Aldizkari Digitala

Mata Hari: gutxi espiatu zuen poliglota

Mata Hari (1876-1917) espioia orain 100 urte fusilatu zuten frantziarrek, 1917ko urrian. Salaketa, etsaiari informazioa pasatzea Lehen Mundu Gerran.

Kontua da, ordea, Frantziarentzat ere espiatu zuela. Badu bere bizitzak ezaugarri-pare bat. Batetik, zaila dela andre hau hitz bakar batekin definitzea: espioia, dantzaria, poliglota, matxismoaren biktima… Bestetik, ez dela beti erraza jakitea zer den egia eta zer asmatua. Adituak ez dira ados jartzen. Adostasun bat badago behintzat: oso gutxi espiatu zuela.

Mata Hari 1876an jaio zen, Herbeheretan. Bere benatako izena: Margaretha Zelle. 16 urterekin eskolatik bota zuten eskolako zuzendariaren sexu-proposamenei uko egiteagatik. Seduzitzailea neska izan zela esan zuten. 18rekin ezkondu egin zen, egunkari batean iragarkia jarritako militar batekin. Mata Hari Indonesiara joan zen bizitzera, eta han hainbat dantza exotiko ikasi zituen.

Senarra oso  jeloskorra zen, eta bera jipoitzeaz gain, badirudi morroiak ere gaizki tratatzen zituela. Egun batean semea hilda agertu zen, diotenez, morroi horietako batek mendeku hartuta.  Senarrak orduan edanari eman zion, eta emaztea Europara itzuli zen. Banaketaren ondorioz, amak alabaren tutoretza galdu zuen.

Dantzari arrakastatsua
Une latzak pasa zituen orduan: bakardadea, gosea… Baina ederra zen: beltzarana, garaia, exotikoa…, eta bost hizkuntza zekizkien. Nahikoa bizimodu berri bati ekiteko, Parisen. Indonesiatik etorritako printzesa zela esaten zuen bertan, Mata Hari izenekoa. Dantza exotiko-erotikoak egiten zituen jendaurrean eta areto pribatuetan, eta bere ospea aparra bezala hedatu zen, handikien artean batez ere. Olympia antzokiko eta Folies Bergere kabareteko izar egina, striptease-aren aitzindari ere bai, hiriburu askotan dantzatu zuen : Berlinen, Madrilen, Bartzelonan, Vienan, Kairon…  Mundu-erdia zeukan liluratuta, eta gizon asko erori zen haren besoetan, elitean zebiltzanak horietako asko.

Baina dirua etorri bezala xahutzen zuen, asko irabazi baina asko behar, era berean. Eta halako batean, Lehen Mundu Gerrak eztanda egin zuen, eta Mata Harik goi-maila horietan jende asko ezagutzen zuen, besteak beste, poliglota zelako. Ez dago argi, baina dirudienez lehenik Alemaniak eskaini zion Mata Hariri espioi-lana, eta badirudi Errusiak milioi bat franko eskaini zizkiola langintza beragatik. Badirudi: ez baita horren frogarik azaldu oraindik. Espioi izateko bazuen ezaugarri txar bat, oso txarra: mundu guztiak ezagutzen zuela neska!

Beraz, eta horretan nahiko ados daude bere bizitza ikertu dutenek, oso gutxi espiatu omen zuen Mata Harik, H21 agenteak, eta berak emandako informazioak ez omen zuen gerra-giroan herrialde bakar bat kinka larrian jarri, ezta gutxiagorik ere.

Diotenez, gerrako frentean zeukan maitea errazago ikusi ahal izateko onartu zuen espioitza-lana. Eta egia da espioia izan zela, espioi bikoitza, Frantziarentzat eta Alemaniarentzat, gerran etsai ziren bi herrientzat, alegia, baina joko arriskutsua zen horrela ibiltzea batetik bestera. Azkenean, Frantziak atxilotu egin zuen, 1917ko otsailean, Donostiatik iritsi berria. Izan ere, Mata Hari hiru aldiz, gutxienez, egon zen espioiz betetako Donostia hartan, eta horietako bitan Londres hotelean.

Londres hoteleko 322 gela, atxilotua izan aurretik erabili zuena.

Frantziak garai hartan ez zuen ospatzeko ia ezer: Alemaniak hartua zeukan lurraldea, gerrak eta gaixotasunek milioika hildako eta zauritu eragin zituen, desertoreak ere ehunka eta ehunka ziren ejerzito guztietan…  Lur jota zegoen jendea, eta zerbait behar zen etsipen orokortu hori apur bat arintzeko, norbait oker guztien errudun izendatzeko.

Hala, eta ia bere aurkako froga handirik gabe, Alemaniari informazioa pasa ziola egotzita, Viccens gazteluan atxilotuta zeukaten Mata Hari epaitu egin zuten. 1917ko urria zen. Urriaren 15ean, fusilatu behar zuten soldaduak aurrean zeuzkan, eta musu bat bidali zien, azken-agur gisara. Agian horregatik, 12 soldaduetatik 4k besterik ez zuten jo balaz. Hilda zegoela ziurtatzeko ofizial batek lokian eman zion azken tiroa.  Garai hartan fusilatuak lurperatzen ez zirenez, Mata Hari ere ez. Gorpua, buru baltsamatua salbu, zientzialariei eman zieten ikerkuntzarako. 1958an Frantziako Kriminalen Museotik Mata Hariren burua “desagertu” egin zen.

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 24, 2017
Number: 16350601
Number of visits: 2053