Aldizkari Digitala

Nestor Basterretxea: Lehen oroimenaren pisua

Koldo Mitxelena Kulturuneak Nestor Basterretxearen lanaren erakusketa prestatu du. Publizitateko marrazkigintzatik hasi eta 1950eko hamarkadan eskulturan murgildu zen arteko lanak ikus daitezke bertan.

 

“Nik beti esan izan dut geure burua ezagutzeko lan egiten dugula, geure burua neurtzeko" 
 
Nestor Basterretxea
 
Koldo Mitxelena Kulturuneak Nestor Basterretxearen lanaren erakusketa prestatu du. Publizitateko marrazkigintzatik hasi eta 1950eko hamarkadan eskulturan murgildu zen arteko lanak ikus daitezke bertan. 153 artelan denera. Gehienak jendaurrean inoiz erakutsi gabeak. Hauetariko 14 koadro, Argentinan margotutako gurutze-bidearen irudiak dira. Pintura hauez gain, kartelak, argazkiak, altzarien diseinuak, collageak, marmolean eta enborrean landutako erliebeak eta zeramikazko ontziak ikus ditzakegu.
 
Nestor Bermeon jaio zen, 1924an eta 2014an hil zen Hondarribian. Gaztetan, Espainiako Gerra zela eta, Argentinara ihes egin zuen gurasoekin. 1952an Euskal Herrira itzuli zen. Ameriketan igaro zituen urteetan, pintura eta marrazkigintza jorratu zituen. Atzerrian sortu zitzaion arkitekturarako zaletasuna. Berak zioen lerroak planoan gauzatzeko abenturak eta misterioak erabat liluratzen zutela. Euskal Herrira bizitzera etorri zenean ekin zion eskulturgintzari.
 
 Nestor Basterretxea lanean
Nestorren artegintza oso anitza izan da. 50eko hamarkadaren bukaeran, Equipo 57 taldeko kide izan zen, 1961ean, São Pauloko VI. Bienalean Espainiaren ordezkari. Fernando Larruquert-ekin batera Pelotari (1964) eta Ama Lur (1968) filmak egin zituen. 1966an Nestor Basterretxeak, Jorge Oteizak, Remigio Mendiburuk, Jose Luis Zumetak, Eduardo Chillidak, R. Ruiz Balerdik, Amable Ariasek eta Jose Antonio Sistiagak Gaur taldea osatu zuten.
 
Basterretxeak zioen Euskal Kosmogonia deituriko eskulturak zirela bere artegintzaren bizkarrezurra. 1972an, Joxemiel Barandiaranen idazlanak irakurri ondoren, antzinako mitoen sinbologia irudikatu zuen egurrean. Euskal Kosmogonia eta hilarriak dira bere sormenaren emaitzarik garrantzitsuenak. Kosmogoniaren sinbolo hauek Bilboko Arte Eder museoan daude. Gaur egun, Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai dauden miniaturak jatorrizkoen erreprodukzioak dira. Basterretxea abangoardiako hizkuntzaz baliatu zen euskal tradizioa eta mitologia irudikatzeko.
 
 Intxixu, 1973
Basterretxeak, erakunde abertzaleen laguntzari esker, herri-lan ugari dauzka kokatuta Euskal Herriko txoko ezberdinetan: Arriarango urtegian, Pasai San Pedroko kaian, Arantzazuko bidean, Euskal Legebiltzarrean, Donostiako Euskadi plazan, Bermeon ...
 
Erakusketa hau Koldo Mitxelena Kulturunearen areto nagusian egongo da ikusgai 2015eko otsailaren 14ra arte.
 
 
 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jan 16, 2015
Number: 1787659
Number of visits: 7516