Aldizkari Digitala

Annie Londonderry, munduari itzulia 15 hilabetean, eta bizikletan

Orain dela 120 urte "The New York Times" egunkariak argitaratu zuen: Annie Londonderry New Yorkera iritsi da mundua 15 hilabetean zeharkatu ondoren.

1895eko irailaren 24an, "The New York Times" egunkariak Annie Londonderryren balentria argitaratu zuen: New Yorkera iritsi zela mundua 15 hilabetean zeharkatu ondoren. Zati handi bat bizikletan egin zuen, eta, horrela, bi enpresarik egindako apustua irabazi: 10.000 dolar. Lehen emakumea izan zen holako bidaia bat egiten. Baina zergatik onartu zuen apustua? Has gaitezen hasieratik.

Annie 1870ean jaio zen, egungo Letonian. Benetako izena Annie Cohen Kopchovsky zen.  1875ean AEBra joan zen familia osoa. 17 urte zituenean gurasoak hil ziren. 1888an ezkondu egin zen, saltzaile ibiltari batekin. Bostongo hainbat egunkariren publizitate-moduluak saltzen zituen. 

Hiru haurren ama
Hiru haur zituen bi gizon aberatsek apustua egin ziotenean: munduari bira ematea, ahal zen gehiena bizikletan, dirurik gabe hasita. Epea 15 hilabete. Bi enpresariek esandako hainbat tokitatik pasatu behar zuen derrigor. 15.000 kilometro inguru ziren. Bi gizonek ez zuten uste gazteak apustua onartuko zuenik; emakumea zelako; ama zelako; judua, antisemitaz betetako herri batean, eta, gainera, ia sekula bizikletara igo gabea, ordu gutxi batzuk soilik. Baina Anniek onartu!!

Jende asko haserre bizian jarri zen: 5, 3 eta 2 urteko haurrak etxean utzita mundua zeharkatzera? Sinesgaitza eta onartezina zen askorentzat.

Bizikleta hartu, prakak jantzi eta senarra etxean utzi ume guztiekin? Jende asko ikaratuta zegoen Emakume Berri honekin.

Bidaia finantzatzeko, enpresa askoren iragarkiak eraman zituen bizikletan. Lehena, ur minerala saltzen zuen Londonderry enpresarena. Enpresa honekin bi akordio lortu zituen. Bat, iragarkia gurpilean eramateagatik 100 dolar jasotzea. Bi, enpresaren izena bere abizen bihurtzea. Miss Londonderry izango zen bidaia osoan. Abizen horrekin bere jatorri judua ezkutatu nahi zuen, eta seguruago bidaiatu. 

1894ko ekainaren 25ean abiatu zen Massachusetts hiritik, emakumeentzako 20 kiloko bizikleta batekin. Gona zeraman, orkatilaraino; aldatzeko arropa eta pistola bat ere bai. Chicagora iritsi zenean, 1.300 kilometrotik gora zeuzkan eginda. Argalago zegoen, udazkena hurbil zuen, eta apur bat etsituta zegoen.

Baina bizikleta-enpresa batek bidaia ordainduko ziola esan zion. Eta gizonentzako bizikleta bat eskaini zion, bestearen erdia zena kilotan. Eta Anniek onartu, balaztarik ez izan arren modelo hark. Galtzak janztea ere erabaki zuen, gonaren ordez. Beste erabaki batzuk ere hartu zituen erosoago eta azkarrago joateko. Adibidez, bideak aztertu zituen: zein zen erosoena bizikletaz joateko, txirrindulariei non ematen zizkieten jateko deskontuak, non egiten zuen eguraldi hobea… Eguraldi ona bazuen 10 kilometro egiten zituen orduko. Baina abiadura hori ez zen nahikoa apustua irabazteko. Azaro-bukaeran New Yorken zegoen, eta oraindik Europa, Afrika eta Asia geratzen zitzaizkion.

Itsasontziz heldu zen Europara, Frantziara. Bidaia-zatirik erosoena Frantziakoa izan zen, nahiz eta heldu zenean arazo burokratikoak izan mugan: bizikleta eta dirua kendu nahi zizkioten. Arazoa konponduta, bi aste behar izan zituen Paristik Marseillara iristeko, trenez eta bizikletaz; hanka bat minbera zuen. Marseillako egunkari batek “bidaiari ausarta” deitu zion. Marseillatik itsasontziz joan zen Egiptoraino, handik barrena segi eta Suez kanala pasatuta, Jerusalem, Sri Lanka, Singapur, Saigon, Hong Kong eta Japonia zeharkatu zituen. Kilometro asko egin zituen bizikletan, baina ez bizikletan soilik.

Emakume Berria
Bidaiak ospetsu egin zuen Londonderry. Enpresa askok eskaini zioten iragarkiak eramatea bizikletan, adibidez, bizikleta-gurpilak saltzeko, lurrinak... Zenbait  kazetari eta idazle istorioak asmatzen hasi ziren: Txinan espetxean izan zela, maitale japoniar bat izan zuela… Hitzaldi batzuk ere eman zituen, baina egia eta fikzioa nahastuta: Harvarden medikuntza ikasten aritu zela, umezurtza zela, tigreak ehizatzen  aritu zela Indian, Japonian espetxean sartu zutela…

Bidaia amaitzeko bi hilabete falta zirenean Japoniatik San Frantziskora joan zen, eta, handik, bizikletaz, Los Angeleseraino. Garaitsu horretan zaldi batekin talka egin eta bi egun eman zituen erietxe batean, odola botaz ahotik. 1895eko abuztuan Denver hirira heldu zen, eta gero Nebraska trenez zeharkatu. Iowan txerri-talde batekin istripua izan zuen eta eskumuturra hautsi. Estatu honetan bi txirrindulari ezagutu zituen eta berarekin joan ziren helmugaraino, Chicagoraino, eskumuturra igeltsuak babestuta.

14 egun geratzen ziren epea bukatzeko. Egunkari batzuek esan zuten aukeran gutxi ibili zela bizikleta-gainean, baina apustua irabazi zuen, eta aldika-aldika egunkari batean argitaratu bere balentriak “The New Woman” (Emakume Berria) sinadurarekin.

1947an hil zen, ia guztiek ahaztuta zuten Emakume Berri hura. 2007an Peter Zheutlin kazetariak Annie Londonderry bere arbasoari buruzko liburua idatzi zuen. 2011n Spin musikala egin zuten txirrindulariari buruz eta 2013an “The New Woman” dokumentala.

Jende askok ezagutzen du Jules Verne idazlearen Phileas Fogg fikziozko pertsonaia; oso gutxik, ordea, Annie Londonderry benetakoa.  

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA
•    Egungo Letonian. Gaur egun Letonia den herrialdean.
•    Pasatu behar zuen derrigor. Igaro behar zuen nahitaez.
•    Ia sekula bizikletara igo gabea. Oso gutxi ibilitakoa bizikletan.
•    Bere jatorri judua ezkutatu nahi zuen. Judua zela ezkutatu nahi zuen.
•    1.300 kilometrotik gora. 1.300 kilometro baino gehiago.
•    Bestearen erdia zena kilotan. Bestearen erdia pisatzen zuena.
•    Balaztarik ez izan arren modelo hark. Nahiz eta frenorik ez izan bizikleta hark.
•    Hanka bat minbera zuen. Mina zeukan hanka batean.
•    Umezurtza zela. Ez zuela amarik, aitarik edo gurasorik.
•    Garaitsu horretan talka egin zuen zaldi batekin. Garai horretan gutxi gorabehera kolpea hartu zuen zaldi baten aurka.
•    Aukeran gutxi ibili zela bizikleta-gainean. Beharbada gutxi ibili zela bizikletan.
•    Eta aldika-aldika egunkari batean argitaratu zituen bere balentriak. Aldizka, denbora-tarte jakin batean, egunkari batean argitaratu zituen bere balentriak.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 2, 2017
Number: 14294530
Number of visits: 4010