditugu aldageletan... (kar, kar, kar)

Zer moduz daramazu jarraitzaileen kontua?

Bai, bizitza azkeneko pare bat urteotan dezente aldatu zait. Pilotari moduan mailaz lehengo berdintsua izaten segitzen dudala sentitzen dut, ez naizela asko hobetu; baina telebistak ematen duen oihartzun horrek asko aldatzen du bizitza. Herri handietan ez, baina herri txiki euskaldunetan jendeak normalean ezagutu egiten nau, eta nik ongi daramat hori; ez dut esango gustatzen ez zaidanik. (Kar, kar) Egia da denborarekin nazkatu egiten duela eta pilotan jada urte dezente daramatenak saiatzen direla jenderik ez dagoen tokietara joaten, aspertu xamarrak daude eta. Gelditzen nautenekin kontuak esaten aritzea niri oraingoz gustatu egiten zait.

Herriko gazteek berarekin pilotan jolastu nahi izaten dute.

Zure lagunek ez omen dute partida bakar bat ere galtzen...
Alde horretatik beti eduki dut babes handia. Ez profesionaletan bakarrik, afizionatu mailan ere lagunak beti joaten ziren edozein final eta fianlerdia ikustera, kamiseta jarrita. Egia esan, oso eskertuta nago inguruko jendeari.

Orain arte pilotari gehienak nafarrak dira, baina pilotari gipuzkoar onak bazatozte...
Gipuzkoako pilotazaleak partidak ikustera joateko lehen mailako pilotari batzuk ateratzea nahi zutela ematen du. Oraindik goiz da gipuzkoar onak badatozela esateko; oraindik onenak nafarrek izaten segitzen dute eta gu hasi bakarrik egin gara... Baina datozen urteetan pilotari gipuzkoar onak egongo diren zantzuak daudela ematen du. Gipuzkoarrok zeinen alde jartzeko aukera edukiko dugu.

Irujo, Olaizola, Bengoetxea, Barriola… Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Testigua hartzeko prest?
Oraindik horretan pentsatzea gehitxo pentsatzea dela uste dut. Hasi bakarra egin dugu, nahiz eta ondo hasi garen. Haiek ere gure moduan hasi zirela ematen du eta akaso guk ere haien pauso igualtxoak eman genitzakeela, baina oso goiz da hori esateko. Nik garbi daukat lan asko egin beharra dagoela horien mailako pilotaria izatera iristeko. Oraindik on horien hamarretik bat ere ez dugu egin. Egia da jende askok daukala, bai nirekin, bai Altuna amezketarrarekin, bai Iribarria ordiziarrarekin... gipuzkoar batzuengan konfiantza, baina ez dago inoiz jakiterik. Orain arte zenbait kasu izan dira oso pilotari onak zetozela ematen zutenak, eta, azkenean, espero zena izan ez direnak. 20 urterekin lehenen mailan hasi eta 26 urterekin enpresak kanporatu izan dituenak eta, nik jende horren esperientzia ere oso presente daukat. Badakit ez dagoela ezer lortuta eta uste dut oso umil aritu beharra dagoela.

Pilotari moduan zein da zure ametsa?
Lehenengo mailako txapel handi horiekin amesten dut. Gehienbat Buruz Buruko txapelarekin. Pilotari gehienok umetatik horrekin amesten dugula uste dut: Izan ere, buruz buruko txapelduna da urte guztian kamiseta gorriarekin jokatzen duena, kamisetan txapel baten irudia daramana... Txapelduna hari deitzen zaio eta amestu, egia esan, horrekin amesten dut. Badakit oso zaila izango dela; baina, aldi berean, egunen batean gure adineko bat izango dela irabaziko duena ere pentsatzen dut, eta, neure buruari aukerak ikusten dizkiodanez, saiatzeko gogoz nago.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Bueno ba ni 5 bat urterekin edo hasi nintzen ia pelotan. Pelotan bakarrik ez, hasieran futbolean eta gainontzeko kiroletan ere ibiltzen nintzen. Baina, nire anai zaharra pelotan ibiltzen zen eta nik uste gehienbat bere eraginez beti joera gehiago izan dudala pelotarako. Eta orduan, igande goizetan eta gu etxekook beti pelotan ibiltzera joaten ginen eta gainera nire lehenengo pelotako entrenatzailea nire anai zaharra izan zen eta orduan bere eraginez gehienbat ba beti pelotan ibili izandu naiz gehienbat.

Aurretik atletismoan eta futbolean ere ibilia zara... Kirol horietan ikasi edo entrenatutakoa ongi etorri al zaizu pilotari izateko?
Egia esan, oso-oso ondo etorri zait. Gu, gainera, pelotan kadetetan eta oraindik pelotan jokatu bakarrik egiten genuen, prestaketa fisikoak oraindik ez genuen batere egiten eta futbolak-eta niri alderdi horretatik lagundu egiten zidan eta gainera pelotan ba, adibidez, nola estiratu, nola berotu holako gauzak apenas ikasten genituen eta nik gauza horiek futbolean eta atletismoan ikasi nituen, eta nire lehenengo prestaketa fisikoak eta esan liteke ba atletismoaren aitzakiarekin egin nituela.

Momenturen batean pilota alde batera utzi eta hauetakoren batean jarraitzea pentsatu al zenuen?
Ba 16 bat urterekin eduki nuen bolada bat futbola dezente gustatzen zitzaidana eta atletismoan ere ikusi nuenean “joe zerbait egin nezake”, nire duda txikia eduki nuen. Bueno ba ez zidan asko iraun. Eta honekin lotuta beti kontatzen dut ni Bartzelonara joan nintzenean Atletismoko Espainiako txapelketara, denbora guztian buruan eduki nuela etorritakoan Gartzaronen, Nafarroako herri txiki batean, pelotako finala neukala. Eta nahiz eta han Espainiako bigarren geratu eta oso ongi ibili ginen eta zera, nire kezka bestea zen, final hori zen.

Kadete mailara arte atzelari izan zinen eta orain berriz aurrelaria zara. Zerk eraman zintuen aldaketa hori egitera?

Ba txikitan gertatzen dena da, bikoteko onena normalean atzelaria izaten dela. Zeren adin horretan atzelariak askoz pilota gehiago jotzen ditu eta aurrelaria normalean gehiago egoten da bere lagunari begira. Eta ba orduan ba ni normalean nire bikotea baino hobea izaten nintzelako ba ia zuzenean atzetik jartzen ninduten, baina ni beti telebistan eta fijatu izan naizen pilotariak, aurrelariak izan dira, aurreko joko hori beti iruditu izan zait saltseroagoa, politagoa eta horretan ere ez nuen duda handirik izan. Bai egia da jende dezentek esan zidatela atzetik segi behar nuela eta batzuei pixka bat kontra egin behar izan niela, entrenadoreei eta, eta geroztik egia esan ez naiz damutzen hartu nuen erabakiaz. Zeren gauza bat da non zaren onena edo zer datorkizun ondoen, baina inportanteena da gustuena non ibiltzen zaren, nik aurrelari gozatzen nuen gehien, hori aukeratu nuen, ez dut jakingo inoiz atzelari izatea aukeratuz gero nora iritsiko nintzen, baina, bueno, gustura nabil eta ez naiz damutzen.

Hasiera batean atzelari izate horrek zerbaitetan lagundu al dizu?

Eta atzelari ibiltzeak lagundu… Nik uste baietz, dezente lagundu didala. Gainera, nire modalitaterik gustukoena buruz burukoa izan da, frontoi guztiko buruz burukoa, eta, adibidez, sakeak errestatzeko garaian, edo pilotazoa atzetik 7. koadrotik edo 8. koadrotik jotzeko garaian nik ez dut sekula arazorik izan eta nik uste parte handi batean dela lehen atzelari ibiltzen nintzelako eta toki horietatik pilota jotzen ere ohituta nagoelako.

Atzealdeko frontoia marka-marka eginda dago. Pilota-partida dezente jokatuko zenituen hemen zuk...
Bai, bai umeak eta hemen eguraldi onarekin ibiltzen dira. Eta gainerako urtero egiten da txapelketa bat kale honetako festetan, Kaleberako festetan. Eta nire lehenengo txapela esan beharra dago hemen irabazi nuela, nire lagun baten gurasoak antolatzen dute txapelketa bat, txapelketa xume bat herriko umeekin eta nire lehenengo txapela hemen lortu nuen.


2014ko ekainaren 28an debutatu zenuen, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zer oroitzapen gordetzen duzu?
Egun hura izan zen bastante zaila niretzako. Zeren ilusio ikaragarria neukan eta justu pare bat egun lehenago gaixotu egin nintzen. Kalenturarekin egon nintzen ta kasi aurreko egunararte ez nekien ziur jokatuko nuen edo ez ere, eta orduan oso nerbioso pasa nituen aurreko egunak, partidura bertara ere kezka askorekin joan nintzen ez nekielako nola erantzungo nuen, eztulka hasten nintzen, nekea ere gehiago sentitzen nuen, baina bueno azkenean ez nuen hain partidu txarra ere egin, nahiko txukun aritu nintzen, uste dut partidua salbatu nuela nolabait ere, 17 tanto behintzat egin genituen, eta, bueno, polita izan zena ondorengo afaria, partidua ez zen hain polita izan, baino gero lagunekin ospatu genuen, "parrandilla" ere bota genuen eta egun polita izan zen jeneralean.

Gustura al zaude profesionaletan egiten ari zaren ibilbidearekin?
Bai, orain arte egindako ibilbidearekin gustura nago. Beti edukitzen dituzu zure damu txikiak eta, baina nik uste bizitzan aukera guztiak ez ditugula aprobetxatzen. Horiek beti daude eta orohar gustura nago egindako lanarekin. Eta, gainera, egia esan, debutatu aurretik ez nuen pentsatuko hain azkar horrelako lorpenak egingo nituenik, lehenengo txapelketan bigarren mailan parte hartu nuenean irabazi egin nuen, eta binakako txapelketan orain ere lehenengo mailan finalera ez gara iritsi baina finaleko lehian hortxe ibili gara, eta, egia esan dena uste baino azkarrago, hobeto ari zait gertatzen eta orain arte egindakoarekin nahiko konforme nago.

Zein da datorren erronka?

Oraintxe hasiko den txapelketa, Buruz Buruko txapelketa. Lehen esan dudan bezala, Txikitatik nire modalitaterik gustukoena edo hobekien eman zaidana, behintzat, mano-manokoa izan da eta ilusio dezente daukat txapelketa horretan jarrita. Hala ere, azkenaldian eskua daukat juxtu xamar, hori da nire kezka ea partiduko egunerako jarriko zaidan, baina bueno ari naiz zaintzen, errekuperatzen saiatzen, eta espero dut ondo jartzea txapelketa hasterako eta nire maila ematea.

Zein da zure eguneroko bizitza? Nola bizi da pilotari bat?
Bueno ba, pelotariok beti izan dugu nahiko alper fama eta golfo fama. Igual orain arte, beste kiroletan baino gutxiago entrenatu izan garelako eta elikadurari ere kasu gutxiago egin diogulako eta gauza asko, baina, bueno, hori denborarekin aldatzen ari da. Orain kasi egunero entrenatzen gara, ez profesionalak bakarrik afizionatu puntakoak ere jada kasik egunero entrenatzen dira eta nik badaramakit pare bat urte fisikoa ez bada frontoiko lana egunero entrenatzen. Orduan, astero gutxi gorabehera egiten ditugu bi edo hiru entrenamentu prestaketa fisikoarenak eta gero beste bat-edo pelotan eta gero partidua. Gero eskupelotan pasatzen dena da, pelotan nahi adina ibiltzerik ez daukazu eta, asko ibilz gero, eskuak mintzen dira eta orduan astean pare bat aldiz pelotan eta horixe hiru bat aldiz prestaketa fisikoa edo mendira joan korri egitera. Normalean, Tolosako frontoian, Beotibarren, entrenatzen dugu (...) Ni 16 bat urterekin, gainera, hasi nintzen tolosako pelota-eskolakarekin entrenatzen, eta geroztik gehien ibili naizen frontoia Tolosakoa da.

Pilotari filosofo bakarra zara eta filosofo pilotari bakarra...
Bai, bueno filosofoarena esan duzuna, niri filosofoa deitzen didate baina Filosofia-ikaslea esatearekin ere konformatzen naiz. Gainera, egia da, bai, Filosofia-ikasle pilotari bakarra naiz, baina filosofiarako joera daukaten pilotariak asko daude eta oso eztabaida politak izaten ditugu batzuetan aldageletan ere batzuetan.

Gero egin didazun galdera, ikasketarekin zer moduz eraman dezakedan pilotaren rolloa, ba bueno orain arte nahiko ongi daramakit, gero gainera filosofiaren karrera ez da gehiegi exijitzen den karrera bat, ez da injieneritza bat edo medikuntza ikastea bezala, gainera ulertzen dute nola pelotan nabilen, denbora sobrante ez daukadala eta alde horretatik erraztasunak ematen dizkidate eta nahiko ongi daramat. Klaseetara ezin izaten dut joan, gero aparte arratsaldetan aritu behar izan dut nire kontura irakurtzen-eta, baina, bueno, gustura ari naiz, asko gozatzen dut filosofia ikasten. Hori izan da betidanik gustatu izan zaidan beste gauza bat eta aurrera.

Zer moduz daramazu jarraitzaileen kontua?
Bai, bizitza azkeneko pare bat urteotan dezente aldatu zait alde horretatik. Nik sentitzen dut pilotari bezala mailaz lehengo igualtsua izaten segitzen dutela ez naizela asko mejoratu, baina aldiz telebistak ematen dizun oihartzun hori eta, horrek asko aldatzen dizu bizitza. Herri handietan eta ez baina herri txiki euskaldunetan jendeak normalean ezagutzen zaitu eta bueno nik ongi daramat, ez dut esango gainera, gustatzen ez zaidanik. Egia da jendea denborarekin nazkatu egiten dela eta pilotari onak jada urte dezente daramatenak saiatzen dira jenderik ez dagoen tokietara joaten, nazkatuta daudelako. Baina bueno, niri oraingoz gustatzen zait, gelditzen zaidan edozeinekin kontuak esatea, nahiz eta pelma xamarrak ere tartean egoten diren, gainera nik uste gauza batzuetarako lagundu egiten duela.

Orain herriko haurrek zu bezalakoa izan nahiko dute...
Ez dakit ni bezalakoa izan nahiko duten, baina bueno. Egia da, nik gainera ez dakit zenbat jende dabilen pelotan baina nik antzematen dutena da azkenengo urtebete honetan herrian jende gehiago dabilela pelotan, bai neskak eta bai mutilak, eta eskupilotan halako boom bat eman diola herri honetan ni profesionala ateratzeak eta emaitza onak eta lortzeak. Ze futbolak ere adibidez indar handia dute, badaude beste kirol batzuk, adibidez saskibaloia, eskubaloia... bezalakoak indar handia daukatenak. Azken aldian pilota hemen inguruan behintzat hori kontra egiten ari zaio, ume asko ari dira pelotan, nik uste Tolosaldea mailan guk funtzio hori betetzen dugula, kontziente naiz horretaz, eta bueno umeak pelotan apuntatzera animatu daitezen balio badu guk egiten dugunak ba gustura.

Zure lagunek ez omen dute partidu bakarra ere galtzen...
Nik alde horretatik beti eduki dut babes handia. Ez profesionaletan bakarrik, afizionatuetan ere lagunak beti joaten ziren edozein final eta semifinal ikustera kamiseta jarrita eta ni alde horretatik oso eskertuta nago inguruko jendeari.

Pilotari gipuzkoar onak bazatozte...

Ematen du Gipuzkoako pilotazale jendeak nahi zuela lehen mailako pilotari batzuk ateratzea partiduak ikustera joateko eta denak nafarrak eta izan ez zitezen, eta nik uste oraindik goiz dela esateko gipuzkoar onak badatozela, ze oraindik onenak nafarrak izaten segitzen dute orohar eta gu hasi bakarrik egin gara baina bueno, ematen du badaudela zantzu batzuk pentsatzeko datozen urtetan pilotari gipuzkoar onak egongo direla eta gipuzkoarrak zeinen alde jartzeko aukera edukiko dutela.

Irujo, Olaizola, Bengoetxea, Barriola… Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Testigua hartzeko prest?
Bai baina nik uste oraindik horretan pentsatzea gehitxo pentsatzea dela. Hasi bakarrik egin gara, ondo hasi gara, ematen du haiek ere gure moduan hasi ziren eta akaso haien pausu igualtsuak eman genitzakeela guk ere, baina oso goiz da hori esateko. Nik garbi daukat, bueno garbi daukat lan asko egin beharra dagoela horien mailako pilotaria izatera iristeko, oraindik ez dugu egin onen horien 10etatik 1 ere, eta egia da jende askok daukala bai nirekin, bai amezketar Altunarekin, ordiziar Iribarriakin, gipuzkoar batzuekin baina ez dago jakiterik. Izan dira kasu asko, oso onak zetozela ematen zutenak eta azkenean ba espero zena izan ez direnak, eta igual 20 urterekin lehen-mailan hasi eta 26 urterekin enpresatik kanporatu dituztenak eta nik jende horren esperientzia ere oso presente daukat, badakit oraindik ez dagoela ezer lortuta eta uste dut oso umil aritu beharra dagoela oraindik.

 Pilotari moduan zein da zure ametsa?
Ba nik amesten dut, lehenengo mailako txapel handi horiekin, ezta? eta gehienbat mano-manoko txapelarekin. Nik uste dut pilotari gehienok umetatik horrekin amesten dugula, ze mano manoko txapelduna da urte guztian kamiseta gorriarekin jokatzen duena, hemen txapel baten irudia daramana, txapelduna hari deitzen zaio eta amestu egia esan horrekin amesten dut. Badakit oso zaila egongo dela baina bueno, baita ere aldi berean pentsatzen dut egunen batean irabaziko duena gutako bat izango dela, nire adintsuko bat izango dela eta aukerak ikusten dizkiot nire buruari eta saiatzeko gogoz nago.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 5, 2015
Number: 1872055
Number of visits: 10719