Aldizkari Digitala

Armiarma, irakurleak harrapatzeko sarea

"Nolako itxura du Paddy Rekaldek?". Zaldi Ero idazleekin webgunean ikus daiteke. "Kafka euskaraz irakurtzeko modurik ba al dago?". Euskarari ekarriak gunean dago itzulitako autoreen zerrenda. "Nola hartu dute kritikariek Edorta Jimenezen azkeneko lana?". Kritiken hemerotekara jotzea besterik ez dago erantzuna bilatzeko eta aurkitzeko. "Zer da Xahorentzat errepublika?". Klasikoen gordailuak dauka definizio hori. "Eta… zer dute horiek guztiek komunean?". Bada, Armiarma.com Interneteko atariak lotzen ditu horiek guztiak.

Euskal kulturaren barruan parekorik ez duen proiektua da Armiarma. Mikel Elorza arduradunak horrela definitu du: “Armiarma euskal literaturaren sarea da eta, era berean, literatura sarean”. Susa argitaletxeak duela hamalau urte abiatu zuen Elorzak gidatzen duen ekimena. Euskal literaturarekin zerikusia zuten hainbat baliabide, Interneten, denen eskura jartzea izan zen sorrerako helburua.

Itxura soila eta egitura erabilerraza dauzka armiarma  webguneak.

 

Literatur aldizkariak eskuratu nahian
Armiarma atari moduan sortu zen, eta Interneteko toki horretan hainbat gune aurki daitezke. Hastapenak ekarri ditu gogora Elorzak, “Literatur aldizkarien gordailuarekin hasi zen, euskarazko literatur aldizkariak bilduz; eta hori pixkanaka Armiarma bihurtu zen”. Internetek eskaintzen dituen aukerez konturaturik ekin zioten mende honen hasieran lanari Zarauzko argitaletxeko kideek. XX. mendeko 80ko hamarkadako literatur aldizkariak ezin zituztela eskuratu ikustean abiarazi zuten Literatur aldizkarien gordailua. Elorzaren zehaztapena: “Batetik, horiek ez zeuden jendearen eskura, eta konturatu ginen Internet horretarako tresna oso aproposa zela”. Gauzak horrela, aldizkari horiek, eta gehiago, biltzen hasi ziren. Digitalizazio-prozesuaren ondoren, mundu guztiarentzat eskuragarri jarri zituzten.

Hainbat gune
Beñat Sarasola gunearen erabiltzaile da, eta, bertan hamaika altxor aurkitu dituela dio. Horien artean Pott aldizkariaren artikulu bat nabarmendu du: “Gogoan dut Koldo Mitxelenaren hitzaldi bati egin zioten kritika ironiko-kritiko umoretsua”.
 

Ustela aldizkaria osorik aurkitu daiteke Armiarman. 70eko aldizkari honetan egungo euskal literaturan pertsonaia handiak diren Koldo Izagirrek eta  Bernardo Atxagak idatzi zuten.

 

Literatur Aldizkarien Gordailua-k bideak ireki zituen. Hain zuzen ere, honen ondoren sortu zirelako atariko beste webgune batzuk. Susa argitaletxeak egin ditu bertan aterpe aurkitu duten proiektu gehienak. Batzuei bakarka eta beste batzuei lankidetzan ekin diete. Elorzak Klasikoen gordailua nabarmendu du; Armiarmak berak osatu duen arren, eduki badaukalako jatorrian beste norbaiten lana. “Patxi Salaberri unibertsitate-irakaslearen lana dago oinarrian, eta berarekin lankidetzan egindako lana da hau”. Euskal Lokuzioak Sarean gunea, berriz, Koldo Izagirre idazlearekin batera egindakoa da. Lankidetza horien azkeneko adibidea dira Mielanjel Elustondok egindako argazkiak; horiek Zaldiero idazleekin atalean daude bilduta.


Ekimen honen hartzaileaz galdetuta, Elorzak ondo azaldu du: “Ez genuke nahi erabiltzaile akademikoak bakarrik izan. Literatura maite dutenen eremu bat izatea nahi dugu”. Are gehiago zehaztu digu. “Guk, esaterako, 60ko hamarkadako liburu bat sarean jartzen dugunean, guk buruan daukaguna da liburu hori irakurri edo ezagutu nahi izango duen jendea”. Hala ere, jakin badakite literatura ikertzen dutenentzat oso baliagarria dela, eta erabili egiten dutela.


Sarasola bera da gorago esandakoaren adibide bizia. Armiarmaren erabilera akademikoa egiten du irabazi berri duen Santi Onaindia bekarako ikerketa osatzeko. Literatur aldizkarien eragina euskal sistema literarioaren osaeran lana osatzen ari da, eta, horretarako, ezinbesteko tresna dauka Ibinagabeitia proiektua, hau da, Armiarmaren barruko Literatur aldizkarien gordailua. Baina irakurle soil gisa ere erabili du webgunea, batez ere Kritiken hemeroteka. “Begiratzeko liburuek zer kritika izan dituzten, bai oraingoek eta bai zaharrek ere”. Hain zuzen ere, azkeneko hau da Sarasolaren kuttuna: “euskal literaturaz arduratzen hasi nintzenean nahiko erreferentziala izan zen”.

Helburuak betetzen
Bi helburu nagusi lortzeko sortu zuten Armiarma: euskal literatura ezagutzera ematea, eta literatura hori bera jendearen esku uztea. Proiektuaren arduradunak dioenez, biak betetzen ari dira, baina ñabardurak ere egiten ditu: “Gauza asko egin ditugu, baina oraindik ere gauza asko falta dira. Hala ere, jendeak aitortu egiten du egindako lana, esan egiten digute erabiltzen dutela”. Bai Elorza arduradunak eta bai Sarasola erabiltzaileak denei irekitako webgunea dela diote. Eta biek egin dute webgunea erabiltzeko gonbita. Sarasolak nabarmendu duenez, “edozein irakurlerentzako da egokia”.


Proiektu honen moduko biltegietan erronka nagusiak berritzea eta gaurkotzea dira. Mota honetako lanak utzita daudela irudi dezakeelako. Elorzak, hala ere, ñabardura egin du. “Armiarman dauden webguneetako batzuk bukatuta daude, guk bukatutzat eman genituelako. Egia da horietako batzuk osatu daitezkeela, baina guk bukatutzat eman genituen”. Honen adibide gisa, Klasikoen gordailua aipatu du. “Gordailuan daude euskal literatura klasikoaren obra inportante denak, eta hain inportanteak ez diren asko ere bai. Hor ia dena jarrita dago, baina dena ez. Ziur aski osa liteke, baina gu ez gara iristen”. Beste atal batzuetan, berritzeko beharra ez dute ikusten, lana ondo bukatutzat ematen dutelako. Sarasola erabiltzaileak bere egiten du bizirik mantentzeko eskaera; “gauza berriak sortzea baino gehiago, daudenak bizirik mantentzea” sustatzen du. Hala ere, argi utzi du: arduradunei eskatzen die egiten ari direna egiten jarraitzea, ondo jarduten direla uste baitu.

Armiarma barruko Liburu elektronikoak atalean ia 400 liburu daude eskuragarri; doan eskura daitezke literatura unibertsaleko idazlan asko eta euskarazko klasiko ugari. / Mikel Goñi

 

Armiarmako beste webgune batzuk, ordea, asteroko maiztasunaz gaurkotzen dituzte. Elorzak gogora ekarri du, besteak beste, astero bidaltzen duten Literatur emailuak. “Egia da, hala ere, hainbat proiektu utzita gelditzen direla Interneten. Baina beste batzuek ez dute berritzea behar, lana ondo bukatuta badago, kito”.

Entzun nahi baduzu Susa argitaletxeko arduradun batekin egindako elkarrizketaren zati bat, jarraian daukazu:

Transcription:[+] Transcription:[-]

Bada, oso ondo. Oso ondo. Harrituta utzi gaitu gu, gu-geu. Esan nahi dut, e... ia bi mila liburu saldu ditugu bi urteko... bi urte eta bi hilabete daramatzagu, eta bi urte eta bi hilabete horietan ia bi mila, edo mila eta zortziehun, ez dakit zenbat diren salduta dauzkagunak honez gero. Eta esperientzia oso-oso ona, sentido horretan. Bat, erakusten duelako badaudela liburu elektronikoa baliatzen dutenak, eta ez hori bakarrik, erosten dutenak, ezta? Gure liburu elektronikoak salgai daude, hiru euro koma hirurogeita hiruko prezioan, eta jendeak erosi egiten du. Eta gainera, jende asko dago erosketa bat baino gehiago egiten... egin izan duena, ez? Behin erosi liburu bat eta gero beste bat. Eta alde horretatik esperientzia positiboa izan da, balio izan digu ikusteko bada beno, jendeak baliatzen duela, erabiltzen duela, eta euskaraz, euskarazko liburu soporte horrek, liburuaren soporte horrek badaukala, badaukala funtzionamendu bat eta indar bat. Balioa izan digu konturatzeko ez dela oraindik ere... daukan eragina ez dela inolaz ere apokaliptikoek deskribatzen zutena; oraindik ere papera da nagusi. Eta gero, hiru, bada... balio izan digu bada zenbait... beste zenbait esperientziaren, beno, okerra, gure ustez demostratzeko, ez? Guk hor, prezio-politika... politiko bat egin genuen. Esan genuen: gure ustez hau merke jarri beharreko zera bat da... e... prezio egoki batekin jarri beharra dago; bada, beste batzuek kontrakoa egiten zutelako, ez?

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Feb 18, 2014
Number: 1530036
Duration: 00:01:50
Number of visits: 6834