Aldizkari Digitala

Boluntarioa al zara? Zein da zure kausa?

Denok gara solidarioak edo ia denok, behintzat. Galdetzen badigute, besteei laguntzeko prest gaudela esaten dugu normalean, ezta? Jarrera bat da, bizitzeko era bat, ingurukoei laguntzeko sentitzen dugun behar hori. Eta boluntariotza? Boluntariotzaren bidez, elkartasuna praktikan jartzen dugu, era antolatu batean, erakunde baten baitan eta modu jarraituan.

Estatu espainiarrean 3,1 milioi pertsonak hartzen dute parte boluntario gisa, biztanlegoaren % 8k gutxi gorabehera. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, % 10 ingurukoa da kopuru hori, baina oso urrun gaude beste herrialde batzuen mailatik: Erresuma Batuan % 33k hartzen du parte horrelako ekimenetan, eta kopururik handiena Herbeheretan aurkituko dugu, % 42. Hala ere, boluntariotza neurtzeko modu desberdinak daude, eta, beraz, oso zaila da kopuruak zehaztea.


Boluntario izan nahi badugu, hainbat gauza hartu behar ditugu kontuan: zenbat denbora eskainiko diogu? Eta zein alorretan lagundu nahi dugu? Ondoren, inguruko elkarteren batera joan gaitezke informazio bila, baina horrelakorik ezagutzen ez badugu, Gipuzkoan adibidez, Gizalde elkartera gerturatu gaitezke. Guk horixe egin dugu, eta bertan Miren Gurrutxaga arduradunarekin bildu gara.

NOR DA BOLUNTARIO?
Boluntario izan nahi duenak horretarako denbora izan behar du. “Erretiratuak edo etxekoandreak dira boluntariorik egonkorrenak. Euren bizitza antolatuta dute, eta horrek asko laguntzen die”, adierazi digu Gurrutxagak. Horiek helduak dira, baina gazteak ere hurbiltzen dira boluntariotzara: “Esperientzia berriak izan nahi dituzte, ikasi edo zerbait berria probatu. Hala ere, horien egonkortasuna konplexuagoa da”.


Garai batean, hamar edo hamabost urtez laguntzen zuen boluntarioak elkarte berean. Gaur egun, ordea, egoera oso bestelakoa da. “Ez da hobeak edo okerragoak garelako. Orain arlo profesionalean edo ertsonalean ez dugu egonkortasunik. Lehen errazagoa zen hori lortzea”, azaldu digu Mirenek. Beste adin tarteetakoek ere laguntzen dute, baina haurrak baditugu, lan arloan arrakasta lortzen ari bagara… Horrek gure lehentasunak zehazten ditu eta, agian, laguntza emateko tartea topatzea zailagoa izaten da: “Proiektuetan parte hartzeko moduak aldatu egin dira: nork esango zuen ziberaktibistak (edozein gairen inguruan, sarearen bidez protesta egin edo eskaerak zabaltzen dutenak dira) egongo zirela? Solidarioa den jendea lehen bazegoen eta orain ere badago”.

Miren Gurrutxagak boluntariotza zer den azaldu digu.

 

ALOR BAT BAINO GEHIAGO
Bakoitzak bere motibazioa aurkitu behar du. Horretarako, interesak eta denbora neurtu beharko ditu: adineko pertsonak, kultur artekotasuna eta immigrazioa, adin txikikoak, mendekotasunak, dibertsitate funtzionala, gaixotasunak, bazterkeria egoeran dauden pertsonak, lankidetza eta garapena, babes zibila eta larrialdiak, kirola, ingurumena… Mirenen ustez, “Zerbait egin nahi duenak bere txokoa topatuko du”.


Hala ere, laguntza eskaintzeko orduan, modak daude: “Krisi-garaian, jende asko langabezian geratu zen. Horren eraginez, jangelak eta elikagaien bankuak  jarri ziren modan. Orain, berriz, errefuxiatuen krisia dela eta, beraiei laguntzen zaie. Azken batean, ikusten dugunaren arabera mugitzen gara, ezta?”, esan digu. Baina batzuek ideiak oso argi dituzte, eta euren borrokan edo kausan jarraituko dute beti, moda izan edo ez izan.

Lagundu nahi duen pertsonak hainbat alor ditu horretarak; bakoitzak bere lekua topatu behar du.

Boluntariotzan alor batzuk besteak baino erakargarriagoak iruditzen zaizkigula esan digu Mirenek: “Bakardade egoeran dauden adinekoei edo gaixotasun mentala duten pertsonei gutxiago laguntzen diegu. Txanponaren beste aldean, berriz, ‘minik gabeko errealitatea’ dago. Zer den hori? Errealitatea berehalakoan aldatuko duen zerbait egitea, adibidez, jangela batean etxerik gabeei janaria banatzea”.


Eta zu, boluntarioa zara? Edo izatea gustatuko litzaizuke? Zein da zure kausa eta zergatik? Zure ustez, guztiok gara solidarioak?

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Boluntarioak zein izaten dira?
Boluntario izateko bi gauza behar izaten dira: boluntario izan nahi izatea eta denbora izatea. Orduan, denbora izaten dutenak eta gehienak, nik uste dut boluntario egonkorrenak direla normalean prejubilatuak (aldez aurretik erretiratu direnak), jubilatuak (erretiratuak), ba bueno, etxekoandreak… Nik uste dut horiek direla egonkorrenak, eta nik uste dut elkarteetan preziatuenak horiek izaten dira (direla), zeren azkenean, beraiek nolabait beraien bizitza antolatua dute eta egonkortasun hori  bermatu dezakete era errazagoan. Gero, jende gaztea ere asko da, nik uste dut azkenean bizitzan esperientziak jasotzeko, ikasteko, gauza ezberdinak probatzeko, nik uste dut jende gaztea ere asko dela boluntariotzara hurbiltzen dena. Gertatzen dena da nik uste dut hauen egonkortasuna pixka bat konplikatuagoa izaten dela, ez?
2. Zein bilakaera izan du boluntariotzak?
Garai batean, esaten zen boluntariotzan hasten zen pertsona bat (batek) 10-15 urte irauten zituela elkarte batean, ez? Nik uste dut gaur egun, gaur egun, hori konplikatua da. Nik uste dut ez lehengoak hobeak zirelako edo okerragoak zirelako. Azkenean, nik uste dut gaur egun egonkortasuna ez daukagula ez mundu afektiboan, ez laboralean, ez? Orduan, nik uste konplikatuagoa dela hor egonkortasuna bermatzea.
3. Orain zertan lagundu nahi du jendeak? Modak daude?
Nik uste dut azkenean, ikusten dugunaren arabera mugitzen garela, ez? Orain de repente (bat-batean) errefuxiatuen krisia dago eta esaten duzu: “Jo ba zerbait egin behar da!” Eta orduan, ba bai, mugitzen da. Hurrengoan beste zerbait ikusten baldin badugu…  Azkenean ikusten ditugun arazoen aurrean erantzuna emango dugu, orduan, bai momentu honetan nik uste dut errefuxiatuen historia dela igual gehien mugiarazten duena jendea. Nik uste dut krisialdia hasi zenean, eta hor jende pila bat langabezian gelditu zenean, hor jangelak eta elikagaien bankuak jarri ziren modan, bai, bai, pixka bat nik uste dut denok horrela funtzionatzen dugula, ez? Hombre, denok… Beti egongo da jendea argi dituena bere lehentasunak, bere kausak, bere borrokak… Ez? Orduan, horiek jarraituko dute baina bestela, bai.
4. Zer esango zenioke boluntario izan nahi duenari?
Nik uste dut boluntario izateko kuriositate minimo bat baldin badauka, pausoa emateko. Bilatzeko bere kausa edo bere espazioa, zertara bideratu nahi dituen bere esfortzu edo bere indarrak eta ez pentsatzeko. Bueno, neurtzeko zein denbora eskaini dezakeen ez? Pixka bat hori pentsatu zer arlotan, zenbat denbora, eta inguruan elkarteren bat, bere auzoan, bere herrian elkarteren bat baldin badauka hurbiltzeko eta galdetzeko. Eta bestela guk prozesu horretan lagundu diezaiokegu.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Jul 10, 2017
Number: 13852422
Duration: 00:03:42
Number of visits: 4755