Aldizkari Digitala

Abiatu da Euskal Sortzaileak Sarean programa

Euskara, jalgi hadi plazara! da Bernat Etxepareren bertso ezagunena, baina olerki berak Euskara, jalgi hadi mundura! dio beste pasarte batean. Izpiritu hori bera jasota, Euskal Sortzaileak Sarean programa abian jarri du Etxepare Institutuak, Mintzanet proiektuaren laguntzaz. Egitasmo honen lehen ekitaldian parte hartu dute Eider Rodriguez idazleak eta Poloniako unibertsitate bateko euskara-ikasleek, teknologia berriak baliatuta.

Etxepare Euskal Institutuarekin batera
Etxepare Euskal Institutuak abian duen irakurle-programaren osagarri da Euskal Sortzaileak Sarean izeneko egitasmoa. Erakundearen zuzendari Aizpea Goenagak adierazi duenez, “gure kulturaren zabalkundean urrutiago iristea” da ekimen honen helburua. Modu askotara zabaltzen du Euskal Jaurlaritzaren organo horrek euskal kultura; horien artean funtsezkoa da kanpoko unibertsitateetan egiten den jarduna.

  

Mintzanet proiektuaren plataforma erabili zuten Euskal Sortzaileak Sarean lehen ekitaldian.
Irudian Eider Rodriguez idazlea, Ritxi Lizartza Maramara taldeko arduraduna eta Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga eta Mari Jose Olaziregi.

 

Mundu osoko 38 unibertsitatetan dauka presentzia Etxepare Institutuak. Hori gauzatzeko, euskara-irakurletza programa erabiltzen du; hau da, euskara eta euskal kultura irakasten duten 34 irakasle-irakurle plaza sortu eta bete ditu ikastegi horietan. Irakurle horien lana errazte aldera, institutuak hainbat ekimen ipini ditu abian. Esaterako, Etxepareko arduradunek diotenez, Euskara Munduan programarekin elkarlanean aritzen dira irakurleak. Programa honen helburu garrantzitsuena da Euskal Etxeak hornitzea euskarazko eskolak emateko behar dituzten irakasleez”.

Aurreko guztia gauzatzeko, institutuak hainbat baliabide prestatu ohi ditu irakurleentzat, adibidez, Euskal Sortzaileak Sarean. Munduko unibertsitate horietako ikasleek eta irakurleek sortzaileekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera daukate, ekimen honi esker. Horretarako, Mintzanet proiektuak garatu duen bideokonferentzia plataforma hasi dira erabiltzen. Hain zuzen ere, 2013ko azaroan ekin zioten ekimen berri honi. Eider Rodriguez izan zen lehen sortzailea. Idazleak Internet bidez eman zituen Katu jendea ipuinaren inguruko azalpenak, eta Poloniako Adam Mickiewcz unibertsitateko ikasleak zeuden konexioaren beste aldean.

Esperientzia interesgarria
Poznan hirian zeuden Amaia Dones irakurlea eta bere ikasleak. Donostian, berriz, idazlea eta Etxepareko arduradunak. Hori bera izan zen ekimenaren aurkezpen-ekitaldia. Institutuaren Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendari Mari Jose Olaziregik ezin interesgarriagotzat jo zuen lehendabiziko esperientzia hori. “Programak eman dezakeena iradoki du. Ikasleek idazlearekin izan duten solasaldian argi ikusi da programaren helburua dela euskal sortzaileen lana ezagutzera ematea”.


Olaziregik tokian tokiko irakurlearen inplikazioa nabarmendu zuen. Helburua ez da ikasleak euskal sortzailearekin fisikoki egotea. Arduradunak zehaztu zuenez, “bere sorkuntza hizpide izanik, berarekin eskoletan solasaldia edukitzea, eta edukia urteko programa akademikoan zehaztu diren helburuen araberakoa izatea. Tresna pedagogiko bikaina da programa hau, osagarria”.

 

 

Institutuko hainbat irakurle eta langile elkarrekin, 2012ko udan Donostian egindako bilkura batean. (Argazkia: Etxepare Institutua)


Rodriguezek Poloniako ikasleekin egindako solasaldia arrakastatsu ikusi du Olaziregik. Dones irakurlearen lan bikainean aurkitu du dena ondo irtetearen arrazoietako bat. Hala ere, egitasmoak beste tokietan ere ondo funtzionatuko duela uste du. “Zinez uste dut egitasmo honek harrera bikaina izango duela, eskura jartzen baititu, modu erraz eta eraginkorrean, euskal sortzaileekin harreman zuzenak izateko aukerak”.

Saio hauek ordubete inguru iraungo dute; baina irakurleek bere ikasleekin prestatu beharko dituzte aldez aurretik, programaren arduradunen asmo pedagogikoetara egokitzeko. Rodriguezen kasuan, Katu jendea ipuina irakurri zuten Donesen ikasle poloniarrek. Ondoren, bideokonferentzia gauzatzeko unean,  prestaturiko galderak eta iruzkinak egin zizkioten Errenteriako idazleari. Lehen saio horretan hamaika galderari erantzun zien: egilearen idazketa-prozesua, itzulpengintzarekin duen harremana, euskaraz idaztearen zergatia, ipuineko protagonisten adinaren garrantzia edota katuen metaforaren esanahia… Saio osoaren bideoa mintzanet.net webgunean ikusi ahal izango da, eta baita ondorengoak ere.



 

Olaziregiren ustez, arrakastaren beste arrazoietako bat informatika-azpiegituran dago. “Konexioak ongi funtzionatzen badu bai, eta horretan Mintzanet proiektuko kideek lan bikaina egin dute, guztia erraztu eta eraginkor bihurtzeko. Sortzailearentzat oso erosoa da, berari ongi datorkion lekutik egin baitezake konexioa”.
 

Mintzanet, solaskideak 24 orduetan
Euskara eta Internet uztartzen dituen proiektua da Mintzanet. Hori egiteko modu asko daude, ordea.  Hizkuntza hau ikasten ari direnak eta, dagoeneko, dakitenak sare informatikoen bidez elkartzean datza egitasmo hau. 

Teknologiari esker, gero eta errazagoa da jendea harremanetan jartzea.

 

Ia 500 lagunek eman dute izena eta egunerokoan 250 pertsonatik gora aritzen dira euskara praktikatzen, Mintzanet.net webguneko baliabideak erabilita. Ekimen hau egokia da agendak bateratu eta distantziak laburtzeko. Etxetik irten gabe eta erlojuari erreparatu gabe hitzorduak ezar daitezke, erraza delako agenda bateragarriren bat aurkitzea mundu osoko jendearen artean. Mintzaneteko partaideen artean, hainbat herritako erabiltzaileak daude, beste batzuen artean, Kanadakoak, Mexikokoak, Zeelanda Berrikoak eta, batez ere, Euskal Herrikoak. Zerrenda horretan sartu nahi duenak Internet bidez izena ematea besterik ez du.

Maramara hizkuntza-zerbitzuak 2012. urtean sortu zuen Mintzanet, hainbat erakunderen laguntzari esker, eta abian dauden mintzalagun ekimenen sareko aldaera izateko sortu bazuten ere, bere jarduna zabaldu du. Zabaltze honetan, Etxepare Institutua ere eduki du bidelagun. Bere erabiltzaileen arteko harremana gauzatzeko, Mintzanetek kanpo zerbitzuak erabili zituen hasieran, baina 2013. urtean berezko bideokonferentzia plataforma garatu zuen. Tresna berriak ateak zabaldu zizkien Euskal Sortzaileak Sarean bezalako egitasmoei. Laster, telefono bidezko aplikazioa ere erabili ahal izango da.

 

Poznan-eko ikasleak eta Eider Rodriguez idazlearen arteko elkarriztearen zati bat daukazu jarraian.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Ikasle 1: Kaixo! Ane naiz, eta nire galdera da: Zein garrantzi dauka zuretzat euskaraz idazteak?
   
Eider Rodriguez:  Beno, niretzako euskara tresna bat da, eta oso lotua dijoa... e... idazteko nahiari. Baina ez da tresna, nola esan?... ez da apendize bat. Tresna horren... tresna hori ez da idazkuntzaren apendize bat, baizik eta barru-barruan txertatua dagoen zerbait. Beraz, ez dut ulertzen, ez dut sentitzen idazketa ez bada... e... euskaraz, ez?

Ikasle 1: Mila esker!

Eider Rodriguez: Zuri.

Ikasle 2: Kaixo! Ni Tesa naiz eta galdetu nahi dut: Nola da zure idazteko prozesua?

Eider Rodriguez: Nire idazteko prozesua? Bada hasiera, behintzat, abiapuntua izaten da oso... e... beno... bizipen bat edo... beno batzuk... bai... gertatzen den gauza, normalean, oso txiki eta oso ezdeus bat joaten dena... hor gelditzen dena hor nonbait, eta poliki-poliki joaten da hazten landare bat bezala. Eta bat-batean konturatzen zara, bada, buruan jada ez zaizula kabitzen. Eta orduan, beno, pasatzen duzu pixka bat, nire kasuan, paperera, beti eskuz. Oso organikoa da, zentzu horretan. Eta hor uzten dut, pixka bat beratzen. Eta handik denbora batera, e, oraindik bizirik jarraitzen baldin badu bada heltzen diot berriz ere testuari, eta paperean, eskuz idazten dut. Eta behin jada gutxi gora-behera daukadanean.. bada... taxututa-edo, hasten naiz.. bada... teknologiarekin borrokan bada horri forma ematen-eta.. eta hori. Baina, normalean, izaten da... hori izaten da prozesua.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 16, 2014
Number: 1506118
Duration: 00:01:50
Number of visits: 3742