Aldizkari Digitala

Hirien pertsonalitatea aldatzen ari da?

Hiri guztiak etengabeko aldaketan daude, baina nola aldatu bakoitzaren esentzia galdu gabe?

Gure herriak eta hiriak asko aldatzen ari dira urtetik urtera: eraikin berriak egiten ditugu, hainbat kale oinezkoentzat bihurtu, bidegorriak sortu, denda modernoak ireki, tabernak eraldatu…  Horrek hiri bakoitza berezi bihurtzen duela uste duzu?

Gaur egun, munduko ia hiri guztietan antzeko kale bat topatuko dugu: nazioarteko kate nagusien dendak eta eraikitzaile handiek egindako etxeak ditu, eta hiriaren erdigunean dago. Berlinen, Londresen, Parisen, Madrilen edo Bilbon egon, guztietan ikusiko dugu Zara, Pull and Bear, Stradivarius edo Woman’s Secret. Hala ere, errealitate hori beti izan da horrelakoa?

Hiri gehienek plan estrategiko bat dute. Horren bitartez, hiria etorkizunean nolakoa izango den zehazten dute agintariek, eta hori lortzeko zer behar den aurreikusten dute. Gu Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari-koordinatzailearekin bildu gara, Kepa Kortarekin (Ordizia, 1959), hain zuzen ere. Gipuzkoako hiriburuan 2020. urtera arteko plana dute eskuartean, eta erronka nagusien artean honako hauek dituzte: gai inklusiboak, ingurumena, garraioa, ekonomia...

KOLONIZAZIOA
Merkataritzara ere globalizazio-prozesua iritsi da. Munduko edozein hiritara oporretara joaten bagara, denda berdinak aurkituko ditugu. “Merkatari txikientzat konpetentzia handia da. Izan ere, multinazionalek dirua dute, eta, beraz, erdiguneko lokal handiak eskuratzen dituzte”, kontatu digu. Kortak fenomeno horri izena jarri dio: “Niretzat kolonizazioa da. Nire lagun batek, berriz, hiriek aireportuak ematen dutela esaten du”.

Arazoa zein den badaki, eta, horregatik, Plan Estrategikoan konponbidea bilatu nahi diote horri. “Ez dakigu nola, baina egingo dugu. Bestela, Pragari edo Veneziari gertatu zaiena gertatuko zaigu eta pena da”, azaldu digu Estrategia bulegoko zuzendari-koordinatzaileak.

GASTRONOMIA GURE BEREZITASUNA DA
Zergatik etortzen da hainbeste jende Euskal Herrira? Beste gauza askoren artean, oso ongi jaten dugulako. “Japoniarrak gure esperientziaren berri izatera etorri ziren, arlo horretan eredua garelako”, adierazi digu elkarrizketatuak. Zentzu horretan, hori da Euskal Herriaren berezitasun bat. Gauza bera lortu beharko genuke beste alor guztietan: “Leku bakoitzak bere berezitasunak eduki behar ditu, horrek egiten baitu erakargarri”. Hiri guztietan gauza bera topatzen badugu, nola bereiziko dugu bata edo bestea?”, esan digu.
Beraz, Kepak oso argi du: “Bakoitzak bere eredua eraiki behar du eta ez beste batena kopiatu”.

TURISMOA
Donostiako ekonomian turismoak garrantzi handia du. “1843. urtean erregeak etortzen hasi zirenetik, hiri turistikoa da”, azpimarratu du Kortak. Azken aldian, turismoak eztabaida sortu du herritar artean, hainbat hotel eraikiko direlako. “Gure estrategia zehaztu behar dugu, frenoa jartzeko beharrezkoa bada”, gehitu du.

Turismoa, merkataritza, gastronomia eta arkitektura ere aipatu dizkigu Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak: “Calatravak, adibidez, antzeko zubiak eraiki ditu munduko hainbat hiritan. Baina horretarako kontuan hartzen ditu lekuko kultura edo egitura? Nire ustez, ez”. ‘Arkitektura Izarra’ mundu osora zabaldu da eta, Calatravak bezala, hainbat arkitektok bere estiloa zabaldu dute. “Moda bat egon da: arkitektura eta merkataritza bera aurkituko ditugu mundu globalizatu honetako txoko guztietan”.

Eta zuri, zer iruditzen zaizu? Hiri guztietaneraikin eta denda berdinak ikusten dituzu? Hiriek pertsonalitatea galdu dute? Hala bada, hori ez gertatzeko, zer egin daiteke?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Hiri guztietan kale berdina dago: denda eta eraikin antzekoekin. Zer gertatzen ari da?
Alde batetatik (batetik) dago globalizazio prozesu bat, eta hori nik askotan aipatzen dut, erabiltzen dut hitz bat, da
kolonizazioko prozesu bat, ez? Eta kolonizazio hori zer motatako kolonizazioa? Azkenean, gertatzen ari da, zu
joatean zara, Europan behintzat, eta kanpoan ere, azkenean, bihurtzen ari gara berdinak. Eta bat (batek)
erabiltzen zuen terminoa, “ematen du zaudela edozein aireportutan”.

2. Plan Estrategikoak zerbait egiten du hori ekiditeko?
Bai, zerbait egiten ari da hor, baina bai ikusi dugu momentu honetan, eguneratze-prozesu honetan, Plan
Estrategikoaren eguneratze-prozesu honetan, behar dugula fokoa jartzea hor. Eta horretarako, baita daukagu
helburua estrategi bat edo eraikitzea hor. Eta estrategia hori (horrek) badu zerikusirik azkenean juridikoki zer egin
leike, zer egin dezakegu hori, posizio hori edo beste leku batean jartzeko. Oso zaila da, oso zaila da, baina bai
ikusten da zerbait egin behar dela.

3. Hiriak pertsonalitatea galtzen ari dira?
Nik uste dut arriskua dagoela galtzeko. Niretzat gaude momentu batean, adibidez, herri askok ikusten duzu
azkenean kopiatzen ari direla ereduak, ez? Bilboko kasua, adibidez, ez? Bilboko kasua kopiatu dute leku askotan,
ez? “Arquitectura Estrella” (Arkitektura Izarra) edo ez? Erabili dute baita leku askotan, baina nik askotan,
aurkezpenetan jartzen dut Calatravako (Calatravaren) kasua, eta daukazu zubi bat Dublinen, bestean, bestean…
Zuk jartzen duzu argazkia eta edozein… Ez dago lotuta azkenean hor dagoen kulturarekin edo azkenean
estrukturarekin eta abar. Orduan nik uste dut hor egon dela moda bat…

4. Zer egin daiteke hiriek pertsonalitatea ez galtzeko?
Ez dakigu nora joango den… Ikusten dugu lehen aipatu dugun globalizazio prozesua hor dago (dagoela) eta oso
zaila da jakitea noraino joango den, ez? Nik pertsonalki pentsatzen dut jende guztiak bilatzen duela singularidade
(berezitasun) bat. Eta galtzen baldin baduzu singularidadea (berezitasuna), galtzen duzu atraktiboa
(erakargarritasuna). Donostiara joatea gauzak erostera, bueno, daukat Madrilen berdina edo Bartzelonan edo
bestean. Orduan galtzen duzu atraktibo (erakargarritasun) bat, ez? Zergatik etortzen dira hona gastronomia
(gastronomiagatik)? Zeren daukate pintxoak eta da gauza desberdina beraientzako, ez? Eta kalitatearekin egiten
duzun gauza bat eta hori ere oso inportantea (garrantzitsua) da. Nik uste Donostian ere hori kontutan eduki
(kontuan hartu) behar da. Horretarako behar da, eredu hori ez badugu nahi, guk gurea eraiki behar dugu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 1, 2017
Number: 14432183
Duration: 00:04:12
Number of visits: 4351