Aldizkari Digitala

Ignacio Zuloaga, Euskal Herriko pintorerik ospetsuena

Bera da koadrorik garestiena saldu duen euskal margolaria.

Ignacio Zuloaga Zabaleta (1870-1945) Euskal Herriko pintorerik handienetakoa da, mundu-mailan ospetsuena. Nazioarteko erakusketa asko egin zituen, esaterako, New Yorken, Parisen, Bilbon, Buenos Airesen, Venezian, Berlinen… Bere jaioterrian, Eibarren, institutu batek bere izena darama, eta Segovian zein Zumaian Zuloaga museoak daude. Herri askotan lan egin zuen eta asko bidaiatu zuen.    

Ignacio Zuloaga Zabaleta 1870ean jaio zen, Eibarren, armagintzari eta Arte Ederrei lotutako sendi batean. Aita zilargilea zuen eta osaba bat zeramika-egilea. Hirugarren Karlistada (1872-1876) hastean Lapurdira joan eta ez ziren Eibarrera itzuli gerra amaitu arte.

Umetan aitaren tailerrean hasi zen marrazten eta grabatuak egiten ikasten. 17 urterekin koadro bat bidali zuen Madrileko erakusketa batera, eta 18rekin bera joan zen Madrilera aitarekin. Han, El Prado museoan, Goyak, Velazquezek eta beste hainbat pintorek txunditu egin zuten. Koadroak ikusi eta museoko beste batzuk kopiatu ere egin zituen. Madrileko bisita hura pizgarri izan zen, eta urte horretan bertan Arrateko itsua eta Eibarko iturria margotu zituen.

Zezenketa Eibarren.

 Erroma, Paris, Sevilla, Elgeta, Segovia, New York…
19 urterekin Erromara joan zen eta handik Parisera, inpresionismoa indarrean zegoenean. Bertan ezagutu zituen Van Gogh, Lautrec, Durrio eskultorea, Falla musikaria… Gogor lan egin zuen hiriburuan, baina ohartu zen, besteen eraginaz gain, berak bere estiloa aurkitu behar zuela. Sevillara joateak lagundu egin zion asmo horretan: hango argiarekin liluratuta zegoen eibartarra. Margotu, ijitoen argota ikasi, zezenketa-eskola batean izena eman, toreatu… denetik egin zuen. Garai hartan ospea lortzen hasi zen, Parisen oso ondo saltzen zirelako bere lanak. 1892an Bermeoko kasinoa dekoratu zuen.

Kontua da, ordea, behin Segoviara joan zela osaba ikustera. Segoviarekin maitemindu, eta hara joan zen bizitzera. Segoviako garai horretan kolore ilunak eta dramak hasi ziren nagusitzen bere koadroetan. Parisen, adibidez, izugarri ondo hartu zuten Segovian egindako Mi tío y mis primas obra.

Diotenez, arrakastari esker lortu zuen ezkontzea, 1899an, Valentine Dethomas-ekin. Neskaren guraso aberatsek alabari Zuloaga ospetsu egin zenean bakarrik utzi omen zioten ezkontzen. Elgetara ezkondu arren, beste toki hauetan ere bizi izan zen ezkonberritan: Madril, Paris eta Segovian. 

Sasoi hura oso oparoa izan zen Zuloagarentzat. Europako erakusketa handi guztietara bidaltzen zituen koadroak, Carmen operarako eszenografia enkargatu zioten Berlinen, Rodin eskultore famatua ezagutu zuen, Parisko Arte Ederren Goi-mailako Eskolak (ENSBA) bertako kide izendatu zuen, AEBko aberatsek erretratuak eskatzen zizkioten,  Picassorekin harremana zuen gutun bidez, Arrateko santutegiko pinturak margotu zituen, aita izan zen bi aldiz…

1909an erakusketa batzuk egin zituen AEBn: New Yorken, adibidez, 75.000 lagun joan ziren bere erakusketara. Gero Hego Amerikara egin zuen jauzi, eta han ere arrakasta! Handik gutxira lur-sail bat erosi zuen Zumaian, Santiago baseliza bertan zuena, eta gerora hantxe eraiki zuen bere etxe-museoa. 1912an eibartarren omenaldia jaso zuen, baina gerra iritsi zen.

Zumaiako etxe-museoa.

Lehen Mundu Gerran aliatuen alde, Espainian frankista…
1914an, Lehen Mundu Gerran aliatuen alde jarri zen. Gerra horrek sortutako umezurtzei laguntzeko erakusketa egin zuen Eibarren bertan, eta denbora gutxira Frantziak Ohorezko Legioa saria eman zion bere ibilbide guztiagatik.

1925ean AEBn, bere erakusketa bat zela eta, arte-kritikariek losintxaz bete zuten eta AEBeko orduko presidenteak, Calvin Cooligdek, harrera egin zion. Kuban ere heroi bat bezala hartu zuten, eta bertan gaztelu bat erosi zuen.

Baina Espainiako gerra zibila heldu zen, eta Zuloagak frankismoa besarkatu zuen. Francok El Valle de los Caídos-eko aldare nagusiko kristo gurutziltzatua egiteko Beobide eskultore zumaiarra nahi zuen, eta Zuloagari eskatu zion Beobide konbentzitzeko. Beobide ez zen erregimenekoa, eta Zuloagak lagun amerikar batentzat zela esan zion. Kontua da Francoren mausoleoko kristoa Beobidek egin eta Zuloagak margotutakoa dela. Eibartarrak Francoren erretratua ere egin zuen.

"Madame Souty" bere koadrorik garestiena.

Egia esan, jende asko erretratu zuen: Falla, Unamuno eta Azorín idazleak, Albako dukesa, Plácido Zuloaga (bere aita), Pablo Uranga pintorea, Belmonte toreatzailea, Ortega y Gasset filosofoa… Ez zuen bakarrik jende ezaguna eta boteretsua margotu,  baita bodegoiak ere, edo nanoak, ijitoak, toreatzaileak, nekazariak, paisaiak, autorretratuak, emakume biluziak…  1.000 koadro inguru egin omen zituen bere bizitza osoan.

1945eko urrian hil zen, eta Donostian ehortzi zuten. Hil zen urtean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Gipuzkoako Seme Kutun izendatu zuen. 

Hil eta 10 urte geroago bere aurpegiaren irudia 500 pezetatako billetetan jarri zuten.

2011n 829.000 eurotan saldu zuten bere Madame Souty izeneko koadroa Londresen.

Orain urte batzuk Iberia hegazkin-enpresak Airbus bati Zuloaga izena jarri zion. Agian norbaitek hegazkin hori hartuko du 2018ko urtarrilaren 7ra arte Madrilen izango den Zuloagari buruzko erakusketa ikustera joateko. 
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 7, 2017
Number: 16837967
Number of visits: 2824