Aldizkari Digitala

Gure hormek hitz egiten digute?

Josu Larrinaga, Antropologia irakaslea: "Norberak etxean daukan dekorazioa pertsonaren nortasunaren isla da; zer den edo zer izan nahi duen adierazten du"

Aldizkarietatik gure idoloen argazkiak moztu eta etxean, logelako hormetan, itsasten ditugu. Kirolariak, musikariak, aktoreak edo miresten dugun edonor izaten da protagonista. Hori gaztaroan egiten dugu, ezta? Zenbat urtera arte apaintzen dugu gela modu horretan?

Gehienok, adin jakin batera iristen garenean, bizitzako etapa horri amaiera ematen diogu: idoloak alde batera utzi, eta margolanekin edo argazkiekin betetzen dugu geure etxea. Garai bateko nahiz besteko apaingarriek gure pertsonalitatearekin dute zerikusia. “Norberak etxean daukan dekorazioa pertsonaren nortasunaren isla da; zer den edo zer izan nahi duen adierazten du”, kontatu digu Josu Larrinagak (Sudupe, 1964). Bera antropologia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gu Donostiako kanpusean elkartu gara berarekin.

EREDUAK LEHEN ETA ORAIN
Gure aitona-amonen gazte-garaian ez zituzten horrelako idoloak izaten, eta ez zuten euren logelan inorren argazkirik itsasten. “Lehengo gazteek bazituzten ereduak, baina beren herrian bertan, eta ziurrenik ia egunero ikusten zituzten”, adierazi digu. Gaur egun, berriz, komunikabideei eta Interneti esker, oso erraza da edonoren erretratua lortzea: “Jada ereduak ez ditugu geure inguruan bakarrik bilatzen, Internetek mundura leihoak ireki baitizkigu”.

Hainbat arrazoi izan ditzakegu 14 edo 15 urterekin idolo baten irudia paretan eransteko, baina, horrez gain, kontra-eredua aipatu digu Larrinagak: “Gurasoen kontra-ereduak aukeratzen ditugu. Beraiek nahi edo erakutsi digutenaren aurka joaten gara batzuetan. Izan ere, gazte garaian gure nortasuna eraiki, adierazi eta indartu egiten dugu; horretarako unea da”.

Zahartzen garenean ere, plazerragatik edo gure nortasuna islatzeagatik, zintzilikatzen ditugu koadroak gure inguruan. “Natura maite badugu, paisaiak aukeratuko ditugu, eta, bizitza urbanoa atsegin badugu, mota horretako afixak jarriko ditugu”. Bestalde, hainbat sinbolo ia galtzear daude, tradizioz egiten zirenak. “Adibidez, etxe askotan Ama Birjina edo Jesukristo edukitzen zuten, eta, orain, ia desagertzear dago ohitura hori”, kontatu digu Larrinagak.

SINBOLOAK
Duela 100.000 urte, gutxi gorabehera, gizakia marrazten hasi zen, eta, dakigunez, horiek dira lehenengo sinboloak. Beranduago, Neolitikoan, idazkera sortu zuten, eta gaur egun hiru espazio sinbolikotan bizi garela esaten du Javier Etxeberria Filosofia fakultateko irakasleak: inguru naturala, gizakiak aldatu ez duen paisaia; inguru materiala, guk eraikitakoa (etxeak, errepideak, autoa…), eta inguru birtuala, sarean dagoena. “Animalia sinbolikoak gara, eta sinboloz inguratuta gaude. Gaur egun, adibidez, kultura etengabe aldatzen ari da, eta sinboloak ere aldatu egiten dira”, kontatu digu.

Hainbat motatako koadroak zintzilikatzen ditugu gure etxeko hormetan.

Askotan, sinboloak adostuak izaten dira: “Zuhaitz asko ikus ditzakegu, baina euskaldunoi haritzak Gernikako arbola ekarriko digu gogora, hori sinbolo kolektibo bat baita”. Taldean adostuak izateaz gain, pertsonalak ere badaude. “Hil ostean, gero eta jende gehiago errausten dugu, eta asko leku sinboliko batean botatzen ditugu: ortua, hondartza, mendia… Edozein leku izan daiteke”, azaldu digu.

Bizarrari, esaterako, geuk eman diogu esanahia, eta hainbat modutan, gainera: batzuentzat hippy nostalgikoen itxura izango da; besteentzat, hipsterrarena; eta, beste talde batentzat, musulman sinestunena.

Eta zuk, baduzu leku sinbolikorik? Zein? Nola duzu apainduta zure etxea? Nortasunarekin zerikusia duen zerbait da, zure ustez? Gaztaroan noren argazkiekin betetzen zenuen logelako horma?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Gure hormak apaintzeko moduarekin zer transmititu nahi dugu?
Guzti horrekin (horrekin guztiarekin) adierazi nahi dugu, transmititu nahi dugu, nolakoak garen edo askotan, hori, nolakoak izatea nahi dugun: erosten dugun kotxearekin, ipintzen dugun apainketarekin, janzten dugun arroparekin eta askotan ere, erosten ditugun liburu edo diska edo joaten garen ekitaldietara, ezta? Guzti horrekin (horrekin guztiarekin) nolabait hori adierazi nahi dugu: gure posiziñoa (posizioa) edo ahalmena edo gure nortasuna azkenean, gure identitatea.

2. Gaztaroan eta helduak garenean, ez dugu logela berdin apaintzen. Zergatik?
Lehenengo gaztea zara, bilatzen dituzu ereduak eta nolabait hori jartzen duzu zure gelan. Ereduak edo askotan igual jartzen dituzu zure gurasoen kontra-ereduak, edo nolabait, garai horretan, ari zarelako zure nortasun propioa eraikitzen eta adierazten eta indartzen. Eta gero beste momentu (une) batean, ba hori, nolabait zuri plazerra edo zuri nolabait zure nortasunarekin bat datozen kontuak ipintzen ditugu, ezta? Nolabait natura maite badugu, segur aski ipiniko dugu paisaiak; eta oso, ez dakit, oso bizitza urbanoa eta eramaten badugu, ipiniko ditugu beste motatako afixak…

3. Asko aldatu da apaintzeko modua azken urteetan?

Nire ustez, juxtu hori bada Mass Mediaren kulturaren garapenaren eragina ezta? Hori da, lehenengoan nerabeek eta gazteek eta edukiko zituzten euren ereduak, baina euren herrian edo segur aski egunero ikusiko zituzten nolabait beraientzako (beraientzat) eredugarriak ziren pertsonak edo noizean behin ikusiko zituzten. Gaur egun, hori da askotan ereduak bilatzen ditugu Mass Median, hirugarren mundu horretan. Orduan hori, oso eskuragarri ditugu argazkiak, kartelak eta abar, ezta? Beste garai batean ere diskekin praktikatu da asko hori, hori gaur egun nahiko desagertuta dago, ezta? Baina bai, orduan hor hori, beste motatako idoloak edo ereduak ditugu eta horiekin beste harreman komunikatiboa ere daukagu ba hori.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 29, 2017
Number: 15466547
Duration: 00:03:17
Number of visits: 5856