Aldizkari Digitala

La Habana, dama zahar erakargarri hori

La Habana hiriaz jende asko gaizki esaka aritzen da: zaindu gabe dagoela, eraikinak erortzen ari direla, pintatzeko premia dutela... Oker dabiltza. Horixe du bere xarma Kubako hiriburuak: dekadentzia hori, denboraren joanari nola egiten dion aurre… Hiri gutxi dira munduan La Habana bezalakoak.

Kontinente guztietako hiri askok saltoki-gune erraldoiak erakusten dituzte, modernoak ustez, guztiak berdin-berdinak. Eraikin handi kristal distiratsuak, guztiak oso antzekoak. La Habanak, ez. Han badirudi denborak orain 50 urte, edo lehenago, planto egin zuela. Ordukoak dira bai etxeak, bai dendetako generoa, bai auto ugari; eta gezurra badirudi ere, auto horiek funtzionatzen jarraitzen dute, kubatarren irudimenari esker; ia edozer berreskuratzeko gauza direlako. Honek guztiak ematen dio La Habanari bere nortasun berezia, bakarra.

Aspaldiko autoa: horrelako asko oraindik martxan dabil hiriburuan

Egia da La Habanako jende askok nahiago duela nortasun gutxiago eta erosotasun gehiago. Turistari erakargarri egiten zaiona bertakoari amorragarri egiten zaio. Etxe pila batek konpontzeko premia larria du, eta beste askok itxita egon beharko lukete, erortzeko arriskua dutelako. Baina apurka-apurka eraikin dezente ari dira eraberritzen, nahiz eta gehienak hotel bihurtzeko eraberritu dituzten, ez etxebizitza izaten segitzeko.

La Habanan bada beti musika

1959ko iraultza bizirik dago Kuban. 50 urtetik gora igaro dira: Castro anaiek dute oraindik agintea, eta iraultzaren azpiegitura askok zutik irauten dute. Azken urteotan Raul Castrok hainbat aldaketa egin ditu kubatarren bizimodua hobetzeko. Ekonomia gehienbat Estatuaren esku dago oraindik, baina gizabanakoaren esku-hartzea handiagoa da hainbat jardueratan. Adibidez, jendea hartzeko ostatuak ugaritu egin dira La Habanan: era egokia da hau bertakoak bertatik ezagutzeko. “Paladares” izeneko jatetxe pribatuak ere ugaltzen ari dira, eta menuak bestelakoak dira Estatuko jatetxeetako menu aspergarriekin konparatuz gero.   

Emakumeak, Katedral ondoko plaza lasai batean

Aldaketa hauei esker, kubatarrek handitu egin dute erosteko ahalmena: gauza gehiago dituzte aukeran. Baina badago eragozpen bat: bi txanpon-mota daudela: alde batetik Kubako peso arrunta, eta, bestetik, peso trukagarria. Trukagarria dolarretan edo eurotan truka daiteke, arrunta ez.  Kubara kanpotik etorritako generoa erosi nahi du jendeak, baina soilik peso trukagarriak erabil daitezke horretarako, kanpokoa erosteko. Kubatarren soldata gehienak, aldiz, peso arruntetan ematen dira. Turistek, ordea, ia guztia peso trukagarrietan ordaindu behar izaten dute. Beraz, kubatar batek turismoaren inguruko zerbaitetan lan egiten badu, peso trukagarriak lortzen ditu. Eta azken batean askoz aberatsagoa izango da peso horiek lortu ezin dituenak baino. Horrek bi gizarte-mota sortzeko bidea ematen du. Gobernua jabetu da egoeraz, eta txanpon-bikoiztasun hori kendu nahi duela adierazi du, baina datarik zehaztu gabe.

Kapitolioa,  La Habanako eraikinik ezagunenetakoa

La Habanan, iraultzari lotutako monumenturik garrantzizkoenak José Martí du izena: Iraultzaren Plazan dago. Hantxe ematen zituen Fidel Castrok ia zazpi orduko diskurtso ospetsu haiek, oso jende-kopuru handiaren aurrean, plaza bera ere halakoxea baita, handia oso. Plazako bi eraikinetan silueta bana dago, bata Che Guevara da eta bestea Camilo Cienfuegos, iraultza-hasierako Fidelen lugartenienteetako bat. Che Guevararen siluetak “Hasta la victoria siempre” esaldi ospetsua du alboan.

Liburuak salgai kalean

Iraultzaren Museoa ere interesgarria da. Bertan dute Granma yatea; Fidel eta bere kideek yate hori erabili zuten Mexikotik Kubaraino iristeko eta antolatzen hasteko Estatu Batuek babesten zuten Fulgencio Batista agintaria kentzeko plana.

Dena den, La Habanako benetako monumentua La Habana  Zaharra da, kaiaren sarrera defendatzen duen Castillo del Morro, barne. Espainiako kolonia-inperioaren perlarik kutunetakoa izan zen La Habana, eta bertan segitzen du Amerikako arkitektura-eraikinik nabarmenetakoa, La Habanako katedral barroko zoragarria, 1787an bukatutakoa. “Harrian zizelkatutako musika”: horrela definitu zuen katedrala Alejo Carpentier nobelagile kubatarrak.

La Habanako Katedral barroko liluragarria

Beste eliza interesgarri bat Asisko San Franziskorena da. Garai batean markes edota konde izandako hainbaten jauregiak “hotel xarmangarri” esaten den hori bihurtzen ari dira egun. Eta La Habana Zaharra barruko lau plaza zoragarrietan “kafetegi xarmangarriak” ere badira, eta terraza handiko tabernak ere bai.  

Castillo del Morro, La Habanako irudi tipikoetakoa

Baina La Habanara egindako edozein bisita hankamotz geratzen da Malekoian,  hobe ilunabarrean, paseatu gabe. Bikoteek, petrilean maitekiro  eserita, olatuak nola lehertzen diren ikusten dute. Gero, eguzkia lotara joan denean, ia derrigorrezkoa da terrazaren batera joatea mojito, daikiri, edo askoz hobe, ron lehorra hartzera. Ron urtetsua, jakina! Urtetsua, guztia bezala La Habanan.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 9, 2014
Number: 1591168
Number of visits: 7207