Aldizkari Digitala

Galileo Galilei

1564ko otsailaren 15ean jaio zen Galileo Galilei, italiar filosofo, fisikari eta astronomoa.

Galileo Galilei astronomo, matematikari, fisikari eta filosofoa izan zen. Bere aurkikuntzei esker posible izan zen Errenazimentuan gertatu zen iraultza zientifikoa, eta, askoren ustez, astronomia eta fisika modernoaren aita da.

 

Kopernikoren teorien alde egin zuenez, azkenean Eliza Katolikoaren presioarekin topo egin zuen.


Pisan (Italian) jaio zen, 1564ko otsailean. Lehenengo ikasketak bere aitak eman zizkion, Vincenzo Galilei izeneko musikari eta matematikariak, eta berak bultzatuta hasi zen medikuntza ikasten. Baina Galileori matematika gustatzen zitzaion; Pitagoras, Platon eta Arkimedes ikasten zituen, garai hartako irakasle eta joera aristotelikoen kontra.


Oso gaztea zela hasi zen zientifikoen artean nabarmentzen, eta Pisako unibertsitateko irakasle-lanpostua lortu zuen, baina Paduako unibertsitatera joan behar izan zuen Inkisizioaren presiotik ihesi. Han zegoela, aurkikuntza handiak egin zituen: ur-ponpa berri bat, uniformeki azeleratutako higiduraren legea, termoskopioa (gero termometroa bilakatu zena), izar berri bat…


Teleskopioaren sorrera
1609an, bere ikasle batek komentatu zion urrutira ikusteko tresna bat asmatu zutela Holandan. Urte horretan bertan, Veneziako San Marko plazan bere teleskopio famatuaren aurkezpena egin zuen Galileok, eta bertaratutako guztiei 2,5 kilometrora zegoen Murano uhartea erakutsi zien. Horrekin, Paduako unibertsitatean behin betiko lanpostua lortu eta bere egoera ekonomikoa hobetu zuen.


Oso denbora gutxian aurkikuntza ugari egin zituen: Esne Bidea, Orion, izar-kumuluak, Saturnoren eraztunak, Artizarren aldiak eta Eguzkiaren mantxak; baina, batez ere, konturatu zen Jupiterren lau sateliteak bere inguruan zebiltzala jiraka. Aurkikuntza guztiak Sidereus Nuncius izeneko liburuan argitaratu zituen, eta horrek aristoteliko guztiak bere kontra jartzea ekarri zuen, haien zientzia koloka gelditzen baitzen.

 


Erasoak gero eta handiagoak ziren. Hala ere, Galileok jarraitzen zuen Kopernikoren teoria eta Lurraren mugimendua defendatzen, baina, 1616an, Ofizio Santuak teoria kopernikanoa kondenatu egin zuen. Horren ondorioz, Galileok bere teoriak hipotesi gisa aurkeztu behar zituen, ez frogatutako zerbait bezala, baina ez zuen horrelakorik egin, eta bere etsaiek gero eta gogorrago erasotzen zioten.


Kartzela-zigorra
Lanean jarraitu zuen, eta, gaixotasun larri bat gainditu ondoren, hiru urte eman zituen Munduko bi sistemei buruzko elkarrizketa idazten eta zentsura pasatzeko moduan aurkezten, sistema geozentrikoa zeharo baztertzen baitzuen. Lan hori 1632an argitaratu zuen.
Iraultza eta eskandalua izan zen, eta, bere obra guztia debekatzeaz gain, bizitza osoko kartzela-zigorra ezarri zioten. Azkenean, zigorra hiru urtez otoitz egin eta etxetik ez urrutiratzera mugatu zen.


Galileo 1642an hil zen, 78 urte zituela, eta azken egunera arte lanean jarraitu zuen, ikaslez inguratuta.
 

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 3, 2015
Number: 1801580
Number of visits: 10730