Aldizkari Digitala

Andoni Tolosa, Morau: "Musikari txikiok askatasuna dugu"

"Arrainentzako himnoak" izeneko lan berria Andoni Tolosa "Morau" eta Beñardo Goietxek garatu duten egitasmo musikala da. Andoni Tolosa gonbidatu dugu HABEren Donostiako egoitzara diskoaren zehaztasun gehiago jakite aldera.

Abiapuntua

2010ean, Agotak taldea desegin ondoren, hasi zen Beñardo eta Morauren arteko elkarlanerako aukera, eta bi urte igaro dira berau –blog batean lehenbizi eta disko itxuran ondoren– burutu ahal izan den arte.
Lehenengo fase batean, 2012ko otsailetik 2013ko udazkenera, azpiegiturak prestatu, alde grafikoa landu eta kantuak egin zituen Morauk, eta bigarren batean, 2013ko udazkenetik aurrera, bi musikazaleek moldatu, egokitu eta azken ukituak eman zizkieten kantuei. Kantu horiek, azkenik, 2014ko udaberrian grabatu zituzten, Saran, Iñigo Irazoki teknikariaren laguntzarekin. Diskoan 16 kantu landu dituzte, tartean bi bertsio: Enarak taldearen “Ama” eta The Smiths taldearen “There Is A Light That Never Goes Out". Mikel Peruarena idazlearen “Pozaren Dotriña” ere musikatu dute.

Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa. Argazkia: Conny Beyreuther.

Proiektuaren berezitasunak


Esperimentua izan omen da disko hau. Hasieratik, agerian utzi dute kantuen sortze eta garatze-prozesua. Horretarako, 2012ko otsailean http://arrainentzakohimnoak.org webgunea abiatu eta partekatu dituzte kantu guztien bilakaera: hitzak, bertsio ezberdinak, moldaketak... Bai web orrian, eta baita Facebook eta Twitterren ere, guztia egon da ikusgai. Bertan, jaso ahal izan dituzten entzuleen ekarpenekin, kantu berrien proposamenekin eta iritziekin egin du aurrera egitasmoak. Egileen hitzetan, entzuleen esku-hartzeari esker egin ahal izan dute orain arteko bidea.

Irudien garrantzia proiektuan

Morauren beste lan batzuetan bezala, Iñaki Martiarena “Mattin” arduratu da egitasmoaren alor grafikoaz. Horretaz gain, Conny Beyreutherren argazkiek ere ongi islatzen dute proiektuari eman nahi dioten ukitu umoretsu eta surrealista samarra. Bloga, berriz, Jabi Esparzak diseinatu du.

 

 

HABE.- Nola baloratzen duzu bi urteko esperimentu hau?
Andoni Tolosa.- Oso esperimentu emankorra izan da, zentzu guztietan. Alde batetik, gauza asko ikasi ditudalako eta, beste alde batetik, bide egokia gertatu zaigulako egin nahi genuena egiteko: kantu batzuk sortu eta sortze hori partekatzea.
Era berean, lan asko eskatu duen zerbait ere bada. Ataka batean nengoen, sei urte igarota aurreko diskotik eta bat-batean esan nion neure buruari ”Gaur egun, 2012. urtean, zer leku dauka Morauren disko berri batek?” Eta orduan, horri bueltak ematen pentsatu nuen niri gustatzen zaidana istorioak kontatzea dela eta istorioak kontatzeko gaur egun inoiz baino tresna gehiago ditugula. Eta hortik abiatu zen guztia. Beste guztia bidean aurkitu dudana izan da: jendea, baliabideak… Gauza asko.

HABE.- Morau eta Beñardo, biak ere euskara-irakasle. Kointzidentzia hutsa?
Andoni Tolosa.- Kointzidentzia izan da, baina, beste alde batetik, biak betidanik oso musikazaleak izan gara eta horrela ezagutu genuen elkar, ez musikari gisa, baizik eta musikazale bezala: zintak, kaseteak konpartitzen, diskoen berri luzatzen… garai analogikoetan, jakina. Orduan, bi zaletasun horiek nik uste dut oso ondo uztartzen direla.

HABE.- Jarriko al zenieke zure ikasleei Arrainentzako himnoak laneko abestiren bat?

Andoni Tolosa.- Beñardok bai egin zuela Supereuskalduna kantuarekin, baina nik ez ditut sekula nire kantuak ikasleekin erabili. Lotsa handia ematen dit nik egindako kantu bat ikasleei entzunaraztea. Bideoetan neure burua grabatzea ez zait inporta, baina nik nire kantuak entzutera behartzeak lotsa ematen dit. Hori bai, pozik hartuko nuke norbaitek erabiliko balitu. Gainera, uste dut nire kasuan desiratzen dudala norbaitek hori egitea. Kristoren poza emango liguke, bai Beñardori eta bai bioi gure kantuak horretarako erabiltzea. Gainera, oso lagun dudan euskaldun berri batek askotan aipatzen dit berari musikak, euskal kantuak lantzeak, zenbat lagundu dion, zenbat euskara ikasi duen kantuen bidez, eta musika izan dela, kasik-kasik bere euskalduntzeko zutabeetako bat.



HABE.- Nori opari egin diozu diskoa?

Andoni Tolosa.- Proiektuan parte hartu duten guztiei. Disko hau auzolanean egin genuen, dozena bat lagun bildu eta goiz bat pasa genuen diskoak banan bana muntatzen. Gero, noski, auzolanaren legeari jarraituz, otordua egin genuen. Baina lagun horietaz gain, sarean proiektuaren hasiera-hasieratik bultzada eman dion jendeari oparitu diot. Bazen eskertzeko modu bat, zeren esperimentua hasi genuenean ez genekien zer gertatuko zen eta konturatu gara jende asko inplikatu dela. Asko inplikatu dela bai edukia zabaltzerakoan edo blogean edo Facebook edo Twitter bidez edukiak sustatzen, baina baita proposamenak eginez, kantu zehatzetan iradokizunak eginez… bai, oso joko polita izan da. Pertsona batzuk ezezagunak ziren, gainera, eta beste batzuekin oso azaleko harremana neukanez, horiei ere estimatzeko modua bazen diskoa oparitzea. Nolabait laburtzeko, merezi zuenari oparitu diogu diskoa.

HABE.- Komunikabideetan oihartzun handia izan du zuen lanak. Zein izan da, zure ustez, arrazoia?
Andoni Tolosa.- Nik uste dut arrazoi nagusiena izan dela hain garden egitea guztia: dagoena dago. Esan genuen hasieran prozesua partekatuko genuela eta partekatu egin dugu, horrek eduki dituen kalte eta onura guztiekin. Esan genuen kantuak libre jarriko genituela, creative commons lizentziapean banatuko genituela, eta halaxe egin dugu. Nik uste dut jendeak estimatu egin duela eta gero, gainera, prozesua hain luzea izan da, azkenean lortu dugula halako jarraitzaileen nolabaiteko sarea; gure armiarma-sare txikia sortu dugu eta horrek beste zentzu bat eman dio.
Nik zalantza neukan, ez nekien azkenean ulertuko zen “beste disko bat da eta kito”, baina ez, jendeak hasieratik planteatzen genuena ulertu du eta onartu egin du eta gainera; onuratzat hartu du. Zorion-mezu asko jaso ditugu.
Laburtzeko, gardentasuna eta elkarlana izan dira bi funtsezko kontzeptuak eta,nola ez, gure kantuak onak direla.



HABE.- Ba al duzue asmorik beste esperimenturen bat egiteko?
Andoni Tolosa.- Bai, beti ari gara esperimentuak egiten. Uste dut musikari txikia izateak baduela alde on bat eta da askatasuna. Eta edozer egiteko askatasuna dugunez, eta, gainera, gaur egun bitartekoak ditugunez, horrek guri kristoren askatasuna ematen digu esperimentatzeko.
Lehengoan esaldi polit bat ikusi nuen: “Bitartekaririk gabeko bitartekoak”. Gero eta bitarteko gehiago ditugu orain. Bitartekariak bai, Malaysiako zerbitzari bat, ez dakit nongo enpresa informatikoa, Google…
Hurrengo proiektua? Ez dakit, zerbait okurrituko zaigu, baina saiatuko gara, hau ikusita, horrelako zerbait egiten. Seigarren diskoa dut eta guztien artean hau izan da arrasto handiena uzten ari zaidana. Eta da, nola ez, ahalegina ere halakoa izan delako, prozesu guztia gure gain hartu dugulako. Horrek buruko min ugari ere ekarri dizkigu, baina, era berean, baita balore eta onura asko ere.

Transcription:[+] Transcription:[-]

 

Nola baloratzen duzue bi urteko esperimentu hau?
Andoni Tolosa.- Oso balorazio, nik uste dut, emankorra, zentzu guztietan. Alde batetik, gauza asko ikasi ditudalako, beste alde batetik, nik uste dut bide egokia gertatu zaidalako edo gertatu zaigulako egin nahi genuena egiteko. Azkenean, kantu batzuk sortu, egin, eta kontatu nola sortu eta nola egiten ditugun eta sortze eta hori konpartitzea. Orduan, horretarako, nik uste dut, hori lortu dugula eta orduan, alde horretatik, oso pozik eta gero, era berean ere, lan asko eskatu duen zerbait da. Ze hasieran kontua zen hori, zen ataka batean nengoen, kantu berriak, ba, sei urte aurreko diskotik eta bat-batean esaten duzu, gaur egun, 2012. urtean, ze leku dauka Morauren disko berri batek? Eta orduan, horri bueltak ematen pentsatu nuena zen, bueno, niri gustatzen zait istorioak kontatzea. Ba, istorioak kontatzeko gaur egun inoiz baino tresna gehiago ditugu. Eta hortik abiatu zen guztia. Eta orduan, beste guztia izan da bidean deskubritu dudan… eta orduan, deskubritu dut jendea, deskubritu ditut baliabideak, deskubritu dut…bai? Gauza asko, oso…bai? Horrela, bueltatuz galderara, oso emankorra izan da, bai. Oso-oso emankorra alde guztietatik, lan handiarekin, baina oso emankorra.
 
Morau eta Beñardo, biak ere euskara-irakasle. Kointzidentzia hutsa?
Andoni Tolosa.- Bai, ba bai izan da kointzidentzia, baina nik uste dut kointzidentzia batzuk badirela nolabait patua existituko balitz horrelakoetarako existituko litzateke. Bai, kointzidentzia, alde batetik hori da, eta gero, beste alde batetik, kointziditzen dugu biak betidanik oso musikazaleak garela, orduan, horrela ezagutu genuen elkar, ez musikari gisa, baizik eta musikazale bezala: zintak, kasetak konpartitzen, diskoen berri luzatzen… horrelako, horrelako gauzekin, garai analogikoetan, jakina. Orduan, horrela deskubritu genuen. Orduan, bi afizio horiek nik uste dut oso ondo uztartzen direla, bai?. Eta horixe, gero, egia esanda, badaude irakasle… euskara-irakasleak izatea badakizu, ba, ematen digu, bai, halako txistetarako eta halako feeling bat eta bueno, elkar ezagutze bat eta horixe, eta…bai, ez dakit, ez dakit, ez dakit, egia esanda, baina…
 
Jarriko al zenieke zure ikasleei Arrainentzako himnoak laneko abestiren bat?
Andoni Tolosa.- Beñardok bai egin duela. Beñardok bai egin zuela Supereuskalduna kantuarekin, uste dut, gora euskalduntasunaren gaineko ez dakit zer hausnarketa egiten ari zela ikasleekin eta orduan hori erabili zuen, baina nik ez dut sekula erabili. Niri pudore handia ematen dit nik egindako kantua, kasu honetan. Bideoetan neure burua grabatzea ez zait inporta, jarriko diet ikasleei neure burua kontatzen ez dakit zer, horrela… kamara, bai, telefono txatxu batekin grabatuta… ez daukat problemarik, baina kantu bat jartzea… nik behartzea nolabait kantuak entzutera, horrela sentitzen dut, orduan, pudore handia ematen dit. Hori bai, pozik beste norbaitek erabiliko balitu horretarako. Gainera, uste dut nire kasuan desiratzen dudala norbaitek hori egitea. Kristoren poza emango liguke, bai Beñardori eta bai bioi kantuak horretarako erabiltzea. Gainera, euskaldun berri dudan oso lagun batek, horrek askotan aipatzen dit berari musikak, euskal kantuak lantzeak zenbat lagundu dion, zenbat ikasi, zenbat euskara ikasi duen kantuen bidez eta musika izan dela, kasik-kasik bere euskalduntzeko zutabeetako bat, bai? Orduan, bueno…
 
Nori oparitu diozu diskoa?
Ez ba, oparitu diet proiektuan parte hartu duten guztiei, ze azkenean tonto-tonto konpartitze honekin, horixe, modu zuzenean ba disko hau auzolanean egin genuen, orduan, dozena bat lagun bildu ginen goiz bat pasa genuen, diskoak banan-bana muntatzen. Gero, noski, auzolanaren legeari jarraituz, gero otordua egin genuen. Baina gero aparte, bai sarean proiektuaren hasiera-hasieratik ba bultzada eman dion jendeari eta orduan bazen eskertzeko modu bat ze esperimentua hasi genuenean ez genekien zer gertatuko zen eta konturatu gara jende asko inplikatu dela. Asko inplikatu dela bai edukia zabaltzerakoan edo blogean edo Facebook edo Twitter bidez edukiak mugitzen, baina baita ere parte zuzena: proposamenak eginez, kantu zehatzetan iradokizunak eginez… bai, izan da oso joko, oso joko polita eta batzuk ezezagunak ziren, gainera, bai? Eta beste batzuekin oso harreman azalekoa neukan eta orduan horiei ere estimatzeko modua bazen diskoa oparitzea. Orduan, nolabait laburtzeko, merezi duenari oparitu diogu diskoa.
 
Komunikabideetan oihartzun handia izan du zuen lanak. Zein izan da, zure ustez, arrazoia?
Andoni Tolosa.- Nik uste dut alde batetik arrazoi nagusiena izan dela hain transparente egitea guztia, hain, bueno, dagoena dago, bai? Ez dago… esan genuen hasieran kantuak, prozesua konpartituko genuela eta konpartitu dugu, horrek eduki dituen kalte eta onura guztiekin. Esan genuen kantuak libre jarriko genituela creative commons lizentziapean banatuko genituela eta halaxe egin dugu. Orduan, nik uste dut jendeak estimatu duela eta gero, gainera, prozesua hain luzea izan da, ze azkenean hasi ginenetik bi urte… bi urte pasa dira kasik. Bueno, diseinatzen hasi ginenetik, bi urte eta piko. Orduan, guzti hori kontuan hartuta, klaro, azkenean lortu dugu halako atxikimendu bat jende baten aldetik, lortu dugu halako jarraitzaileen nolabait sare orain oso modan dauden kontzeptuetan, ba bai, nik uste dut gure armiarma-sare txikia sortu dugula eta horrek eman diola nolabait beste zentzu bat. Disko soil bat izan zitekeenari beste balio erantsiak izan daitezke, beste zentzu bat eman dio eta jendeak hori, hori ikusi du. Nik zalantza neukan, ez nekien azkenean ulertuko zen “bueno, beste disko bat da eta kito” baina ez, baina jendeak, nik uste dut hasieratik esaten genuena edo planteatzen genuena ulertu duela eta onartu duela eta gainera, onuratzat hartu duela. Zorion asko jaso ditugu. Zorion-mezu asko, Twitterren jende askok esaten du diskoa iristen zaionean, erakusten du diskoa kristoren poza emango balio… kristoren poza eman dionaren seinale, erakusten du: begira! Orduan, horrek esan nahi du ba lortu dugula diskoari balore bat ematea eta kantuei ere bai. Eta… horixe, gardentasuna eta gero elkarlana izan dira, nik uste dut, bi kontzeptu klabeak eta noski! Kantuak onak direla.
 
Ba al duzue asmorik beste esperimenturen bat egiteko?
Andoni Tolosa.- Bai, beti. Beti esperimentutan. Bai, uste dut musikari txikia edo pobrea edo ez dakit nola identifikatu edo… ze azkenean, euskaraz ari garen musikari guztiok gara txikiak eta pobreak neurri batean. Bueno, ba, orduan horrek badu alde on bat eta da askatasuna. Orduan, askatasuna dugunez edozer gauza egiteko, eta gainera bitartekoak ditugunez gaur egun… Lehengoan esaldi polit bat ikusi nuen edo… zen “Bitartekaririk gabeko bitartekoak”. Gero eta gehiago ditugu orain. Bueno, bitartekariak bai, Malaysiako zerbitzari bat, ez dakit nongo enpresa informatikoa, bueno, google, noski… baina horrek guri kristoren askatasuna ematen digu esperimentatzeko, bai? Eta nola ez daukagun inolako presiorik kontrakoa egiteko, ez komertzialik, ez… orduan, bueno, ba… hurrengoa? Ba ez dakit, ez dakit, zerbait okurrituko zaigu, baina saiatuko gara, hau ikusita, horrelako zerbait egiten. Seigarren diskoa dut eta guztien artean hau izan da arrasto handiena uzten ari zaidana, bai. Eta da, klaro, ahalegina ere halakoa izan delako, prozesu guztia gure gain hartu dugulako, orduan horrek ere buruko min ugari ekarri dizkigu, baina era berean, baita balore eta baita onura asko ere.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 1, 2014
Number: 1757186
Dialect:
  • Batua
Duration: 10:12
Number of visits: 6662