Aldizkari Digitala

Altzoko Handia

"Handia" izeneko filma aurkeztu dute Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean.

Altzoko Handiari buruzko pelikula honek ikusmin handia sortu du. Ikusmina, alde batetik, pertsonaia ezaguna delako euskal tradizioan, eta, bestetik, aurreko urteetako filmek lortutako arrakastak segida izan dezala nahi duelako jendeak. Ea aurten Urrezko Maskorra lortzen dugun!

Ezaguna dela esan dugu Altzoko Handia (1818-1861) Baina hala al da? Nor zen benetan? Handia filmaren zuzendarietako batek dioenez, datu gutxi daude Altzokoaz. Horrek pelikulan askeago ibiltzeko aukera eman omen die Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariei. Dena den, Luis Angel Sanchez antropologo madrildarrak uste du badagoela nahikoa datu, agian ez film bat egiteko, baina bai, ordea, liburu bat idazteko, eta horretan ari da. Daturik interesgarrienak Erresuma Batuko artxiboetan aurkitu ditu. Hemengoetan ere baziren beste batzuk.

Gaztetan handitzen eta handitzen
Altzoko Handiaren benetako izena Migel Joakin Eleizegi da, eta zortzi anaia-arreba izan zituen. 10 urte zituenean ama hil zitzaion, eta 20rekin etorri zitzaion bere bizitza aldatu zion gaitza: akromegalia. Neurri gabe hasi zen handitzen. 2, 27 metro luze zen, eta 2, 47 besoak zabalduta, puntatik puntara. Pisua 203 kilo. Buruaren diametroa 62 zentimetro eta oinetakoak, Donostiako San Telmo museoan daudenak, 39 zentimetro.

Neurri horiengatik jendeak uste zuen oso indartsua zela, baina, Luis Angel Sanchez antropologoak dioenez, osasun-arazoak zituen: giharretako mina, artikulazioetakoa, ibiltzeko makulu baten beharra, osteoporosia ziurrenik…

Garai hartan, enpresari amerikar batek zirkora eramaten zituen akromegalia eta bestelako gaitz bitxiak zituzten pertsonak. Horrela bizi zen enpresari hori imitatu nahian-edo, gizon nafar batek akordio bat sinatu zuen Erraldoiaren aitarekin, semea herriz herri ibiltzeko erakusgai, aurrena Euskal Herrian, gero Espainian eta azkenik Europan. Toki guztietan Euskal Erraldoi gisara aurkezten zuten. Ingalaterran beste erraldoi batekin ezkonarazi nahi izan zuten, baina ez zuen nahi izan. Mito bat izan zen Europan, kantak ere eskaini zizkioten. Londresen, Parisen, Madrilen, hainbat errege-erregina ezagutu zituen. Eta ezagutu zuen erregina horietako bati, Isabel II.ari, eskutitz bat ere idatzi zion, zergak ordaintzetik aske uzteko eskatuz, eta Gipuzkoako Ogasun batzordera ere idatzi zuen bizitza osorako pentsioa eskatuz.

Idatzi hauekin harritua dago Luis Angel Sanchez, zeren antropologo honek dioenez, altzotarra ez zen behartsua. Zalgurdian bidaiatzen omen zuen, eta garestia omen zen hori. Eta testamentuan ere diru dezente utzi zuen,  batetik bere alde mezak egiteko eta bestetik bere senideentzat.

Altzoko Handia, turismorako ardatz
42 urterekin hil zen Altzoko Erraldoia, eta hilda gero ere eman du zeresana. Izan ere, bere gorpuzkiak ez dira azaldu. Luis Angel Sanchezek ez du uste lapurtu dituztenik, baizik eta urteen poderioz hilerria txiki geratu eta hilobia beste norbaitentzat erabiliko zutela Altzokoek.

2016an, Donostia Europako kultura-hiriburua zela aprobetxatuz, opera eta txotxongiloak uztartuz, Altzoko Handiari buruzko emanaldiak izan ziren Euskal Herrian. Garai horretan Altzoko Udala herrira turismoa erakartzeko eta herria bera biziberritzeko, turismo-plana lantzen hasi zen, herriko semea ardatz hartuta. Zerbait egin beharra zegoen, are gehiago kontuan hartuta herriko taberna bakarrak ere ateak itxi zituela betiko. Herria biziberritu behar zen, eta herriko seme ezagunak hori egiteko aukera eskaintzen zien.

Ea ba Altzoko seme horrek pelikula on batez gozatzeko aukera ematen digun, euskaraz gainera. Zuzendariek esana da berez bi direla protagonista nagusiak, Erraldoia eta bere anaia Martin. Urriaren hasieran Londresko BFI Zinema jaialdian emango dute eta gero Euskal Herriko aretoetara etorriko da. Ingalaterratik Euskal Herrirako bidea egingo du, beraz, filmak, bere garaian Altzoko Handiak egin zuen bezala.

"Gipuzkoako Hitza" 2017/09/15
(moldatuta)

Hiztegi lagungarria:

•    Ikusmin handia sortu du. Ikusteko gogo handia piztu du.
•    Ea aurten Urrezko Maskorra lortzen dugun! Ea aurten Urrezko Maskorra, sari nagusia, irabazten dugun.
•    Neurri gabe hasi zen handitzen. Neurriz kanpo, gehiegi, hasi zen handitzen.
•    Ibiltzeko makulu baten beharra. Makila bat behar zuen ibili ahal izateko.
•    Ingalaterran beste erraldoi batekin ezkonarazi nahi izan zuten. Ingalaterran beste erraldoi batekin ezkondu nahi izan zuten.
•    Zergak ordaintzetik aske uzteko eskatuz. Zergak ez ordaintzeko askatasuna eskatu zuen.
•    Bere alde mezak egiteko. Altzoko Handiak dirua utzi zuen bere alde mezak egin eta ordaintzeko, bera hil ondoren egiteko, alegia.
•    Izan ere, bere gorpuzkiak ez dira azaldu. Alegia, bere gorpua ez dela azaldu.
•    Urteen poderioz hilerria txiki geratu. Urteak pasata hilerria beteta geratu zela, hilobirik gabe.
•    Opera eta txotxongiloak uztartuz. Emanaldi berean opera eta txotxongiloak elkartuz.
•    Herria bera biziberritzeko, turismo-plana lantzen hasi zen, herriko semea ardatz hartuta. Herria bera indarberritzeko, turismo-plana lantzen hasi zen, herriko semea oinarri hartuta. 

 

Segidan, Migel Joakin Eleizegi jaio zen Altzo herrian pertsonaiaren berri emateko egingo diren aldaketa batzuen berri ematen duen bideoa duzu ikusgai:
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Sep 26, 2017
Number: 15425960
Number of visits: 5581