Aldizkari Digitala

Bihar egingo dut: prokrastinazio sindromea

Badakigu, bai ala bai, lan bat egin beharrekoa dela, baina hurrengo egunerako uzten dugu, eta hurrengo egunean, etzirako, etzi, etzidamurako… Inolako damurik gabe. Eginbeharrak arrazoirik gabe atzeratzeari prokrastinazioa esaten zaio.

Uste baino zabalduago dago joera hau. Hainbat herrialdetako 1347 lagunek egindako inkesta batek azaldu zuen horien laurdenak joera oso handia zuela egitekoak biharko uzteko. Eta gizonezkoak ez ziren gehiago nabarmentzen horretan emakumeak baino, ezta herrialde batekoak beste batekoak baino gehiago ere. Gainera, langileak ohitura omen dauka eginbehar garrantzizkoa edo zaila iritzitakoa bazter utzi, eta batez beste ordu eta erdi ematekoa garrantzi gutxiagoko beste zeregin batean, hori egunero. Gai hau aztertzen duen Patterns of Academy Procrastination elkarteak dio ikasleen % 32k arazo larriak dituela gai honekin unibertsitatean. Eta gainera, osasuna kaltetzen duela, eta berarekin dakarrela soldata txikiagoa izatea arazo hori ez duenak baino.

Orain arteko datuak ikusita, badirudi prokrastinazioa lan-arloan ematen dela soilik, baina ez, harremanen esparruan ematen da, hots,  lanetik kanpo ere bai: familian, lagunartean… Eta jakina, arlo horietan ematen bada argi dago ez duela bakarrik norbanakoa kaltetzen, taldera ere heltzen dela prokrastinazioaren ondorioa. Edo gizartera.

Beraz, ondorio hain txarrak izanda, zer gertatzen da gure barrenean horrela jokatzen segitzeko?  Batzuetan irrazionala dena arrazionala denari gailentzen omen zaio gure buruan, eta hori dela kausa, bulkadaka jokatzen dugula; hori gertatzen omen zaigu, eta orduan aitzakiek arrazoi-mozorroa janzten dute, argudio-mozorroa.  Komeni ez zaiguna saihestu nahi dugu, baina bulkadak ez digu uzten.  Edo prokrastinazioa gerta daiteke, eta honek  zaildu egiten digu komeni zaiguna aktibatzen. Bulkadak eta prokrastinazioa txanpon beraren bi alde dira. 

Baina nola iristen gara egitekoak atzeratzera, prokrastinaziora? Hona arrazoi batzuk:

Gabeziak
Gabeziak baditugu (konfiantza-eza, ikuspegi garbirik ez, trebetasun-falta ordenagailu-programa jakin bat erabiltzeko…) joera horrek errazago harrapatuko gaitu.

Beldurra
Porrotari beldurra badiogu, edo gehiegizko arrakastaren ondorioei, edo lankideekin eztabaidatzeari, edo epaitua izateari, errazago izango da esaera zahar hau egia bihurtzea: “gero dioenak, bego dio”.

Gainezka bagaude
Lana gainezka izateak ere onik ez du egiten. Hots, guztia gaur egin nahi izateak, edo egin beharrak. Perfektuegia izan nahi izateak ere kalte egiten du, edo lana hasi aurretiko gehiegizko planifikazioak. 

Sentimenduak
Eginbehar horrek estresa eta ezinegona sortzen badizkigu egitekoa atzeratu egin liteke, hori erabaki dezakegu, tamalez. Gauza bera gerta liteke geure burua ez badugu egiteko horretarako trebatuta ikusten, ezgauza sentitzen bagara. Edo beste noizbait uste baino emaitza kaxkarragoak lortu baditugu, edo emaitza kaxkarra lortu dugula esaten badigute.  Edo aspertzen bagaitu egitekoak. Edo ez bagaitu asebetetzen.

Ohiturak
Batzuetan oso barneratuta ditugu lan egiteko moduak edo izateko erak. Eta helburu lorgaitzak jartzen ditugu, edo zehaztasun gutxikoak, eta horren aurrean kikildu eta eginbehar hori “usteltzen” uzten dugu mahai-azpiko tiraderan. Gerta daiteke, baita ere, gaizki egindako guztiaren erredun sentitzea, edo geure buruaz dugun iritzia kaxkarra izatea. Ohitura horiek ez dute laguntzen gaurko lana gaur egiten.    

Eta nola egin aurre prokrastinazioari?

Ez da erraza, baina lor daiteke. Hona aholku batzuk:

Zatitu
Ekimen handiak egiteko txikiagoetan zatitu, zehatzagoetan, eta horietako bakoitzari 30-40 minutu eskaini jarraian, baina batetik bestera jauzika ibili gabe. 20 orrialdeko txostena egin behar baduzu, saiatu egunero orri bat betetzen, eta hori ezin baduzu, 15 lerro. Eta denbora-epe bat ezarri egiteko txikiago horri. 

 

Helburuak
Helburuak idatzi. Zeintzuk lor ditzaket? Zeintzuk motibatzen naute? Baduzu helburu zehatzagoren bat lana bukatzea baino? Neurtzeko moduko helburuak idatzi. Epeak ezarri. Eta egunero egin beharrekoak idatzi.

Distraigarriak
Egitekoa fokalizatu egin behar da, baina distraigarriak gertu ditugu: internet, sare sozialen bidez heltzen diren mezuak… Batzuek zerrendatu egiten dituzte distraigarri horiek hobeto saihesteko.

Komunikazioa
Zure eginbehar horrekin harreman zuzena duen norbaiti esan halako egunerako bukatu nahi duzula edo bukatzeko asmoa duzula. Hitza bete beharko duzu.

Hasi
Eginbeharra hasten baduzu, lehen pausua eman duzu. Segi!

 

Emozioak
Pentsa ezazu nola sentituko zaren zure egiteko hori bukatzen baduzu, eta nola bukatzen ez baduzu.

Grina
Aurkitu zure egiteko horretan atsegin duzun zerbait. Horrek motibatu egingo zaitu.

 

Saritu zeure burua
Hartu atsedentxo bat tarteka. Entzun atsegin duzun musika, esaterako. Egiteko horrekin zerikusia ez duen zerbait gustagarria egin. 

Disfrutatu
Aurkitu ezazu zein lan egiteko modurekin gozatzen duzun gehien. Saiatu horrela lan egiten.

Erabateko perfekzioa
Ahaztu horretaz. Ez duzu perfekzioa lortu behar lan bati ekiteko. Ez pasa denbora mordoa helburua lortzeko estrategia onenaren bila.

Bistaratu emaitzak
Saiatu lortu nahi dituzun emaitzak  edo emaitzen ondorio onak zure buruan bistaratzen. Akuilu ona izango da aurrera egiteko.

Energia
Goizean bazaude energiaz beterik, orduan ekin lan zailenei, eta arratsalde partean bazaude, arratsaldean.

Hiztegi lagungarria

Atzeratu. Gerorako utzi. Retrasar.
Bazter utzi.- Dejar a un lado.
Bulkada. Inpultsoa. Impulso.
Eginbehar. Egitekoa, zeregina. Quehacer, tarea.
Etzi.- Pasado mañana.
Etzidamu.- El día siguiente a pasado mañana.
Etzidamurako utzi.- Dejar para el día siguiente a pasado mañana.
Ezinegon. Sosegu gutxi. Inquietud, impaciencia.
Gabezia. Eskasia. Falta de.
“Gero dioenak, bego dio”.- Esaera zaharra. "Quien dice luego, dice déjalo"
Joera zabalduta egon. Que la tendencia esté extendida.
Kaxkar. Nahiko txarra. Escaso.
Kikildu. Beldurtu, atzera egin. 
Lana gainezka izan. Tener demasiado trabajo.
Lorgaitz. Lortzen zaila. Difícil de conseguir.
Mozorro. Disfraz.
Norbanakoa kaltetu. Hondatu. Dañar al individuo.
Saihestu. Ekidin, bazter utzi. Evitar.
Trebatu. Gaitu. Enseñar, instruir.
Zerbaiti/norbaiti gailendu. Gaina hartu. Prevalecer, dominar algo o a alguien.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 21, 2014
Number: 1720059
Number of visits: 7533