Aldizkari Digitala

Andres Urdaneta, Itzulbidaiaren aurkitzailea

Nabigatzaile handia izan zen, eta oso bidaia garrantzitsuak egin zituen, baina Itzulbidaiaren aurkikuntzak eman zion ospea mundu osoan.

Andres Urdaneta Ordizian (Gipuzkoan) jaio zen, 1508an, jatorri nobleko familia batean. Aita Ordiziako alkate izan zen, eta amaren aldetik Miguel Lopez Legazpiren ahaide egiten zen.

1525ean, 17 urte zituela, Moluketara eginiko espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen, Juan Sebastian Elkano getariarrarekin batera. Elkano bidaia horretan hil zen, eskorbutoak jota, eta Urdaneta, zauriak eta portugesekin borroka luzeak jasan ondoren, 26 urterekin itzuli zen.

Gero, urteak eman zituen Espainia Berriko probintzian (Ipar Amerikan), ardura politiko handiko postuetan, baina, 45 urte zituela, inguruen harridurarako, fraide sartu zen, Mexikon.

Garai hartan Felipe II.ak Filipinak menderatu nahi zituen, eta, horrela, Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatu. Horretarako, ordea, arazo bat zegoen: itzultzeko bide bat aurkitu behar zuten. Izan ere, joateko ez zuten arazorik, baina itzultzeko saiakeran aurreko bost bidaiek porrot egin zuten. Erregeak bazekien Urdaneta zela horretarako eskarmentua zeukan bakarra, eta, gainera, Asiako hego-ekialdeko harreman-hizkuntzaz, malaysieraz, ondo hitz egiteaz gain, tokiko zenbait hizkuntza ere ezagutzen zituen.

1564an abiatu zen, 56 urterekin, bere osaba eta lagun Legazpirekin batera. Urdanetak berak diseinatu zuen bidaia. Filipinetara iritsi ziren, eta, aurreko bidaian eginiko mapei esker, Acapulcora itzuli ere bai arazorik gabe, 20.000 kilometro egin ondoren.

Espedizio horretan Urdaneta mundu osoan egin zen ospetsu, Ekialdeko Indietatik Amerikarantz itzultzeko biderik azkarrena eta ziurrena aurkitu zuelako. Itzulbidaia aurkikuntza handi bat izan zen mundu guztian. Geroztik, bide horri Urdanetaren itzulbidaia esan zioten, eta hori erabili zuten urteetan Espainiako galeoiek Acapulco-Manila-Acapulco bidaia egiteko.

Urdanetak itsas korronteak baliatu zituen Filipinetatik itzultzeko.

Urdaneta Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen, eta bertan hil zen, 1568an, 60 urte zituela.

Urdanetaren aurkikuntzaren garrantziaz jabetzeko, garai hartan espezieek zuten balioa ulertu behar dugu: azukre-kanabera, iltze, intxaur muskatu, aloe, piperra, kanela, jengibrea eta abar erruz erabiltzen ziren botikak egiteko, eta janariak kondimentatzeko ere bai.

Itzulbidaiaz gain, fenomeno meteorologikoen garrantziaz jabetu zen, eta nabigazioaren garapenean ezinbestekoa izan zen bere ekarpena.

Andres Urdanetak Indietara joateko arazoa konpondu zuen, eta Asia eta Amerikaren arteko harreman komertzialak zabaldu zituen.

Nahi baduzu, Euskadi Irratiko erreportaje honetan Xabier Alberdi historialariak Urdaneta zergatik den hain garrantzutsua azaltzen du:
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA 1. Jakina da Euskal Herriak itsasgizon garrantzitsuak izan dituela historian, eta Andres Urdaneta Zerain ordiziarra da horietako bat: kosmografo, esploratzaile, elizgizon… Denetarik egin zuen Urdanetak XVI. mende hartan, eta ospe handia hartu zuen bere garaian orduko merkataritzarako berebiziko garrantzia izan zuen itzulbidaia egiteko bidea aurkitu zuelako Ozeano Barea zeharkatuz, Filipinetatik Ameriketara itzultzeko bidea hain zuzen ere. Ondorengo erreportaian jaso du guzti horren berri Arantxa Irastorza lankideak.   

KAZETARIA 2. Euskaldunen ibilerak itsasoan errepasatzen hasita, Juan Sebastian Elkano getariarraren balentrien ondoan Andres Urdanetarenak ere aipatzeko modukoak dira. Andres Urdaneta Zerain, Ordizian jaioa 1508. urtean, Mexikon hil zen 1568an. Ospe handia hartu zuen bere garaian orduko merkataritzarako hain garrantzitsua zen itzulbidaia edo tornabiajea berak jarri zuelako martxan. Xabier Alberdi historialariaren esanetan, Elkanorekin batera itsasgizon handienetako bat dugu Urdaneta.

X. ALBERDI HISTORIALARIA. Dudarik ez, ez? Azkenean bere ekarpena benetan izango delako unibertsala. Unibertsala diogu, ze berak aurkituko du tornabiaje hori edo itzulerako bide hori aurkitzeko, bera konturatuko dena da ozeanoek badutela zirkulazio-sistema bat, ozeanoak ez daudela geldirik, ez dela urmael geldi bat, baizik eta badutela zirkulazio bat. Orokorrean tropikoen artean beti, hortxe, mendebalderantz egiten dute, eta etorri, berriz, bueltan, ba erdi pareko latitudeetan, beti mendebaldetik ekialderantz. Nolabaiteko zurrunbilo handi bat bezala egiten dute ozeanoek eta horrekin konturatu zen. Eta, hain zuzen, hori erabiliz, zirkulazio hori erabiliz, asmatu zuen edozein lekutara joan eta etorri egiteko bideak nola egin behar ziren.

KAZETARIA 2. Andres Urdanetak egindakoak aipatzerakoan esan behar da, Elkanoren bigarren espedizioan parte hartu zuela ordiziar honek. Espedizio horretan hil egin zen Elkano eta Urdaneta eta beste 23 gizon bakarrik itzuli ziren. Ez zen egoera ederra ez, han bizi izan zutena. Elkanoren bigarren espedizio horretan 450 lagun irten ziren 1525. urtean eta 1536an 24 besterik ez ziren itzuli.

X. ALBERDI HISTORIALARIA. Portugaldarrek prisionero bezala ekarriko dute, atxilotuta Lisboara, eta azkenean askatuko dute.
Eta bera, bueno han, urte haietan egondako egonaldi hartan, ba bueno ez zen alferrik egon. Benetan gizon zientifiko bat da Urdaneta. Ikustea, oso, oso kuriositate handiko gizona da: bertako natura, bertako animaliak, bertako loredia eta abar. Asko, asko fijatuko den gizona da, eta, orduan hor, urte horietan, ba bera konturatuko da nolabait, ba pixka bat nola funtzionatzen duen mundu honek, ez?
Egia da, etorrita eta gero Ameriketara joan zen bizitzera; bueno ba, ezin egon hemen eta atzera berriz Mexikora joango da. Mexikora joango da eta han zenbait urtetan administrari-lanak egingo ditu, eta azkenean ba pixka bat bere eginbeharrak, eginahalak eginda, pixka bat aspertuta edo, ba hortxe, 1553an hain zuzen, fraide sartuko da Mexikoko agustindarren komentuan.

KAZETARIA 2. 1553. urtean sartu zen, beraz, fraide Andres Urdaneta Mexikon, Mexikoko agustindarren komentuan. Beharbada, bizitza sosegatuagoa eramateko asmoz hartuko zuen erabaki hori, baina gauzak ez zirela horrela izan gogoratu digu Xabier Alberdi historialariak.

X. ALBERDI HISTORIALARIA. Hara non, 1564an, erregeak idazten dion bere laguntza behar zuela. Ba bai, horixe Filipinak uharte horiek nahi dituela bereganatu Espainiako erregeak. Eta klaro, arazoa horixe dauka: hara joan eta etorri nola? Joaten badakigu baina itzultzen ez. Orduan berriz ere, nondik nora, berriro ere Urdanetarekin jarriko da kontaktuan. Esango dio berak uste duela posible dela joan eta etorri egitea, eta baita esango dizkio ba hainbat, hainbat ez dakit, iradokizun ba espedizio hori, ba bueno, ondo atera dadin.

KAZETARIA 2. Hori guztia kontuan izan zuen Andres Urdanetak beste espedizio hori, Filipinetarako espedizio hori, egiteko orduan. Tripulazioa ere konfiantzazkoa nahi zuen eta horregatik euskaldun ugari eraman zuen, gipuzkoarrak batez ere, Legazpi horien artean. Eta espedizio hori garrantzitsua izan zen oso itzultzeko bidea asmatu zutelako. Ba bai, Andres Urdanetari zor zaio garai hartako merkataritzarako hain garrantzitsua izan zen itzulbidaia, tornabiajea asmatu izana.
Hiztegia: itzulbidaia, itsaso, itsasgizon, Ordizia, esploratzaile, aitzindari, merkataritza.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 5, 2017
Number: 17843573
Source:
Duration: 00:04:56
Number of visits: 3834