Aldizkari Digitala

Asun Garikano: "Itzultzea sekulako ikasketa da hizkuntza lantzeko eta idazten ikasteko"

Gasteizko hotel bateko kafetegian egin dugu hitzordua idazle, itzultzaile eta irakasle den Asun Garikanorekin (Tolosa, 1962). Gipuzkoarra sortzez, aspalditik bizi da Arabako hiriburuan Bernardo Atxaga bere senarrarekin eta bere bi alabekin. Gasteizen bertan egiten du lan irakasle eta "gustura eta lasai" bizi direla aitortu du.

Kafetegiko txoko eder bat aukeratu du solasaldirako, lasaia eta erosoa, bere bizimoduaren beraren isla: “Oso lasai bizi naiz; lanetik kanpo nire familiarekin egotea, irakurtzea eta ibiltzea gustatzen zait”. Tolosarrak azken fasean dagoen bere lan berriaz hitz egin digu: “Kaliforniakoak da izenburu probisionala eta, ziur asko, udazkenean ikusiko du argia”. Bere lanbidea eta itzulpengintza ere izan ditugu hizpide.
 

Zer topatuko du irakurleak zure liburu berrian?

Aurreko liburuan, Far Westeko Euskal Herria, 1848tik aurrera zeuden euskaldunei buruzko testigantzak jaso nituen, hau da, Kalifornian urrea aurkitu zen unetik aurrera. Liburu honetan, berriz, atzera jo dut eta Kaliforniako kontuak aipatzen dira, baina Kalifornia deskubritu zen unetik, hau da, 1560. urte ingurutik. Liburua une horretan hasi eta bestea hasten den momentuan bukatzen da, hau da, urrea aurkitzen denean.

Eta zer kontatzen da, ba?

Kaliforniaren deskubrimenduaren, esplorazioaren eta kolonizazioaren historia guztia kontatzen da, euskaldunen ikuspegitik. Hau da, Kaliforniaren hasierako urte horiek kontatuta daude bertan parte hartu zuten euskaldunen dokumentuetan oinarrituta. 1550. urte inguruan, pertsonaia bat azaltzen da, Fortun Ximenez izenekoa. Historialari guztiek esaten dutenez, Kaliforniako lurra zapaldu zuen lehenengo gizon zuria izan zen bera. Izen horrekin ez dirudi, baina Fortun Ximenez euskalduna zen. Hortik abiatuta, Kaliforniako hasierako lehen urte haietan, euskaldun asko ibili ziren, nabigatzaileak,  esploratzaileak, kolonizatzaileak, aurrerago misiolariak… Eta guztiak han aurkitzen zutenari buruzko txostenak idaztera behartuta zeuden. Horregatik, dokumentazio pila bat dago. Nik liburuan dokumentazio hori berreskuratu dut eta hori eskaintzen diot irakurleari, testuinguru batean kokatuta.

Adibidea jarriko diguzu?

Adibiderik politenetakoa jarriko dizut: 1760. urtean espedizio bat antolatu zen San Frantziskoko badia esploratzeko. Artean inor ez zen sartu bertan. Espedizioko kapitaina euskalduna zen, pilotua, Juan Bautista Agirre euskalduna zen eta kapilaua ere bai. Denek egunerokoak idatzi zituzten, bertan aurkitu zutena kontatzeko. Horiek izan ziren gaur egun Golden Gate gisa ezagutzen dena esploratu zuten lehen europarrak. Dokumentu horiek oso interesgarriak dira, une horretan zer zegoen erakusten dutelako; zer jende bizi zen, nolakoak ziren indioak, nolako harremana izan zuten lehenengo zuri horiek indioekin… Liburuan dokumentu horietatik pasarte interesgarrienak eta ederrenak aukeratu eta horiek euskaratu ditut.

Far Westeko Euskal Herria liburuari oso lotuta dago azkeneko hau. Zer moduzko harrera izan zuen lehenengoak?
Oso harrera ona izan zuen, oso iritzi onak jaso ditut. Nik liburu hori zorion handiz egin nuen, oso pozik egin nuen, eta irakurleak hori antzeman du. Lastima da jendeak fikzioa ez dena ez irakurtzeko joera duela. Historia gaiak direla esanez gero, jendeak atzera egiten du. Hori saiakera-liburua izan zen, eta horrelako liburu bat izateko asko irakurri dela uste dut eta ni oso pozik geratu naiz, jendeak transmititu nahi nuen hura jaso duelako. Gainera, hari esker, euskaldun askoren idazlanak iritsi dira irakurleenganaino, bestela ahaztuta zeudenak. Liburuak hara joan ziren euskaldunak nolakoak ziren deskubritzeko aukera ematen du; neurri handi batean, hemendik joandako jendeak hitz egiten du, beraien narrazioak dira eta hori garrantzitsua da.

Haien ondorengoekin harremanak izan al dituzu?

Bai, asko estimatzen dute aintzat hartuak izatea. Nik uste dut askotan bigarren mailako euskaldunak sentitu direla;horregatik, haiekin harremanetan jarri naizenean, baimenak-eta eskatzeko, erraztasun guztiak emateaz gain, poz handia hartu dute.

Nola sortu zen liburu hauek egiteko ideia?
Urtebete pasatu behar nuen AEBetan. 25 urte eman ditut irakaskuntzan eta nire arloa beti hizkuntza idatzia izan da. Beti kezka handia izan dut ikasleei testu politak, kalitatezkoak eta ederrak eskaintzeko. Eta pentsamendu hori eraman nuen hara: “Ia zerbait aurkitzen dudan euskaldunek idatzia”.

Material didaktikotik abiatu dira, beraz, liburuak.

Buruan hori nuela joan nintzen, baina ideia argirik gabe. Materialak bolumena hartu zuen azkenean. Nevadako artxiboetan begira hasita, inork irakurri gabeko material pila bat zegoela ikusi nuen eta erreskatatzea merezi zuela pentsatu. Dokumentuak deskubritzen ari nintzen une hori, liburuaren hasierako unea, emozio handikoa da. Bi libururekin gertatu zait gauza bera. Dokumentuetan gauza berri pila bat ikasi dut. Hemendik joandako gizon-emakumeek lehen pertsonan euren esperientzia kontatzeak ikerketa soziologiko askok baino gertutasun eta indar handiagoa du.

Eta nolakoak ziren hemendik hara joandako euskaldunak?
Gehienak oso pobreak ziren. Hemen bizimodua aurrera ateratzeko zailtasunak zituztelako joan ziren hara. Izaera aldetik, era guztietakoak ziren. Buruan daukagun irudia da gizonezkoak bakarrik joaten zirela, baina emakumezkoak ere joaten ziren. Lan aldetik, hizkuntza ez zekitenez gero, hango lanik okerrenetakoak egitea tokatu zitzaien: Neskame-lanak eta artzain-lanak. Bigarren belaunaldirako, gauzak erabat aldatu ziren. Bertan jaio zirenek aukerak izan zituzten ikasteko eta edozein arlotan lan egiteko, gizarte maila guztietan.



Asun,zuk, bestalde, itzulpengintzan ere lan handia egin duzu.
Bai, liburu asko itzuli ditut. Itzulpengintzak abantaila bat dauka: testua idatzita dago. Beraz, lanean ari naizenean, ez daukat orri hutsak ematen duen larritasuna. Horregatik jo nuen bide horretatik. Horrekin batera, nik suerte handia izan dut, hemengo itzultzaile askok bezala. Hemen dena itzultzeke zegoenez gero, klasikoak itzultzea tokatu zait. Beste hizkuntza batzuetan, itzultzaileek hori bera lortzen dute, baina lan pila bat egin ondoren, euren profesionaltasuna erakutsi eta gero. Guk ohore hori izan dugu. Ia beti itzuli ditut gustuko liburuak, liburuak itzultzea merezi zuela uste nuelako egin dut eta hori pribilejioa da. Itzultzea sekulako ikasketa da hizkuntza lantzeko, eta idazten ikasteko. Barruko hari guztiak, narrazioa nola eraikita dagoen, egiturak… Guztiaz jabetzeko aukera ematen du.

Senarraren lanak ere itzuli izan dituzu…
Bai. Hasieran ia erabat euskarara itzultzen nuen. Beranduago hasi naiz gaztelaniara itzultzen. Egia esan, berezia da idazlea teilatupean izatea (kar, kar). Klasikoak itzultzen ditudanean, ni neu naiz itzulpenaren jaun eta jabe, idazlearekin harremanik ez dagoelako. Egilea teilatupe berean bizi denean eta, horrez gain, elebiduna denean, bera da itzulpenaren jabea, ez itzultzailea. Berak erabakitzen du zer kendu, zer jarri… Berak dauka azken hitza.

IRALE programan egiten duzu lan. Azaldu zertan datzan.

Irakasleak euskalduntzeko sortu zen programa hau. Lehen urteetan horretan aritu ginen. Prozesuaren amaieran irakasleak tituluarekin ateratzen ziren. Orain, beste era bateko ikastaroak ematen ditugu titulua dutenentzat, euskara errepasatzeko helburuak dutenak, didaktikaren ikuspegikoak, euskal kulturari buruzkoak… Azken honetan, hutsune handia dago ikastetxeetan. Gasteizen, adibidez, milaka ikasle ari dira euskaraz ikasten, baina kulturaren transmisioa herren geratzen da irakasleak ez daudelako prest. Hori lantzen saiatzen gara.

Gure ikastetxeetako euskara-maila egokia al da?
Horrek baino gehiago, ni beste zerbaitek kezkatzen nau. Nola lortu gazteentzat euskararen mundua erakargarria egitea. Izan ere, mundu hori erakargarria egiten bazaio, hizkuntza landuko du: eskolan ez bada, eskolatik kanpo. Baina, mundu horrekiko sinpatiarik sentitzen ez badu, euskara-mailak ez du axola. Gazte askok euskararekin duten harreman bakarra geologia, teknologia edo natur zientziak euskaraz ikastea da; hau da, eskolako hizkuntza da, baina hortik kanpoko gauza erakargarri gehienak beste hizkuntza batzuetan aurkezten zaizkie.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Zer topatuko du irakurleak zure liburu berrian?
Lan luzea izan da, lau urte edo. Hilabete batzuk pasa nituen Kalifornian. Orduan, zer aurkituko du irakurleak liburu honetan? Beno, aurrez egin nuen Far Westeko Euskal Herria, eta liburu horretan kontatzen nuen edo jaso nituen euskaldunei buruzko testigantzak 1848tik aurrera, hau da, Kalifornian urrea aurkitu zen unetik aurrera. Orduan, liburu honetan atzera jo dut eta hemen Kaliforniako kontuak aipatzen dira, Kaliforniako euskaldunen kontuak, baina Kalifornia deskubritu zen unetik. Hau da, 1560. urte ingurutik. Orduan, liburua une horretan hasten da eta bukatzen da bestea hasten den momentuan, hau da, urrea aurkitzen denean.
Kontatzen du Kaliforniaren deskubrimenduaren, esplorazioaren eta kolonizazioaren historia guztia euskaldunen ikuspegitik. Hau da, Kaliforniaren hasierako urte horiek kontatuta daude bertan parte hartu zuten euskaldunen dokumentuetan oinarrituta. Hasi 1550. urte inguruan. Orduan pertsonaia bat azaltzen da, Fortun Ximenez izenekoa. Historialari guztiek esaten dutenez-eta hori izan zen Kaliforniako lurra zapaldu zuen lehenengo gizon zuria. Izen horrekin ez dirudi, baina Fortun Ximenez euskalduna zen. Orduan, horrekin hasita Kaliforniako hasierako lehen urte horietan, euskaldun asko ibili ziren, bai nabigatzaileak, bai esploratzaileak, kolonizatzaileak, aurrerago misiolariak… Denak behartuta zeuden hara joaten zirenean han aurkitzen zutenari buruzko txostenak idaztera. Orduan dokumentazio pila bat dago. Nik liburuan dokumentazio hori berreskuratu dut eta hori eskaintzen diot irakurleari.

Dokumentazio-lana zaila izango zen, ezta?

Dokumentazio-lana izan da oso luzea. Han nengoen bitartean hasi nuen, hango artxiboetan ibili nintzen, bai Berkleyn, bai Santa Barbaran, dokumentu batzuk horrela lortu ditut, beste batzuk modu harrigarrian aurkitu ditut, interneten bitartez. Esate baterako, kontatu dudan istorioa, San Frantziskoko badian sartu zen bake botean zihoan kapilauak idatzi zuena ba lortu dut San Frantziskoko antikuario baten bitartez.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 11, 2013
Number: 1406514
Dialect:
  • Batua
Duration: 03:35
Number of visits: 10409